“Euskalduna nintzela esanda hartu ninduten lanean”

“Euskalduna nintzela esanda hartu ninduten lanean”

Joxemi Saizar

Jatorri euskalduneko beste argentinar asko bezala, familia bisitatzen izan da Carlos Ibarbia Drabasa (Rosario, Argentina, 1969) Tolosaldean. Euskal Herria gehiago eta hobeto ezagutzeko, eta Rosarioko euskal etxeko lehendakaria denez, erakundeekiko harremanak sendotzeko aprobetxatu du bisita.

Zein da zure jatorria?

Aita Argentinan jaio zen, baina haren gurasoak Berrobi eta Gaztelukoak ziren. Nire ama, berriz, Ibarrakoa da, hara ezkonberritan joandakoa. Eta haren gurasoak, Berastegi eta Belauntzakoak. Nire aitona-amona guztiak Tolosaldekoak dira, beraz.

Eta nola ezagutu zuten elkar zure gurasoek?

Amodio istorio baten pelikula dirudi. Aita 1961ean etorri zen lehen aldiz Euskal Herrira, arbasoak ezagutzera, Esnaola familiaren bila. Ibarran bizilagunei galdezka, etxe bateko lehen pisuko balkoian zegoen bati galdetu, eta ezagutzen zutela erantzun zion. Nire ama zen. Harremanetan jarri, eta amodioa sortu zen. Handik bi urtera, ezkontzera itzuli zen aita, eta harekin joan zen Argentinara.

Eta aitona nola joan zen?

XX. mende hasieran izan zen emigrazio handia. Europan eskasia zegoen, eta emigrazio ekonomikoa izan zen. Artzain joan zen. Euskaldunei tambero deitzen zaie Argentinan, tambo ukuilua delako. Rosarioko euskal etxearen sortzaileetako bat izan zen —Zazpiak Bat deitzen da—. Ez nuen ezagutu, gazte hil zen.

Beraz, betidanik izan duzue harremana euskal etxearekin?

Ez hainbeste. Aita bazkidea zen, baina ez zen asko joaten. Dantza eta horrelako jarduerak egiten ziren, eta gu ere ez gintuen asko erakartzen. 23 urterekin hasi nintzen gehiago joaten, euskalduna izateagatik lana lortu ondoren.

Nola izan zen hori?

Enpresa batean komertzial bat behar zuten, eta jende asko aurkeztu ginen. Jatorri euskalduneko txiletarrak ziren jabeak, eta euskalduna nintzela esandakoan hartu ninduten, galdera gehiago egin gabe; gainontzekoak etxera bidali zituzten. Hurrengo egunean hasi nintzen, eta horretan ari naiz, Argentina osoan zehar larru birziklatua ekoizten duen lantegi baten produktuak saltzen.

Beraz, euskaldunon irudi ona mantentzen da.

Bai, hala da. Pertsona langile saiatu, noble, zintzo eta balio onekotzat hartzen da euskalduna. Astero irratsaioa egiten dugu euskal etxetik, eta Euskaldunon hitza jarri diogu izena, horrek oraindik asko balio duelako han.

Zer harreman duzue Euskal Herriarekin?

Maiz etortzen gara. Amarekin, emaztearekin eta alabarekin etorri naiz oraingoan, baina askotan etorri naiz, familia asko dugulako hemen. Gainera, anaia bat hona etorri eta bertan ezkondu zen, tolosar batekin. Amak euskarari eutsi dio. Aitak ez zekien, eta guk ere ez dugu ikasi, zoritxarrez. Nazionalitate bikoitza dugunez, hemen bozkatzeko aukera ere badaukagu. Politikari gertutik erreparatzen diogu.

Zein da Rosarioko euskal etxearen jarduna?

Rosario hiri handia da, Argentinako hirugarrena, milioi biztanle pasekoa. Eta euskal etxea ere handia da. Jatetxe garrantzitsu bat dauka, frontoia, kiroldegia, euskara eta dantza klaseak, festak —Aberri Eguna, Euskararen Eguna, San Inazio—… Hirurehun bazkide gara. Belaunaldika biltzen gara koadrilak, astero afaltzeko, eta gureak hiru urte darama zuzendaritzan. Nik laster urtea egingo dut lehendakari gisa. Sortzaileen ideia berarekin jarraitzen dugu lanean: euskaldunen garrari eustea. 2012an mendea bete zuen, eta Argentinako 50 euskal etxeen bilkura han egin genuen. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ere izan zen.

Eta zein da zure eginkizuna?

Erakundeekiko harremanak tokatzen zaizkit: FEVA federazioan biltzen garen beste euskal etxeekin, Eusko Jaurlaritzarekin… Bidaia aprobetxatuz, Gasteizen izan naiz, Ajuria Enean, diasporaz arduratzen diren ordezkari batzuekin. Ahalik eta harreman estuenak nahi dituzte munduko euskal etxeekin. Adibidez, batzuk euskara ikastera etortzen dira barnetegietara, edo gazteak proiektu bat egitera. Eta hemendik hara joaten diren euskaldunekin enbaxada modura funtzionatzen dugu.

36ko gerraren ondoren bigarren migrazio handia izan zen Hego Amerikan.

Bai, Argentinan Roberto M. Ortiz zen presidentea, euskal jatorrikoa, eta, akordio bati esker, pasaporterik gabe ere jende asko onartu zuen, gerrako erbesteratuak zirelako. Bigarren multzo horrek kontzientzia handiagoa zuen, eta bultzada handia eman zien euskara, kultura eta euskal etxeei. Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarra da adibide esanguratsua.

Zein da Argentinaren gaur egungo egoera?

Urte txarrak izan ditugu; ekonomia oso itxia izan dugu, eta, orain, gobernu berriarekin, egoera hobetzeko itxaropena daukagu.

Zein mezu daramazu Argentinara bueltan?

Mezu itxaropentsua. Euskadi erreferente dela oraindik ere penintsulan, ekonomian ere bai. Eta lanean jarraitu behar dugula Argentina ere berrindartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.