Eginez ikasten delako

Eginez ikasten delako

Aitziber Arzallus

Atzo bost hilabete zabaldu zituen ateak Tabakalera Donostiako Arte Garaikidearen Nazioarteko Zentroak. Hamar urtetik gorako prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean, etapa berria “ilusioz eta arduraz” hasi zuten Ane Rodriguez zentroko kultura zuzendariak eta haren lankideek. Ilusioz, hasiera berri bat zelako; arduraz, herritarrek proiektuari zer harrera egingo zioten ikusteko zegoelako, “kezka handia baitzuten, Tabakalera denontzako izango ote zen edo ez galdetzen zutelako”. Bost hilabete geroago, herritarren jarrera ona nabarmendu du Rodriguezek, “jakin-min handiz jokatu dutelako eta horri esker jabetu direlako baietz, Tabakalera denontzako gune bat dela”.

Irekierako asteburua “ezin hobea” izan zen. Lehen hiru egunetan eraikina jendez gainezka egon zen; eta atean, ehunka laguneko ilarak, gehienezko edukiera kopuruak errespetatu beharra zegoelako. Asteburu bakar batean 29.000 lagun igaro ziren handik. Denborarekin, lasaituz joan da kontua. “Badaude data jakin batzuk oso bereziak direnak eta jende asko etortzen dena, baina egunerokoan egonkortzera jo du bisitarien kopuruak”. Dena dela, “eraikin bizia eta sartu-irten handikoa” dela dio Rodriguezek, langileek, bisitariek eta programetan parte hartzera doazen herritarrek mugimendu handia sortzen dutelako.

Eta mugimendu horrek handitzera egin behar luke, falta diren egitasmoak martxan jarri ahala. Tabakalera oraindik ez baita gaitasun betean ari. Hasieratik iragarri zuten bezala, zentroaren irekiera mailakatua izaten ari da, baina gauza batzuk aurreikusitakoa baino gehiago atzeratzen ari dira. Esate baterako, Ubik sorkuntza liburutegia abenduan irekitzekoak ziren, baina oraindik orain itxita dauzka ateak. Eta beste horrenbeste esan daiteke jatetxeari, kafetegiari eta hotelari dagokienez ere. “Gauza asko aldi berean egin behar izan ditugu, eta ez da erraza izan, gu eraikin berrira sartzea eta publikoari ateak zabaltzea, biak bat izan baitira”.

Lantoki berrira ohitzeko astirik gabe kultur programa martxan jarri eta azpiegitura guztia ondo bukatzea ziurtatu behar izan dutela azaldu du Rodriguezek. “Ez naiz eraikitze lanez ari, teknologiarekin zerikusia duten sistemez, altzariez eta antzerakoez baizik. Zenbait gauza espero genuena baino gehiago luzatu dira, eta horrek ekarri du egitasmo batzuen abiatzea atzeratzea”. Data berriak finkatzen ari direla azaldu du, ordea: Ubik liburutegia martxoan irekiko dute, kafetegia eta jatetxea Aste Santurako, eta hotela apur bat geroago.

Azken orduko ezuste, atzerapen eta abarretik, baina, ondorio baikorrik atera dute: “Asmatu genuen eraikina iazko irailean irekita, dena prest izan arte itxaron izan bagenu oraindik itxita segituko zukeelako Tabakalerak. Gainera, uste dut proiektua ondo errotzeko eta mamitzeko garrantzitsua zela praktikara pasatzea, teorian gauzak erraz esaten direlako, baina praktikara pasatu arte ez delako jakiten benetan nola funtzionatuko duten”.

Egokitze eta ikasketa prozesu horretan daude oraindik ere, Rodriguezen hitzetan. “Egunerokotasunak erakusten dizkigun beharrak eta gabeziak zeintzuk diren ikusi eta haiei erantzuten saiatzen ari gara; egokitzapen prozesuan gaude, etxe berri batera bizitzera zoazenean bezalaxe”.

