“Etorkizunean balio handiagoa emango diogu proiektuari”

“Etorkizunean balio handiagoa emango diogu proiektuari”

Aitziber Arzallus

Lanez gainezka, inora iritsi ezinik dabil Pablo Berastegi Donostia 2016 proiektuaren zuzendaria (Iruñea, 1968). Denek nahi dute harekin hitz egiteko aukera izan, eta ordu erdira mugatu du elkarrizketa bakoitzaren iraupena. Hau bukatzean, borda batera joango da, lau egunez atseden hartzera.

Zer sentitzen duzu egunotan? Zerk kezkatzen zaitu gehien?

Urte guztia irauteko gai izateak kezkatzen nau, indarrak behar bezala neurtzen jakiteak. Hiriburutzaren atarian, ilusioz gainezka gaude. Lan asko egin dugu orain arte, baina hemendik aurrera ere hala egin beharko dugu, eta, horretarako, gure energia eta denbora egoki dosifikatu beharko ditugu. Kezkatzen nauen beste kontua eguraldia da, zer egingo duen inaugurazio egunean; abenduan egin ez duen euri guztia orain egiten badu, ekitaldiaren ikusgarritasunari eragin diezaioke eta.

Nola prestatu duzue hasiera?

Proiektu guztia bezala, eragile publiko eta pribatuekin elkarlanean. Gogoeta sakona egin dugu ekitaldian presente egon beharreko kontzeptuen inguruan, eta oinarri intelektual ahaltsu hori erabili dugu ikuskizuna garatzeko.

Denbora asko al daramazue inaugurazioa prestatzen?

Iragan urte guztia, hainbat lantaldetan banatuta. Modu parte hartzailean lan egite hori motelagoa izaten da gehienetan, baina egiten ari garen horri sakontasun handiagoa ematen dio. Denboraz ondo gabiltza; beraz, orain geratzen zaigun bakarra elementu guztiak behar duten lekuan eta unean egotea da, eta eguraldiak errespeta gaitzala.

Hansel Cerezari eskatu diozue ikuskizuna diseinatzeko. Zergatik jo duzue harengana? Zergatik ez duzu bertako talentua baliatu nahi izan?

Erabaki genuen hori zela bermerik handiena ematen zigun aukera, oso ikuskizun konplexua baita, kontzeptu asko biltzen dituena, ikusgarritasun ikaragarria izan behar duena, Europako telebistek eman dezaten eta ahalik eta jende gehienarengana irits dadin. Asko dugu jokoan, lehen irudia emateko aukera bakarra egoten baita. Gainera, bagenekien Hansel Cereza aurretik lanean jarduna zela Oreka TX taldearekin, Herritmo izeneko ikuskizun arrakastatsuan, eta bazuela hemengo tradizio eta ohituren berri. Horregatik, ez zitzaigun iruditzen ikuskizunaren ardura erabat kanpokoa den norbaiti ematen ari ginenik.

Zenbateko aurrekontua du ikuskizunak?

Handia, 660.000 euro, programako ekitaldi garrantzitsuenetakoa baita.

Ezer aurreratzerik bai?

Ekitaldia urtarrilaren 23an izango da, 20:00etan, Urumea ibaiaren inguruan, Maria Kristina zubian. Hiriburutza proiektuan behin baino gehiagotan egin dugun moduan, zubiaren metafora erabiliko dugu, bi ertzetan dagoen jendea elkartzeko elementu gisa. Ekitaldira joaten diren herritar guztiek zubi bat osatzea da ideia, elkar hobeto ulertzea ahalbidetuko digun zubi bat.

Donostia 2016 proiektua garatzeko bidean zela hartu zenuen zuzendari kargua. Gustura zaude eginiko lanarekin? Zuk amestuko zenukeen proiektua da?

Egindako lanarekin gustura nago, bai. Baina ni hona ez ninduten gonbidatu proiektu bat amestera, proiektua ordurako amestuta baitzegoen, proposamena idatzita eta sarituta. Eta proiektuan sinesten nuelako hartu nuen kargua.

Azken proiektuak hasierakoaren muinari eusten al dio?

Baietz uste dugu. Proiektuaren garapen guztia Bruselak izendatutako batzorde batek ikuskatu du, horixe bera ziurtatzeko. Bidean zenbait ebaluazio gainditu behar izan ditugu, eta azalpenak eman behar izan dizkiogu batzorde horri. Idatzi zenetik exekutatzen den arte denbora asko pasatu denez, normala da eboluzio bat egotea, bost urteotan asko aldatu baitira gizartearen egoera eta testuinguru ekonomikoa. Egoerara egokitzen jakin duen proiektu bat dela uste dugu, baina idatzitako hura errespetatuz eta dagokion balioa emanaz. Horrela ikusten dugu guk, eta espero dut, 2016a aurrera doan heinean, hala ikusiko dutela proiektuan gure aurretik lan egin zutenek ere.

Bost urtean ia erdira jaitsi da hiriburutza proiektuaren aurrekontua: hasieran, ia 90 milioi euro zen; orain, 50 milioi euro. Dagoeneko ziurtatu duzue kopuru hori, edo babesle bila jarraitzen duzue?

