Kazkabarraren aparra

Kazkabarraren aparra

Maite Alustiza

Kazkabarra egin du ia egun osoan, eta euria. Atertu duen arren, hotza ez da desagertu. Astelehen gaua da, 21:30ak pasatxo Donostian, eta Txuri Urdin izotz jauregiaren kanpoan elkartu dira Kazkabarra izotz hockey taldeko neskak. Kaleko hotzetik barruko hotzera doaz. Eguna lanean edo ikasten eman duten arren, gogotsu iritsi dira entrenatzera. Eta ilusioz. Espainiako Ligan hirugarren bukatu dute, eta, gainera, lortu dute denboraldi hasieran ezarritako helburua: Espainiako Kopa jokatzea. Asteburuan lehiatuko dira Valdemoron, Madrilen. Majadahonda izango dute aurkari bihar, ligako bigarren sailkatua. Irabaziz gero, igandean finala jokatuko dute.

Hemezortziko taldearen parte dira Rebeca Ponce (Donostia, 1994), Haizea Solagurenbeaskoa (Donostia, 1989), Claudia Bermejo (Donostia, 1991), Irune Refojos (Donostia, 1994), Erika Hernandez (Errenteria, 1982) eta Ainhoa Oianguren (Aramaio, 1996). Txuri Urdineko kafetegian bildu dira Hitza-rekin, Koldo Saenz eta Alex Lazkano entrenatzaileen esanetara jarri aurretik. Bermejok, lesionatuta egon arren, ez du entrenamendua galdu nahi izan: pistaren kanpoaldetik erreparatuko die kideen mugimenduei.

“Probatzen duenak errepikatu egiten du”. Guztiak bat datoz. Talde gaztea osatzen dute; gehienek bi edo hiru urte daramatzate Kazkabarran, eta askok etxetik jaso dute afizioa. Beste diziplina batzuetan aritutakoak ere badira: Bermejok patinaje artistikoa egiten zuen, eta belar hockeya Solagurenbeaskoak.

Orain dela urte gutxira arte, ordea, ez zen erraza nesken talde batean izotz hockeyan aritu ahal izatea, Hernandezek gogoratu duenez: “Ni txikitatik etorri izan naiz Txuri Urdinera. 15 urte nituenean edo, nesken talde bat ateratzen saiatu ginen, baina badirudi inork ez zuela nahi neskek hockeyan jokatzerik. Ahal genuena egiten genuen, babesgarririk gabe, geneuzkan patinekin… Partida bat jokatu genuen, baina horretan geratu zen”. Orain, bi urte daramatza taldean, eta zaharrenetako bat den arren, ez dio adinari begiratzen: ahal duen bitartean jokatzen segituko du.

Jokalari kopuruari dagokionez, “justuko taldea” dute. Bost jokalari eta atezaina aritzen dira izotz pistan, eta, Saenzek azaldu duenez, komeni da partidetan hiru txanda egitea: “Bost jokalari ateratzen dira; minutu batean dena eman, eta nekatzen direnean, beste bost barrura”. Horregatik, gutxienez hamabost kide eduki behar dira; “talde majoa” 22-24 jokalarikoa litzateke.

Ikasten eta lanean dabiltzanez, berandu izan behar du entrenamenduak. “Baina nahiago genuke hain berandu ez balitz”. Astean bi egunetan entrenatzen dira, astelehen eta asteazkenetan. 22:00etan hasten dira, alde fisikoa lantzen: korrika, eskailerak, saltoak, indar ariketak… 23:00etan sartzen dira izotz pistara, eta ordu bata da etxera iristerako. “Batez ere hurrengo egunean kostatzen da, goiz jaiki beharra eta…”, dio Oiangurenek. Halako ordutegiekin taldean jarraitzea konplikatua dela onartu du Hernandezek, jende gaztearentzat, adibidez: “16-17 urterekin, gurasoei esan behar diezu ordu honetan entrenatzera ekartzeko eta 00:30ean berriro bila etortzeko? Zaila da”.

Ordutegiak ez ezik, entrenamenduak ere ez dira ohiko talde batenak: jokalari batzuk Txuri Urdinen entrenatzen dira, eta Gasteizen beste batzuk. Jone Oianguren, Ainhoaren ahizpa, esaterako, Aramaiotik Gasteizera joaten da entrenatzera —Ainhoa Donostian bizi da—. Beraz, entrenatzeko taldekide gutxi elkartzen dira, ez dute atezainik eta ariketa asko ezin dituzte ondo egin: “Partida iristen da, eta, ai ene, atezainak zenbat espazio hartzen duen! “.

Horrez gain, kirola bera ere konplikatua dela uste du Poncek: “Ez da futbola bezala, korri egiten duzula. Hemen patinatzen ikasi behar duzu, puck-a kontrolatzen, aldeetara begiratzen… Gogo handirik ez baduzu, utzi egiten duzu”. Teknikari dagokionez, frenatzen jakitea garrantzitsua da Oiangurenentzat, behar denean ahalik eta abiadura handiena hartu ahal izateko. Izotz pistako entrenamenduez gain, Gasteizera joaten da beste hainbat kiderekin, gurpil gainerako patinetan ibiltzera: “Horrek laguntzen gaitu beste ikuspegi bat edukitzen eta teknika hobetzen”.

