Bi munduren topagune

A. Arzallus

Euskal Herriak Tabakalera bezalako gune bat aspalditik behar zuela, hala uste dute Gema Intxausti (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1966) eta Miren Arenzana (Bilbo, 1965) artistek. “Museoak eta galeriak egon badaude, baina desantolatuta, unean uneko gauzak egiten dituztenak. Tabakaleratik, berriz, arteari lotutako hainbat esparrutako gauza asko koordinatzen eta kudeatzen dira”, Arenzanaren esanetan. Museoak eta arte galeriak “balio segurura” doazela dio, arrakasta ziurtatua duten erakusketa eta obretara; aldiz, Tabakaleraren filosofia bestelakoa delakoan dago, unean-unean egiten ari dena erakutsi nahi duela eta sorkuntza bultzatu nahi duela. “Horregatik uste dut beharrezkoa zela horrelako gune bat, besterik ez dagoelako”.

Tabakalerak eta artearen sorkuntza, hezkuntza eta industria bultzatzen duten bestelako espazioek herritarrei zein artistei ekarpen handia egin diezaieketela pentsatzen du Intxaustik. “Artea eta artistak herritarren egunerokotasunaren parte izan daitezen lagun dezakete, eta baita alderantziz ere: bi aldeen arteko elkarlana egon dadila, errutinaz topo egin dezagula, eta harreman horrek funtziona dezala”. Bat dator Arenzana ere. “Tabakalera ez da museo bat bezain eraikin sakralizatua, herritarrengandik askoz gertuago dagoen proiektu bat da, eta hezkuntza lan bat egin dezake, artea eta artistak eta herritarrak elkarrengana gerturatzeko, kultura bat eta ohitura bat sortzeko, herritarrei askoz errazagoa egingo zaielako Tabakalerara joatea museo batera baino”.

Horrek, nahi gabe ere, herritarrak artean zaletzea ekar dezakeela uste du, haiei interesa eta jakin-mina piztea. “Oso interesgarria litzateke hori, alegia, herritarrek hezkuntza hori berenganatzea, orduan ulertuko baitute lan bat ezin dezaketela epaitu haren inguruko jakintzarik izan gabe”. Arenzanaren irudiko herritar askok “azkarregi eta arinkeriaz” epaitzen baitute artisten jarduna, “hori nik ere egin nezake” gisako esaldiekin.

Badakite zertaz ari diren Intxaustik eta Arenzanak, biak ala biak ere 25etik gora urteko ibilbidea duten artistak baitira. Elkarrekin egin zituzten ikasketak EHUko Arte Ederren Fakultatean, 1980ko urteetan, eta, orduz geroztik bakoitzak bere bidea egin duen arren, Tabakalerak berriz elkarrekin lan egiteko aukera eman die. Baina ez Intxaustiri eta Arenzanari bakarrik, baita Iñaki Imazi, Idoia Montoni eta Alberto Perali ere, guztiak belaunaldi bereko artistak eta harrobi beretik irtendakoak. Urtarrilaren 15etik apirilaren 3ra bitarte Tabakaleran ikusgai dagoen Arenzana Imaz Intxausti Monton Peral erakusketaren sortzaileak dira.

Beatriz Hernaez eta Peio Agirre komisarioek duela urtebete inguru deitu zieten taldeko erakusketa batean parte hartzeko gonbita egiteko. Azken 25 urteotan bakoitzak egindako lana berrikusi eta berreskuratzea proposatu zieten. “Gure belaunaldiari hemengo mapa artistikoan berriz kokatzeko aukera eman dio erakusketa honek”, Arenzanaren hitzetan. Fakultatetik irten zirenean, Euskal Herrian modurik ez eta gehienek kanpora joan behar izan zutelako lan egitera.

Erakusketak bi zati ditu: alde batetik, euren ibilbidearen adierazgarri diren lanak biltzen ditu, jada eginak zituztenak; eta bestetik, lan berriak, erakusketa honetarako propio sortu dituztenak. Intxausti “oso pozik” dago emaitzarekin: “Ederra da nire obra Iñaki, Idoia, Miren eta Albertoren lanekin batera ikustea, eta elkarren artean ondo funtzionatzen dute, gainera”.

Erakusketak bere ibilbidearen inguruan hausnarketa egiteko balio izan diola dio, piezak berreskuratu, atzera begiratu eta urteotan guztiotan zer pasatu den gogora ekartzeko eta ikusteko. “Neure buruari galdera berriak egiteko aukera eman dit horrek, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, esate baterako. Zer gauza eta zer ideia geratu zaizkidan denboran katigatuta eta zeintzuk egin duten aurrera”.

Oso esperientzia “intentsoa eta lotua” izan dela azaldu du Arenzanak ere, eta emaitzarekin “oso gustura” dago. Baina, emaitzaz gain, prozesua nabarmendu du, Tabakalerak emandako tratuagatik. “25 urtean era guztietako leku eta baldintzetan lan egitea egokitu zait, baina Tabakalera bezalako toki gutxi ezagutu dut. Hasieratik oso errespetatuta sentitu naiz, eta ordaindu ere, ondoen ordaindu diguten lekuetako bat izan da, askotan hutsaren truke lan egin behar izaten baitugu”. Eraikinean bertan lan egiteko aukera eman izana eskertu du, erakusketa prestatzen ari ziren bitartean Tabakalera zaharberritzeko lanak martxan zirelako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.