Ainara de Miguel: “Horrelako diru laguntza bat proiektuaren iraupena da”

Eider Goenaga

MuxuGoxo webgune bat da (www.muxugoxo.org), eta Ainara de Miguel (Leitza, 1977) da gune horren sortzaile eta koordinatzailea. 2.016 euroko diru laguntzak bere proiektuari hazteko eta jarraitzeko bidea eman diola azaldu du De Miguelek.

 

Zer da MuxuGoxo?

MuxuGoxo webgune bat da; nerabeei begirako webgune bat da, baina, neurri batean, nire behar eta kezkak asetzeko sorturikoa ere bai. Ni ingeniaria naiz, baina bati hezkuntza munduan ibili naiz. Kontua da ama izan nintzenean akademia bat jarri nuela martxan, Urnietan, besteak beste errefortzu klaseak emateko. Banakako klase horietan, ordu askotan nerabeekin kontaktu zuzenean zaude, eta galdera pila bat egiten dizkizute.

Gurasoei egiten ausartzen ez diren galderak?

Ez gurasoei eta ez inori, ezta lagunei ere. Galdera intimoak, benetan intimoak. Eta nik erantzuten ditut, ze pertsona irekia naiz eta ez dut arazorik izaten intimitate horretan erantzuteko. Baina beti ohartzen nintzen erantzunaren atzetik jartzen niola “baina nik ez dakit, nik nire esperientziatik esaten dizut, ni ez naiz aditua”. Neure burua sarkin moduan ikusten nuen, sentitzen nuen ez nuela eskubiderik galdera horiek erantzuteko. Eta kasu potoloak ere izan ditut, gurasoekin ere hitz egin behar izateraino.

Eta horrek eragiten zidan kezka lagun artean azaldu nuenean… Ginekologoa den lagun bat dut, beste bat psikologoa, eta irakasle mordoska bat ere bai, eta horietako batek, Nerea Santxo sexologoak, animatu ninduen kezka horri bide ematera. Eta horixe egin nuen. Programadorea naizenez, webgune bat egin nuen, non galderak egin ditzakezun, doan eta erabat modu anonimoan. Eta euskaraz, oraingoz behintzat euskara hutsean aritzen gara. Hori da MuxuGoxo.

Eta nork erantzuten ditu galderak?

Kolaboratzaile talde bat badut. Whatsapp bidez, edo telefonoz, edo kafetxo bat hartzera gonbidatuta, nire lagunek, orain kolaboratzaile bihurtutakoak, laguntzen didate galderak erantzuten; galderaren arabera, edo ginekologoari deitzen diot, edo psikologoari, edo sexologoari… Eta oso talde fina dut, goizean galdera egin eta arratsalderako erantzuten dute, konpromisoa hartu dute MuxuGoxorekin.

Baina webgunean galdera-erantzunak baino gehiago daude.

Bai, nik doako edukiak sartzeko asmoa hasiera-hasieratik izan dut; baina bakoitzak bere lana du, ez gara honetatik bizi, eta galderez besteko edukiak sortzeko denbora behar da. Hasieratik nuen buruan diru laguntzaren bat eskatzea, eta webgunea sortu nuen garai bertsuan jakin nuen Energia Olatuak diru laguntzei buruz. Maiatzean sortu nuen webgunea, eta maiatzean bertan aurkeztu nuen proiektua Energia Olatuetarako.

Zer balio du horrelako laguntza bat jasotzeak?

Horrelako diru laguntza bat proiektuaren iraupena da. Nahiz eta diru kopuru handia ez izan, guri aurrerapauso bat emateko bidea eman digu. Izan ere, webguneak berez eragiten didan gastua oso txikia da, denbora kostu bat baino ez dauka. Baina galdera-erantzunetatik haratago joateko, bai, eskatzen du beste zerbait. Eta, diru laguntzari esker, doako hiru ikastaro sortu ditugu, eta Youtuben jarri ditugu hirurak. Diru laguntza hori eskuratu ez bagenu, ezin izango genuen halakorik egin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.