Kirol garestia

“Izotz hockeya kirol garestia da”. Kazkabarra daukate babesle, eta hark egin dizkie elastikoak. Pistaren laguntza ere badute —hori ere ez dute ordaindu behar—. Gainerako guztia, ordea, euren poltsikotik pagatzen dute: jokatzeko behar duten materiala, bidaietako gasolina, hotela, bazkariak… Gazteek herentzian jasotzen dute zaharragoen materiala, Refojosek dioenez: “Zuk zerbait erosten duzu, eta zaharra geratzen zaizunean, hurrengoari uzten diozu. Guri ere hala egiten digute”. Materiala garestia denez, urtebetetzeak eta Gabonak aprobetxatzen dituzte berriak eskatzeko. Eskertuta daude jasotako laguntzarekin: “Asko lagundu digute; entrenatzaileak jokalari ohiak dira, eta ez dute kobratzen…”, dio Bermejok. Jokalariek kobratzeko aukeraz hitz egitean, barre egiten dute: “Neskek ez dute kobratzen, on-onek ere ez. Izatekotan, ikasketak-eta ordaintzen dizkiete, baina kobratu ez”.

Diru laguntzei dagokienez ere, eskas: “Badaude, baina gutxi”. 400 euroko laguntza bat jaso dute aurten, baina gutxiegi da dituzten gastuetarako. Hernandezek jarri du adibidea: “400 euro horiekin ez dugu pagatzen asteburu honetako hotela ere”.

Denboraldi honetan Madril eta Bartzelonako taldeak izan dituzte aurkari, eta bidaia batzuk egitea tokatu zaie. “Zorionez”, joaneko eta itzuliko partidak asteburu berean jokatzen dituzte: “Horrela ez dira hainbeste asteburu, eta merkeago ateratzen da”. Ostiral iluntzean ateratzen dira Donostiatik, larunbat arratsaldean jokatzen dute lehen partida, eta igande eguerdian bestea.

Zazpi talde lehiatu dira Espainiako Ligan, irail bukaeratik otsail erdialdera arte. Horien artean, Gipuzkoako bi talde: Kazkabarrarekin batera, CHH Txuri Urdin —zazpigarren bukatu du denboraldia—. Lehenengo laurek jokatuko dute kopa: lehena laugarrenaren kontra (Ice Blue Cats-Steel Acorns Valdemoro), eta bigarrena hirugarrenaren aurka (Majadahonda-Kazkabarra).

Aldeak taldeen artean

Taldeen mailari dagokionez, ezberdintasunak oso handiak dira taldeen artean, Bermejok dioenez: “Majadahonda taldeak, adibidez, bospasei urte daramatza martxan. Gainera, ez da berdin 10 urterekin hastea edo 20rekin”. Bat dator Ponce: “Orain asko ahaleginduta ere, ezin zara haien mailara iritsi; denbora asko behar duzu horretarako”.

Dena den, Kazkabarrak lehengo urtetik “salto handia” egin duela uste du Oiangurenek. Prestaketak lagundu die horretan, taldeko giroak, eta, Solagurenbeaskoaren ustez, baita partida bakoitzean ikasitakoak ere: “Majadahonda bezalako taldeak pistan kokatzen dira, eta horrek behartzen zaitu zu ere beste modu batera egotera”.

Araudiak debekatu egiten die borroka egitea; kontaktua, hala ere, egoten da: “Arbitroaren arabera, gehiago edo gutxiago uzten dute. Baina azkenean hockeya da, kontaktua egon behar da”, dio Oiangurenek. Mutilekin konparatuta, neskek ezberdintasun bat dute jantzian: kaskoan xareta eraman behar dute, aurpegia babesteko —mutilek 18 urtetik aurrera ez—. Adingabeek, bai neska eta bai mutilek, lepokoa eraman behar dute.

Aurretik beste kiroletan aritutakoa da Hernandez, eta orain arte ez du aurkitu mutil eta nesken arteko halako harreman onik: “Mutilek askotan esaten zuten: ‘Zu neska zara, eta mutilentzat neskekin jolastea…’. Hemen mutilak dira laguntzera datozen lehenengoak”. Oro har kirol ezezaguna da izotz hockeya, eta nesketan bereziki, jarraitzaile gutxikoa. Solagurenbeaskoak dioenez, tokatu izan zaie Realak Anoetan jokatzea euren partidaren ordutegi paretsuan: “Taberna beterik egoten da Realaren partida aurreko poteoan, eta deskubrimendua hor egiten dute askok”.

Liga bukatu da, eta Koparekin amaituko da sasoia. Kazkabarrakoek, ordea, ez dute deskantsurik nahi. Entrenatzen jarraituko dute, eta, uda iristean izotz pista kentzen dietenez, gurpil gainean ibiliko dira. Ez dira geldirik egotekoak: abenduaren 25ean entrenatzera joan ziren, baita urtarrilaren 1ean ere. Denboraldi berria iritsi bitartean, adiskidantza partidak eta torneoak jokatzen ariko dira. Eta, oinarrian, orain arte lortutakoari eutsita egingo dute aurrera: “Gure ahaleginari esker gaude gauden lekuan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.