“Magian, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa”

“Magian, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa”

Loinaz Agirre

Ikasketaz ikus-entzunezko komunikazioa ikasia bada ere, urte eta lau hilabete daramatza Imanol Ituiñok (Bilbo, 1989) magiatik bizitzen. “Ez da izan lortzen saiatu naizen gauza bat: etorri egin da”.

Zinema, matematika eta magia uztartuko dituzu gaur, Beasaingo saioan. Zer lotura dute hiru arloek elkarrekin?

Lotura zuzena dago magiaren eta zinemaren artean; biak artea dira, nolabait biek engainatzen gaituztelako. Nola sartzen da matematika nahaste horretan? Nolabait, matematikak ere garrantzi handia du magiaren barnean, trikimailuan, jendeak ikusten ez duen horretan. Hau da, truko askotan, matematika da trikimailuaren tranparen funtsa. Nahiz eta matematika agerian ez egon, magian ere garrantzi handia du. Hiru arloak uztartuz, matematikatik magiara eta matematikatik zinemara joango naiz halako collage bat eginez, euren arteko harremanak azalduz eta hainbat adibide jarriz.

Matematika sufrimenduarekin lotu izan da sarritan. Zuk, berriz, zenbakiekin tarte atsegina pasatzeko aukera emango duzu, magia lagun duzula.

Askotan, matematikari beldurra izaten diogu zaila delakoan, oso abstraktua delakoan… Baina matematika oso polita ere izan liteke. Matematikak izan duen arazoa da oso gaizki azaldu dela, baina matematika ez da hori. Nik uste dut magia badela tresna bat matematika atseginagoa egiteko.

Ohiko saioetan matematika erabiltzen duzu?

Magiaren sekretuan matematika printzipio bat badago, eta horrek lagundu egiten du trikimailua ateratzen. Adibidez, nik astero badut tartetxo bat Euskadi Irratiko Faktoria saioan, eta magia irratitik egiten dut. Mikrofonoaren bidez esaten dut zer egin, eta etxean entzuleek pausoei jarraitzen diete, eta magia ateratzen zaie. Nik hor eskuko tranpak ezin ditut egin, ezin naizelako Olentzero bezala etxe guztietara tximiniatik sartu, tranpak egiteko. Orduan, askotan, matematika printzipioez baliatuta lor dezaket magia gertatzea. Beasainen saiatuko naiz, guztiok batera, ikusle guztiek magia egin dezaten.

Noiztik zabiltza magiaren munduan?

Nik beti gogoratu izan dut neure burua kartekin. Gustatu beti egin zait, baina serio orain dela hiruzpalau urte hartu nuen.

Non ikasten da magia?

Nik neure kabuz ikasi dut. Guztiok eduki dugun Magia Borras kutxa neukan txikia nintzenean. Gero, hainbat liburu oparitu zizkidaten. Ez ziren profesionalen sekretuak, baina serioagoak ziren. Magoen elkarteak ere badaude. Ez da ikasteko toki bat, baina asko ikasten duzu besteak ikusiz. Sekretuak kontatzen dizkiogu elkarri talde horretan. Kongresuak, topaketak-eta badaude. Gasteizen oso topaketa garrantzitsua dago.

Sariak irabazi dituzu. Bidea irekitzeko baliagarriak izango dira.

Bai, 2014an bigarren saria irabazi nuen Caceresko [Espainia] topaketa nazionalean. Egin den azken txapelketan, bigarren saria lortu nuen. Saria ondo dago, komunikabideetan elkarrizketak-eta egiten dituztelako, baina bizitza errealean ez dakit askorako balio duen. Garrantzitsuena da jendearen aurrean egunero-egunero ahal duzun guztia ematea. Sari bat eduki eta jendea aspertzen baduzu, ez du ezertarako balio.

Trikimailua gauza bat da, baina ikuskizunak edo antzezlanak ere garrantzi handia izaten du.

