Gaztetxean, antzerkia ere bai

Gaztetxean, antzerkia ere bai

Asier Zaldua

Gaztetxeetan mota guztietako ekitaldiak antolatzen dituzte, baina kontzertuak izaten dira nagusi. Horren jakitun, Urretxu eta Zumarragako Gazte Asanbladakoek Zast! euskarazko antzerki topaketa antolatu dute astebururako. Gaur eta bihar hiru antzerki saio egongo dira, eta iganderako clown tailer bat antolatu dute. Nerea Altolagirre, Ander Kerejeta, Maider Mateo eta Jon Urtzelai Gazte Asanbladako kideek hitz egin dute egitasmoaz.

Antzerkia oso gustukoa dutela dio Kerejetak, baina kontzertuak antzerki saioak baino errazago antolatzen dituztela. “Kontzertu asko antolatzen ditugu, eta apur bat nazkatuta nengoen kontzertuen kontuaz. Hori dela eta, eta antzerkia asko gustatzen zaigunez, topaketa bat antolatzea erabaki genuen. Ez genion buelta asko eman: topaketa bat antolatzea pentsatu, gazte asanbladaren bileran proposatu… eta aurrera!”. Mateo bat dator harekin. “Urtean zehar musikaldiak eta bertsolaritzaren inguruko ekitaldi asko antolatzen ditugu, eta antzerkiak ere bere topaketa merezi zuela pentsatu genuen”.

Antzerkia egiten duen jendeak hori eta gehiago merezi duela uste du Kerejetak. “Antzerkia sekulakoa iruditzen zait. Oso autentikoa. Oso ikuskizun potentea dela uste dut, eta antzezlan guztiek hunkitzen naute. Antzezlan batek kontzertu batek baino gehiago sentiarazten dit”. Baina antzerki saioak antolatzea zailagoa dela dio: “Gaztetxeetan oso diru gutxi dugu taldeei eskaintzeko. Gainera, ezin dugu edozein lan ekarri: agertoki txikia dugu, eta formatu txikiko lanak behar ditugu. Hala ere, musika taldeak borrokatu egiten dira gaztetxera etortzeagatik. Ekaina arteko kontzertu guztiak lotuta dauzkagu jada, eta kontzertu kopurua mugatu egin behar izan dugu”.

Orain arte antzerki gutxi programatu dute, baina saioak antolatu dituzten bakoitzean erantzun ona jaso dute. “Jende asko etortzen da beti gaztetxean antolatzen ditugun antzerki saioetara. Gainera, jende ezberdina etortzen da. Kontzertuetara etortzen ez den jendea etortzen da antzerkira”, esan du Mateok.

Hala, orain arte antzerkiak arrakasta izan duela ikusirik eta gaztetxeko kultur eskaintza zabaltzeko asmoz, antzerki topaketa antolatu dute. Denetik probatzearen eta beldurra ez izatearen aldekoak dira. “Gaztetxean gustu ezberdinak dituen jendea elkartzen da, eta aukera ezberdinak daude. Gure funtzionatzeko moduak denetik probatzeko aukera ematen du. Beldurra galdu dugu. Ez dugu pentsatzen ez dugula dirurik. Gaztetxeak irakatsi digu oso baliabide gutxirekin nahi duzun guztia lor dezakezula”. Antzerki topaketan parte hartuko duten taldeen prestutasuna eskertu nahi dute.

Antzerki taldea helburu

Gaur, hitz-jokoekin egindako antzerki saioa egongo da, eta bihar arratsalderako haurrentzako saioa antolatu dute. Ondoren, txokolate jana egongo da. Bihar gauean, helduentzako antzerki saioa izango da, eta, igandean, Puy Osesek clown ikastaroa emango du. “Gaztetxe inguruko jendea erakarri nahi dugu. Ea jendea animatzen den! Gaztetxean oso lotsa gutxi duen jendea dugu, baina sekula ez dugu antzerki talde bat sortzea lortu. Pena bat da”, esan du Kerejetak.

Antzerkia ez, baina beste hamaika gauza egin dituzte. Film laburrak, adibidez: “Gaztetxea edukitzea oso garrantzitsua da: leku fisiko honi esker, sinergiak sortzea lortu dugu. Neska gazteek Sorgin Gaua antolatu zuten, adibidez. Ideia asko sortzen dira”, azaldu du Urtzelaik. Urretxu eta Zumarragako gaztetxea oso parte hartzailea dela dio. “Jendea ez da barran kontsumitzera bakarrik etortzen, jende gehiena lanera ere etortzen da. Hala, ekimen ezberdin asko sortzen dira, natural-natural”.

Hilero gai bat

Egitarauak logika bat izan dezan, hilero gai bat lantzen ari dira: feminismoa, ingurumena, antifaxismoa, zinema… Gainera, gaztetxeko ateak herriko talde guztiei zabalik daude. Urretxu eta Zumarragako elkarteen arteko elkarlana bultzatzen ari dira, eta ahalegin hori bere fruituak ematen ari dela uste dute. Joan zen asteburuan, adibidez, epidermolisis bullosa edo tximeleta azala izeneko gaitza duen Markel Lopez mutikoaren aldeko festa antolatu zuten gaztetxean. Elektro-techno festa egin zuten, eta jende asko bildu zen.

Martxoaren 5ean, berriz, Euskal Herriko gizon talde profeministen topaketa egingo dute. Ekitaldi hori gaztetxean egingo dute aurten. Horretaz gain, Kale Gorrian kolektiboarekin kontzertu batzuk antolatu dituzte. “Guretzat oso garrantzitsua da aktiboa den herriko eta herritik kanpoko gainontzeko kolektiboekin lan egitea. Oso aberasgarria da. Hori dela eta, hilean behin barra talde bati uzten diogu, beraien egitasmoak aurrera ateratzeko dirua lor dezaten”, azaldu du Kerejetak.

Ahalik eta jende gehien

Altolagirrek esan du horri esker normalean gaztetxera joaten ez den jendea erakartzea lortu dutela. “Batzuek gaztetxea toki itxi bat balitz bezala ikusten dute, baina ez da guk hala nahi dugulako. Gure helburu nagusietako bat ahalik eta jende gehien erakartzea da, eta lortzen ari garela uste dut”.

Horretarako, irrati bat ere badute: KKinzona. “Irratira ere jende asko gerturatzen da. Aurten hiruzpalau saio berri daude. Gainera, ikastetxeetako haurrek ere beraien saioak egiten dituzte”, azaldu du Urtzelaik. Horrez gain, gaztetxeak elektrotxaranga bat ere eman du. Bihar hasiko den topaketa gaztetxeko antzerki talde bat sortzeko lehen pausoa izan daiteke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.