“Itsasoak askatasuna ematen dizu, urak inguratuta egon arren”

“Itsasoak askatasuna ematen dizu, urak inguratuta egon arren”

Eider Goenaga

Itsasontzian lanean ibiltzen da goizetan Eneko Etxegoien (Getaria, 1981). “Familiako ontzia izanda, tripulazioko beste kideak oporretan dira, baina guri lan egitea tokatzen zaigu. Goizero aritzen gara bertan, mantentze lanetan eta”, azaldu du. Gaztea izan arren, Mater-Bi arrantzontziko patroia da iaztik. “Osaba izan da patroia iazko uda bitartean, eta udazkenean atera nintzen itsasora, lehen aldiz, ni bakarrik patroi lanetan jarrita”. Erretiroa hartua du osabak, eta baita aitak eta haren beste anaiak ere. “Hirurena da itsasontzia, eta orain, haiek erretiratuta, ni gelditu naiz patroi”.

Gustura dago bere lanarekin Etxegoien; ez du bere burua tailer batean zortzi orduz lanean ikusten. “Tailer batean itxita eta beti lan bera egiten, ez nintzateke gustura egongo; itsasoak askatasuna ematen dizu, urak inguratuta egon arren, inora joan ezin zaren arren. Askatasun sentsazioa ematen dit niri”. Familia arrantza mundutik etorrita, pentsa liteke halabeharrez bukatu duela ofizio horretan, baina ez da horrela. “Mekanika eta elektrizitate ikasketak egin nituen, eta sei hilabetez aritu nintzen horretan, baina gero itsasoan hasi nintzen aitarekin, eta horretan jarraitzen dut. Nire aukera izan zen; ez naiz inoiz behartuta sentitu”. 2005ean hautatu zuen bizibidea itsasotik ateratzea, eta patroi izateko ikasketak egin zituen Pasaian.

Arrantzaleena “lanbide gogorra” dela azaldu du Etxegoienek. “Baina ez lana bera gogorra delako, asko erraztu baita arrantzaleen lana azken urteetan, itsasora atera eta denbora luzez etxetik kanpo ibiltzen garelako baizik”. Bi aro bereizten ditu euren jardunean. “Martxoan hasiko gara berriro itsasora ateratzen. Berdeletara. Baina irteera motzak izaten dira. Iluntzean atera, gaua arrantzan pasatu, eta gero etxera itzultzen gara. Berdela, antxoa eta sardina hemen gertu arrantzatzen ditugu, eta horrela aritzen gara”. Antxoatara irteten direnean, batzuetan bi egun ere egin dituzte itzuli gabe: “Antxoa bilatu ezinda ibili garelako, edo antxoa multzo handia topatu dugulako”. Baina, normalean, egun batekoa edo gau batekoa izaten da irteera. Ekaina-uztaila bitarte aritzen dira horrela.

Hegaluzearen kanpaina hasten da ondoren, urria bitartean. Irteera luzeagoak izaten dira horiek. “Atlantikora joaten gara, edo Irlanda aldera. Hegaluzea non dagoen, gertuago edo urrunago egiten dugu bidaia, baina normalean 15-20 eguneko bidaiak izaten dira”. Ez dituzte hogei egunak arrantzan igarotzen. Lehenik, beita prestatu behar da, beita bizia; gero, hegaluzea non dabilen bilatu behar dute; eta, ondoren, arrantzari ekin. “Sonarrarekin topatzen ditugu arrain bankuak; horrek asko erraztu du gure lana. Lehen, denbora askoz gehiago pasatzen zuten arraina bilatzen; orain, ahalegin hori errazagoa da. Hori bai, lehen arrain gehiago zegoen, bai kopurutan eta bai espezieetan”.

Argia den bitartean

Hegaluzea kanaberarekin arrantzatzen dute. “Arrain multzoa topatzen dugunean beita askatzen hasten gara, eta kanabera bakoitzean ere jartzen dugu amua beitarekin. Pertsona bat beitarekin ibiltzen da, eta gainerakoak, kanaberarekin”. Berdelaren kanpaina gauez bada, egunez egiten dute hegaluzetan. “Argitzen duenetik iluntzen duen arte. Argia hamalau orduz badago, gure lanak hamalau ordu irauten du”. 20-30 tona inguru arrantzatzen dituzte irteera bakoitzean. “Hamabost egun baino lehen arrantzatzen baditugu 30 tona horiek, itzuli egiten gara; arraina deskargatu, etxekoak agurtu eta 30 orduren buruan, berriro itsasora”.

Hegaluzearen kanpaina amaituta, abendura bitartean jarraitzen du lanean Mater-Bi ontziko tripulazioak. Sardinetan berriro. Hamasei tripulaziokide dira, eta gehienak oporretan dira orain. “Ondo merezitakoak”.

Aita eta osaba arrantzan hasi zirenetik, eta are gehiago aitonaren garaitik, gauzak asko aldatu direla dio Etxegoienek. Lanabesak, makinak eta teknologia, denak arrantzaren mesederako izan direla nabarmendu du. “Ez du zerikusirik arrainak sonarrarekin bilatzeak, edo begi bistaz topatu behar izateak; itsasoan hegaluzeek noiz salto egingo zain egoten ziren lehen”. Etxekoekin kontaktua izatea ere asko erraztu du. “Lehen, 15-20 egunean ez zuten itsasora ateratakoen berririk izaten; orain, satelite bidez komunikazioa badago, eta tarteka etxekoekin hitz egiten dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.