Bai, erabat. Zer egiten duzun baino garrantzitsuagoa da nola egiten duzun. Trikimailu bera bi magok egin dezakete, eta batek oso ondo eginda jendea txunditu dezake, eta beste batek, berriz, jendea asperrarazi, ez duelako istorio polit bat kontatu edo ez duelako ondo egin.

Magoak beltzez jantzita, serio itxurarekin azaltzen dira.

Askotan, fraka jantzita irudikatzen dugu magoa, elegante, tipo altua, serioa, biboteduna… Ni baxua naiz, ez daukat biboterik, frakik ere ez daukat… Ez naiz elegantea: aurrekontu baxuko magoa naiz. Nik uste magoaren irudi hori [Juan] Tamarizek hautsi zuela pixka bat: tipo itsusia, bromak egiten zituena; oihukatu egiten zuen, eta txaleko itsusi bat zeraman… Estereotipo hori bukatu zuen. Berak nahita egin zuen, magia modernizatzeko edo beste aukera bat bazegoela aldarrikatzeko.

Saio asko izaten dituzu?

Nik uste dut orain magia modan dagoela. Telebistan magia jartzen dute, eta guri ondo datorkigu, modan jartzen bada gehiago kontratatzen gaituztelako. Badago arazotxo bat: normalean, magia umeentzat dela pentsatzea. Nik ez dut uste hala denik: umeek ikus dezakete, baina nik uste dut magia helduentzat dela. Magiak, nolabait, logikotasuna apurtzen du, edo ezin dena egin eginarazten du. Fundamentu logikoak gero eta landuagoak izan, orduan eta gehiago harritzen zaitu. Nik uste dut helduek asko gozatzen dutela magiarekin, baina askotan helduei lotsa ematen die magia saio bat ikustera joateak. “Tipo horrek engainatu egingo nau”, pentsatzen da askotan. Gu ez goaz inor engainatzera: ondo pasarazi nahi dugu, eta jendea harritu nahi dugu, gozaraziz.

Ikuslea trikimailuaren sekretua aurkitzen saiatzen da askotan…

Batzuek magia erronkatzat hartzen dute, baina nik uste dut hori ez dela gozatzeko aukerarik onena. Bakoitzak nahi duena egin dezake, baina nik uste dut norberak hobeto pasatuko duela bere harridura ateratzen uzten badu. Nire helburua ez da inor engainatzea edo tonto gisa uztea; hori nahiko banu, politikaria-edo izango nintzateke. Nire asmoa jendeak ondo pasatzea da, harritzea, txunditzea.

Trukoak asmatu egiten dituzue, idatzita daude… Nola sortzen duzue truko bat?

Sekretuak idatzita dauden magia liburuak badaude, baina, normalean, bakoitzak baditu bere egiteko moduak. Nolabaiteko ideia batzuetan oinarritzen gara; oso zaila da hutsetik zerbait asmatzea, oso mago gutxik egiten dute. Sekretu bat hartuta beste trikimailu bat egiten dugu askotan; sekretu berarekin gauza asko egin ahal baitira.

Zein materialekin aritzen zara?

Kartak elementu unibertsalak dira. Ni aurrekontu baxuko magoa naizenez, ez daukat elefanterik eta usorik. Elementu txikiekin aritzen naiz ni: kubileteak, sokak, bolak, dadoak…

Euskaraz ere aritzen zara.

Euskaraz eta gazteleraz. Londresen ere egin nuen saio bat, eta han, badaezpada ere, hitzik gabe.

Euskal Herrian mago asko zaudete?

Magia profesionalki egiten dugunak bost bat gara. Elkar ezagutzen dugu, eta lagunak gara. Gure artean lehia sanoa dagoela esango nuke. Kidetasun handia dago.

Zein trikimailu gustatzen zaizu gehien?

Nik badaukat niretzako politena den trikimailu bat; bukaerarako uzten dut beti normalean: hiru kubileterekin eta bolatxoekin egiten dudana. Baina niretzat politena da jendeak beste trikimailu bat ere gustatu zaiola esatea. Bakoitzak bere gustuak ditu, eta hori ere polita da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.