Eta, horrez gain, Tabakalerako kultura programazioa behar bezala betetzea eta osatzea dute egiteko. “Adibidez, zinemaren programazioa kudeatzeko garaian, izugarrizko garrantzia dauka publikoaren erantzunak, guk izan dezakegulako zerbait pentsatua, baina funtzionatzen ez badu aldatu egin beharko dugulako. Gure komunikazio gaitasunak eta horretarako erabiltzen ditugun euskarriek-eta zerikusi handia dute, eta horretan ari gara lanean, ikasten eta ahal dugun heinean hobetzen”.

Denbora eta arnasa

Hortaz, Rodriguezek denbora eskatu du, “horrelako proiektu batek egonkortasun bat izateko urte pare bat behar direlako eta eredugarri bihurtzeko bere arnasketa behar duelako”. Eta beste horrenbeste nazioarteko mapan kokatzeko ere. Iaz, Tabakalerak ofizialki ateak zabaldu aurretik egin zuten atzerriko artistek Donostian egonaldiak egiteko lehen deialdia. “Esperientzia hura oso baliagarria izan zaigu, asko ikasi dugulako”. Orain egin dute bigarren deialdia, eta jaso duten eskaera kopurua iazkoaren bikoitza izan dela azaldu du Rodriguezek. “Hori seinale ona da, esan nahi baitu jendea hasi dela Tabakalera izena ezagutzen. Baina pazientzia izan behar dugu, azkenean, denborak egiten baitizu zure tokia”.

Atzerriko artistek ez ezik etxeko sortzaileek ere Tabakaleraren irekiera begi onez hartu dutela uste du. “Sortzaileentzako espazioa guztiz bukatu gabe dago oraindik, eta pixkanaka aktibatzen goazen esparrua da, baina, adibidez, komisariotzaren inguruan egin dugun formazio programa oso arrakastatsua izan da”. Lanean ongi ari direla pentsarazten dien beste adierazlerik ere badela azaldu du Tabakalerako kultura zuzendariak. “Euskal Herri mailan Bilbon dago finkatuta artista gehien, eta guretzat adierazle bat da sortzaileak Bilbotik hona etortzea gure programetara. Hori dagoeneko gertatzen ari da; beraz, gustura egoteko moduan gaudela uste dut”.

Herritarrentzat orain arte antolatu dituzten hitzaldi, tailer, erakusketa eta gainontzeko ekimenek ere, oro har, erantzun “oso ona” izan dutela dio Rodriguezek. Adibidez: Ikus-entzunezkoaren aldiriak. Ingurua marrazten duten puntuak taldean eginiko erakusketa 18.000 lagunek ikusi dute; zinema aretoak 5.000 lagun baino gehiago hartu ditu urritik abendura bitartean; Hirikilabs-ek lehen hiru hilabeteetan antolatutako 45 jardueretan 600 lagun inguruk parte hartu dute; eta Tabakalera proiektua ezagutarazteko eta sorkuntza garaikideari lotutako edukien eta herritarren arteko zubiak eraikitzeko antolatutako jardueretan, 2.200 lagunek baino gehiagok. Ubik liburutegia martxan jarri bitartean liburutegiko gaiei lotuta abendua bitarte antolatu dituzten jardueretan, berriz, 500 lagunetik gora izan dira.

Eskaintza zabala izaki, Tabakaleran herritar orok aurki ei dezake bere interesekoa den zerbait. “Erakusketa gustatzen ez zaionari, zinemara joatea interesa dakioke edo kontzertu bat entzutea edo kafe bat hartzea”. Plaza deritzon gunean kultur ekimen txikiagoak ere badira, argazkilaritzari edota antzerkiari lotutakoak, besteak beste. “Kuriositate hutsetik hasi eta parte hartzerainoko bidea egin dezakete herritarrek Tabakaleran”. Eta aurki, sorkuntza liburutegia irekitzearekin, “asko zabalduko da herritarrentzako eskaintza”.

Datozen hilabeteetarako egitasmo asko dituzte buruan Rodriguezek eta haren lantaldeak, aurrekontuari dagokionez “justu antzean” ibiliko diren arren. “Ubik sorkuntza liburutegitik hasi eta sortzailearen gunera, publiko orokorraren eta publiko espezializatuaren arteko oreka lortzea izango dugu helburu, oso behar diferenteak dituzten publikoak direlako; biak aldi berean kudeatzea erronka bat izango da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.