Lanean jarraitzen dugu. Gure aurrekontua 2018ra artekoa da, hau da, 50 milioi euro baino zertxobait gutxiago ditugula 2012tik 2018ra artean gastatzeko. Zatirik handiena aurten gastatuko dugu, baina datozen bi urteetarako ere badugu aurrekontua. Jarritako helburua ez dugu bete oraindik, baina oso gutxi falta zaigu, eta uste dugu 2016a garai egokia izan daitekeela zenbait enpresa edo marka jarduera jakin batzuei lotzeko. Diru kontuetan oso zuhurrak izaten ari gara, ez gastatzeko ziurtatuta daukaguna baino diru gehiago. Ez genuke zorrik utzi nahi.

Batzuetan, donostiarrentzat kezka iturri izan da proiektua. Inagurazioaren atarian, ba al dute kultur hiriburu izateko ilusiorik?

Gero eta gehiago, uste dut. Hasieran, saria jasotzean, euforia bolada bat izaten dute herritarrek; gero, gutxitu egiten da ilusio hori; eta inauguratzen denean, berriz handitu. Joera hori ohikoa da, Europan kultur hiriburu izan diren gainontzeko hirietan ere halaxe gertatu izan da. Horregatik da horren garrantzitsua inaugurazioa, zalantzati daudenak proiektuari lotzeko balio duelako.

Ni lantaldera sartu nintzenean, “iritsiko ote gara?” galdetzen zuten denek. Proiektua garatzeko nahikoa denbora ez izatea eta barregarri geratzea zen kezka nagusia. Orain inork ez du hori galdetzen: orain eztabaidaren beste puntu batean gaude. Bati gehiago gusta dakioke, eta besteari gutxiago, baina hori normala eta sanoa da, esan nahi baitu gai izan garela desadostasunak gainditu, elkar ulertu eta proiektua elkarlanean garatzeko. Iritzi desberdinak egotea ona da, horrek datozen hamabi hilabeteetan zertaz hitz egina emango baitigu.

Proiektuaren aldekoak daude, kontrakoak daude, eta bost axola zaienak daude. Denak konbentzitzea lortuko al duzue?

Ez dakit hori posible den, ezta desiragarria eta komenigarria ote den ere. Gehien kezkatzen nautenak bost axola zaien horiek dira. Kritikoena oso jarrera errespetagarria iruditzen zait, proiektuaren inguruan eztabaidatzea ona delako. Beste horien jarrerak, ordea, pena ematen dit, proiektua zer den ezagutzeko ahaleginik ez dutelako egin. Eta horiengana bai, nahi nuke horiengana iristea, aldeko edo kritiko izan daitezen.

Kultura elkarrekin bizitzeko tresna gisa definitzen du Donostia 2016 proiektuak. Hori ez al doa Kortxoenearen eraistearen kontra? Zer iritzi duzu zuk?

Pena handia eman zidan, batez ere moduak. Nik sinisten dut kultur eredu alternatibo horretan. Goraipagarria iruditzen zait gizarte zibila antolatzea, baita erakundeetatik kanpo ere, erakundeekin kritiko izanda ere. Baina Kortxoenearen auzian, badaude beste gauza batzuk tartean, jabetza pribatua babesten duten eskubideak, kasurako. Horregatik diot penarik handiena moduak eman zidala, gauzak beste era batera egin zitezkeelako. Espero dut Kortxoeneako energia hura guztia ez galtzea eta beste leku batean baliatu ahal izatea. Aukera egon izan balitz, Donostia 2016k ez zukeen inolako arazorik izango Kortxoenearekin elkarlanean aritzeko, eta guk zerbaitetan lagun bagenezake, gustura egingo genuke.

Egitarau zabala aurkeztu duzue dagoeneko. Baina hori da dena edo izango da ezustekorik?

Elkarrekin bizitzeko kultura-ri dagokion programazio gehiena aurkeztu dugu, baina Elkarrizketak eta Energia olatuak oraindik ez ditugu azaldu. Inaugurazioaren ostean aurkeztuko ditugu Elkarrizketak, lurraldeko gainerako eragileekin batera garatzen ari garen jarduerak eta proiektuak. Energia olatuak, berriz, une jakin bateko ekintzak direnez, pixkanaka aurkeztuko ditugu. Herritarrentzat ezuste atseginak egongo dira deialdi horien artean.

Zergatik dosifikatzen duzue horrenbeste informazioa?

Urtebetean tentsio informatiboari eustea ez delako erraza; erronka bat da. Batzuetan, ezin dugu informazio gehiago eman, oraindik xehetasunak lotu gabe ditugulako; besteetan, Europak emandako aholkuei jarraituz, egokiago ikusten dugu pixkanaka ematea. Informazio guzti-guztia aldi berean emateak jendea saturatu egin dezake; aldiz, dosifikatuta emateak, katigatu, aldioro informazio berria jasotzea gogo-pizgarri delako.

