Bakarrik irteteaz ikasi dudana

Danel Agirre

Lau urterantz doa mendebaldeko gizarteen tabu ezin aipatuzko bati heldu eta mugarri bilakatu zen artikulua Gipuzkoako Hitza-n argitaratu nuela. Arraza berezi batez, bakarrik, geure kasa, gauez tabernetara joaten garenoz aritu nintzen. Testu tolesgabea zen hura, triunfalista oso, iniziaziozko pare bat esperientziaren beroaldian idatzitakoa. Orain, fenomenoa modu askoz zientifikoagoan aztertzea ahalbidetzen duen lagina batua dut. Dozenaka irteera egin ditut batere lagunik gabe, hasi eta buka. Eta balantze triunfalista hura eguneratu beharra dago, ez zelako guztiz zuzena: egungoa are triunfalistagoa da.

Bada inflexio-puntu bat, bakartasun borondatezkoaren aditu, introspekzioaren apologista, alboko aulkia hutsik dagoena ospatzearen graduatu bihurtzen zaituena. Eskainitako plan posible bati uko egin, eta zeure kabuz beste bat (askotan ez bereziki kitzikagarria) aukeratzen duzun lehen aldia. Eskaintzailea bera gabe. Inor gabe. Gaizki-ulertuak eragin ohi ditu hasieran. Adiskideak saiatzen baitira, zintzo eta malgu, haien egitasmoak zure apetetara moldatzen. Anekdota behar zukeen, baina zoritxarrez saldukeria bezala ulertu ohi dena botatzea tokatzen da orduan: gaur nahiago nuke zuek -zu- gabe.

Eskarmentuak bakarrik ematen dio parrandero bakarti trebatuari bere irtenaldien flow-a kontrolatzeko gaitasuna, urteekin jabetu naiz. Bere barrenei entzun, eta beti asmatzen du parrandero bakarti trebatuak zein den etxeratzeko une egokiena. Egoera menperatzeak dakarren patxadak eragiten du pizgarrien kontsumoaren erritmoa ere askoz zentzuzkoagoa izatea. Parrandero bakarti trebatuak ederki daki zein diren bere barneko ezezagunari hobekien egokitzen zaizkion ostatu, kontzertu-areto eta klubak. Badirelako horretarako bereziki egokiak. Barra izkinetan txoko diskretuak topatuko ditu, zerbitzari zailduak estimatu. Azkar ikasten du, baita ere, bere altxorrik preziatuena —isiltasuna— apurtzea noiz merezi ote duen detektatzen. Parrandero bakarti trebatua ez doalako lagun berriak egitera kalera. Hala balitz, ez litzateke bakartia izango.

Bada erritual ezkutuko bat, parrandero bakarti trebatuek bakarrik ezagutzen dutena, eta haiek antzemateko balio duena. Kantari itzuli ohi dira askotan etxera, kale kantoietan barrena. Gau bereziki gogoangarrietan, euforia baino askoz hobea den bake perfektu hori sentitzen dutenean, dantza urratsekin ere animatzen dira, eta txalo eginda sorbaldak ere mugitzen dituzte, jostagarri. Ordu txikitan haietako batekin espaloiren batean gurutzatzen naizenean, irribarretxoa irteten zait, baina ez diet ezertxo ere esaten, konpainia posiblerik onenean daudela badakidalako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.