Metroaren proiekturako herritarren partaidetza eskatu diote Eneko Goiari

Eider Goenaga

Metroa eraikitzearen kontrako Satorralaia herri batzarreko ordezkaritza batek bilera egin du aste honetan Donostiako Udalarekin. Bilera asteartean izan zen, eta Eneko Goia alkatea eta Pilar Landa Mugikortasun zinegotzia elkartu ziren Satorralaia taldeko zortzi ordezkarirekin. Bi aldeen arteko elkarrizketa “giro onean” eta “batere tentsiorik gabe” gauzatu zela azaldu dio Hitza-ri Mikel Sanchez Satorralaiako kideak.

 

Bi orduz luzatu zen bilera, eta herritarren kezkak helarazi zizkioten alkateari. “Goiak, bere aldetik, konpromisoa hartu du gure kezkak eta gure eskaerak bideratzeko; partaidetza prozesu baten eskaera ulertzen duela esan digu, eta Eusko Jaurlaritzari herritarren parte hartzeari buruzko gure eskaera helaraziko diola. Aldi berean, baina, argi utzi digu beraiek metroaren proiektuaren aldeko direla, eta argi gelditu da proiektuari buruzko gure ikuspegia eta berea oso kontrakoak direla”.

Izan ere, metroaren kontrako taldeak dioenez, ez dago inolako arrazoirik halako proiektu handi bat justifikatzeko, eta are gutxiago, horrek dakarren inbertsio publikoa kontuan hartuta. Satorralaiako kideek herritarren iritzia kontuan hartzea nahi dute, eta parte hartze prozesu bat lehenbailehen martxan ipintzea. “Batez ere, kontuan hartuta udazken partean obrak hasiko direla ematen duenean”. Prozesu hori aurrez egina behar zuela adierazi du Sanchezek. “Horregatik, gure eskaera da proiektua etenda gelditzea, informazio eta partaidetza prozesu bat abian jartzen den bitartean”.

Udalarekin egindako bileratik “nahiko gustura” atera arren, Sanchezek argi du erabakia Eusko Jaurlaritzarena dela. “Eta hori helarazi digu Goiak ere. Ulertzen gaituela esan digu, eta prest dagoela Jaurlaritzari gure eskaeraren berri emateko. Baina, parte hartze prozesu bat martxan jartzekotan, proiektuaren sustatzaileak jarri behar duela azpimarratu du, udalak ez duela egingo”.

Satorralaiako kideek, baina, ez dute itxaropen handirik Jaurlaritzaren erantzunari dagokionean. “400 alegazio baino gehiago aurkeztu genizkion metroaren proiektuari, eta erantzunik ez dugu jaso, ezta ezezkorik ere. Bestalde, egin ditugun informazio eskaerak ere erantzun gabe daude”. Horrez gain, Goiari bezala, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuari ere egin dio Satorralaiak bilerarako eskaera, eta horretan ere erantzunik ez dute jaso. “Goiarekin berehalakoa izan da erantzuna, eskaera egin eta 15 egunera hartu gaitu. Oregik ez du erantzun oraindik. Goiak esan digunez, berak jada helarazi dio egokia litzatekeela herritarrekin bilera bat egitea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.