Horrek berak herritarrengan ziurgabetasuna eragin du zenbaitetan…

Bai, jabetzen gara horretaz. Zinemaldiaren kasuan, adibidez, inork ez du presarik jakiteko norentzat izango den aurtengo Donostia saria. Denek dakite egoki aukeratuko dutela eta maiatzean edo ekainean aurkeztuko dutela. Urtero horrela izaten da, eta jendea lasai dago. Gugan, ordea, ez dute konfiantzarik, aurreko esperientziarik ez dagoelako eta ondorengorik ere egongo ez delako. Horregatik, askotan ez da erraza komunikazioan asmatzea.

Egitaraua eskuetan, zer aholku emango zenieke herritarrei?

Kuriosoak izan daitezela eta ausar daitezela beti egiten dutenetik aparteko zerbait probatzera, parte hartze aktiboa eskatzen duen ekinaldietan gauza interesgarriak aurki batitzakete. [Jose Luis] Rebordinosek Zinemaldiaz esaten duen moduan, gure egitarauan herritar bakoitzak aurki dezake bere jarduera.

Europan proiektua aurkezteko bira egin duzue azken asteotan. Zer moduz hartu zaituztete?

Oso ondo. Gure proiektuaren oinarriak jendeak ulertzen ditu, eta egitarauaren inguruan interesa sortzen zaie. Lan pedagogiko hori egitea eskatzen duen proiektua da gurea. Horretan bereizten da orain arteko kultur hiriburutzetatik, edo agian ez dugu jakin haien benetako funtsa ulertzen eta antzeko gauzak egin dituzte eta guk ez ditugu ikusi. Baina gure irudipena da gurea proiektu berezia dela eta azaltzeko eta ulertzeko denbora behar dela.

Jarduerak eta egitasmoak martxan daudela, askoz errazago ikusi eta ulertuko da zergatik egin ditugun gauzak era batera edo bestera. Eta hiriburutzaren urtea pasatuta, atzera begiratu eta jabetuko gara egitasmo batek uste genuen baino interes handiagoa zuela, edo gauza bat bestearen emaitza izan dela. Gure proiektua zailagoa da etorkizunera saltzea, eta, aldiz, orain baino askoz balio handiagoa emango diogu atzera begira jarrita baloratzen dugunean, gauza garrantzitsuak lortu ditugula ikusten dugunean.

Asko hitz egiten duzue proiektuaren ekarpenaz, utziko duen arrastoaz. Zer ekarpen egitea espero duzue?

Ekarpen asko egingo ditu proiektuak. Azpiegiturei dagokienez, guk ez dugu ezer eraiki, baina bada hirian gure proiektuarekin paraleloki berreraiki duten eraikin bat: Tabakalera. Eta, etorkizunera begira, guretzat oso garrantzitsua izango da gune hori, arte garaikideari lotutako lan ildo eta jardueren oinordetzak han utziko ditugulako aurrerantzean lantzen jarraitzeko. Horregatik, gu ere ari gara ahaleginetan Tabakalerak sustrai sendoak jartzeko eta nazioartean lekua egiteko.

Bestelako ekarpenak ere egingo ditugu. Fundazioaren barruan gauden erakundeetako askok hausnarketa egin behar izan dugu, eta aldaketak egin ditugu 2016an egoki funtzionatzeko. Donostiako Udalak, esaterako, barne antolamendua berriz pentsatu behar izan du, aurten herritarrei zerbitzu hobea emateko. Kulturaren esparruan, berriz, elkarlanean aritzeko sareak sortu ditugu —Donostiako museoen sarea, kasurako—; hemengo artistak nazioartekoekin harremanetan jarri ditugu, eta hemengo jaialdiak nazioarteko beste jaialdi batzuekin. Harreman horiek emaitza interesgarriak ekar ditzakete. Hiriburutzaren harira sortutako beste hainbat egitasmo, berriz, dagoeneko egonkortu dira hiriko kultur agendan. Olatu Talkak zazpigarren ekitaldia izango du aurtengoa, eta etorkizunean ere jarraipena izango duela uste dugu.

Beraz, ekarpena maila eta esparru askotan egingo du Donostia 2016k. Kasu batzuetan, egindakoaren ardura guztia ez da gurea izango, baina zerikusia izango dugu; beste batzuetan, guk eginiko ekarpena izango da oso-osorik. Hori guztia zehatz-mehatz neurtzea oso zaila izango da.

Noiz eta nola egingo dituzue neurketa horiek?

Donostia 2016ren eragina hobeto neurtu ahal izango da urte batzuk pasatuta. Proiektuaren benetako helburua giza eskubideak gehiago errespetatzen dituen gizarte bat, gizarte solidarioago bat egitea da, eta aldaketa horri ez dugu egun batetik bestera antzemango. Baina Europaren aldetik betebeharra daukagu zenbait emaitza datorren urtean neurtzeko: 2015etik 2017ra kultur kontsumoak duen bilakaera, herritarrek kulturan duten interesa hazten den edo ez jakiteko… eta talde bat horretan ariko da. Bestelako ekarpena neurtzeko, gerora begira neurketak ahalik eta modu zuzenenean egingo direla bermatuko digun bazkide bat bilatu beharko dugu, gu ez garelako egongo.

Leave a Reply

Your email address will not be published.