“Talentua Gipuzkoan geratzea nahi dugu”

“Talentua Gipuzkoan geratzea nahi dugu”

Maite Alustiza

Enpresa munduan eskarmentua du Ainhoa Aizpuruk (Gabiria, 1970). Enpresa Zientzietako lizentziaduna da, eta azken hamabost urteetan ekintzailetza arloan aritu da, BIC Gipuzkoa Berrilaneko proiektuen zuzendari. Egun, Gipuzkoako Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Landa Ingurumeneko eta Lurralde Orekako diputatua da. Saileko zuzendaritzan “sektorearekin loturiko pertsonak” ditu, “politikariak baino gehiago”. Ekonomia sustatzeko planaren barruan, industriara 27,5 milioi euro bideratuko dituzte. Apiriletik aurrera hasiko dira deialdiak egiten.

27, 5 milioi euro eta 40 programa jarri dituzue industria laguntzeko. Praktikan, zer dago zenbakion atzean?

Helburu nagusia suspertze ekonomikoa da, eta, azken finean, enpresak laguntzea: haiengandik gertu egotea, euren proiektuak guri kontatzea guk lagundu ahal izateko, lehiakorragoak izateko. Enpresa handiak ditugu, txikiak; lurralde txiki bat gara, eta gure lana zubi lan gisa ikusten dugu.

Industria Gipuzkoako ekonomiaren motorra da; 2008tik 2014ra, ordea, beherantz joan da langile kopurua. Nolako etorkizuna ikusten diozu?

Krisi egoera denek erakusten digute zerbait. Honek erakutsi digu zaila dela aurreko egoeretara bueltatzea. Mundu globalizatu batean bizi gara, eta baldintzak aldatu dira. Atzo [astelehenean], analisi bat argitaratu zen, eta enplegu mailan ikusten da urte batzuetara behar handiak egongo direla. Hainbat faktore daude: jaiotze tasa baxua da, biztanleria gutxitzen ari da eta erretiroak direla-eta lanpostu behar gehiago egongo da. Profila ere aldatu egingo da. Prestakuntza profesionalizatuago bat beharko da. Gure helburua ere bada sortuko diren lanpostuetarako jendea trebatzea.

Programetan, arreta berezia jarriko duzue enpresa txikietan. Zer da behar dute gehiena?

Mikroak eta txikiak kontuan hartuta, enpresen erdiak baino gehiago dira. Batetik, diagnostiko bat egin nahi dugu: haien proiektu, estrategia eta abarrak aztertu. Bestetik, ibilbide pertsonalizatu bat elkarrekin landu. Hori gertu egonda eta zerbitzu errazago bat emanez egingo dugu.

Enpresa lehiakorragoak nahi dituzue. Ondo kokatuta daude egun?

Munduan sektore batzuetan erreferenteak gara. Hori guk daukagun sare teknologiko-zientifikoari esker izan daiteke; Europan erreferentzia da, eta horretan jarraitu behar dugu, sare hori bikaina izan dadin. Hor egiten den ikerketari, garapenari eta berrikuntzari esker, fabrikazio aurreratua, biozientziak eta abar sektore estrategikoetan sartuta daude.

Parte hartzea ere sustatu nahi duzue. Enpresariena? Langileena? Nola?

Ikusten dugu batzuetan kanpoko enpresa bat etortzen dela, eta, beretzako produktu berri bat garatu beharrean, errazago egiten zaiola hori egiten dakien enpresa bat erostea. Hori saihesteko, enpresak eta pertsonak Gipuzkoan sustraitzea nahi dugu, talentua Gipuzkoan geratzea. Enpresetan parte hartzeko hainbat eredu erakutsiz egingo dugu. Parte hartzea izan daiteke kudeaketan, emaitzetan, kapitalean…

Gipuzkoa ekintzailea dela azaldu duzu. Zer-nolakoa da ekintzailea?

Gipuzkoa aitzindari izan da ekintzailetzan. Horregatik dauzkagu orain dauzkagun enpresak. Poliki-poliki, profila aldatuz joan da; oraingo ekintzaileak teknologikoagoak dira, gaur egun merkatuak hori eskatzen duelako. Oso ondo prestatuak daude, eta hobetzen jarraitu behar dugu.

Badira garai zailak pasatzen ari diren enpresetako langileak ere: Candy, Gerdau… Aldundiak badu zer egina?

Haien ondoan egon nahi dugu; batzuetan ez daukagu ahalmenik enpresa handiekin, baina beti saiatzen gara gertutasun hori adierazten eta behar duten heinean gure laguntza eskaintzen.

Kasuren bat esku artean?

Ari gara lanean, eta batzuetan lan ona egiten, baina isilpean. Batzuetan hobe da hala egitea. Beste kasu batzuetan, nazioartean, hor daude Txinako dumping-a, petrolioaren efektuaren eragina… Horiek mundu mailan gertatzen ari dira, eta, horiek ikusirik, enpresei laguntza eman nahi diegu.

Sinergiak beharrezko dituzue, bai enpresen artean, eta bai hezkuntza eta ikerketa arloekin. Nola ari zarete lantzen?

Enpresaren oinarria pertsonak dira, eta trebatu egin behar ditugu. Industria mantenduko da, baina haren pisua proportzionalki jaitsi egingo da, eta zerbitzuena igo. Hor egon daitezke industriari zerbitzuak eskainiko dizkieten beste enpresa batzuk: osasun arloan, turismoan… Orain, agian, ez daukagu jenderik aterako diren lanpostuetarako; hori aurretik landu behar da unibertsitateekin, lanbide heziketako zentroekin…

Urtebete da Gipuzkoa Garaile sarea sortu zela, “gizarte zibiletik sortutako egitasmoa”. Baduzue harremanik?

Izan ditugu bilera batzuk, eta harremana ona da. Guretzat ezinbestekoa da. Gu entzuteko gaude, beharrak jasotzeko eta, ahal dugun heinean, gure programetan txertatzeko.

Industriaz gain, lehen sektorera bost milioi bideratuko dituzue. Zeintzuk dira lehentasunak?

Batetik, modernizazioa bultzatu nahi dugu nekazari eta abeltzainek dituzten ustiapenetan. Hor ere merkatu lehiakor bat dago, eta gure produktuak saldu nahi baditugu, kalitatezko produktuak izan behar dute. Bestetik, mendi, naturgune eta basoetako kudeaketan ere sentsibilizazioa egin nahi dugu, eta atzean dagoen aktibitatea bultzatu.

Batzar Nagusietan EH Bilduk esan berri du aldundiaren diru laguntzak ez direla baserrien %90etara iristen. Hala al da?

Hori gezurra da. Gehigarria den diru laguntza bakarra hartu dute kontuan, eta ehuneko hori gaizki erabilita dago. Ustiapenei urtean ematen dizkiegun diru laguntzez gain, urte bukaeran 543.677 euroko laguntza gehigarri bat lortu genuen. Hori abeltzaintzatik eta lehen sektoretik bakarrik bizi diren ustiapenentzat zen, eta, batez ere, lau azpisektorerentzat: behia, esnea eta haragia, ardiak eta untxiak. 6.211 ustiategi identifikatuta ditugu ganadu motaren batekin, eta horietako 4.739k daukate diru laguntzaren oinarrietan onartzen diren ganadu motaren bat. 649 eskaera jaso genituen, eta betebeharrak betetzen zituzten 527 eskatzaileek jaso zituzten; %81,2k, beraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.