Urtarril amaieran, Jazzaldiko egitarauaren aurrerapen bat

Jazzaldiaren antolaketa ez da astebeteko kontua. Urte osoa daramate 51. aldirako prestaketa lanetan, eta pixkanaka ari dira jaialdiaren piezak osatzen. Musika eskaintzari dagokionez, urtarril bukaerarako aurrerapen bat eman ahal izatea espero du antolakuntzak, eta martxorako prest eduki nahi dute behin betiko egitaraua.

Jazzaldiaren irudia izango denarekin ari dira orain lanean. Atzo arratsaldean bukatu zen kartela aurkezteko epea, eta lanak aukeratzeko prozesuari ekingo diote datozen egunetan. Urtarrilaren 21eko 11:00etatik otsailaren 10eko 17:00ak arte, herritarrek botoa eman ahal izango dute www.posterheinekenjazzaldia.com webgunean. Finalistak hautatzeko bozketan parte hartzen dutenen artean, Trinitate plazarako bi abonu zozkatuko dituzte.

Irabazlea hautatzeko, lehenik jendearen boto gehien jasotako hamar hautagaiak aukeratuko dituzte, eta beste hamar kartel Heineken Españak hautatuko ditu, Jazzaldiarekin batera. Epaimahai batek hartuko du azken erabakia. Hainbat arlotako kideak bilduko ditu epaimahaiak, eta haiekin batera izango dira Jazzaldiko antolakuntzako bi kide eta Heineken etxearen bi ordezkari. 1.200 euro jasoko ditu saridunak. Iaz, Alfredo Leon diseinatzaileak ondu zuen Jazzaldiaren irudi nagusia. Hark sortutako Akordea lanak irabazi zuen kartel lehiaketa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.