“Nik ez dut lanik egin eta…”

“Nik ez dut lanik egin eta…”

Eider Goenaga Lizaso

Maite: “Fabrikan baldintzak ez ziren berak gizon eta emakumeentzat. […] Gizonen lanak beste kategoria bat zuen; beste prestigio bat”. Ixabel: “Aita hil zenean, nik hasi behar izan nuen [fabrikan], 17 urte nituela. 33 urte arte ibili nintzen fabrikan, ezkondu arte. Ez zituzten emakume ezkonduak ametitzen fabrikan”. Arantxa: “Baserrian nire amak eta jende askok behiak bildu eta dena. Baina ahizpek esaten zuten amak ez ziela behin ere utzi segan… Ez ikasteko segan, eta ezta behiak biltzen ere! Bestela, gizonak ferira joan eta ez zirela etortzen”. Hernaniko hiru emakumeren testigantzak dira. Izenak gezurrezkoak dira; bizipenak, ordea, ez. Ilunpetik argitara. Emakume langileak iruditan (Hernani, 1939-1975) liburuan daude jasota, beste 16 emakumeren lekukotzekin batera.

Enplegua izan edo ez, emakumeak eta lana bereizi ezinezko kontzeptu bi dira, eta, Hernaniko emakumeen frankismo garaiko errealitatera hurbilduta, hori frogatu nahi izan dute liburuaren egile Maialen Apezetxea Lujanbiok eta Mikel Ozaita Azpirozek. Kopenhagen izendatu zuten martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Egun, 1910ean. Clara Zetkin politikari komunista alemaniarrak egin zuen proposamena Emakume Sozialisten Nazioarteko II. Konferentzian. Ordutik, emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren aldarrikapenak bide luzea egin du, eta egunaren izenak berak ere izan du aldaketa, azken urteotan. Emakume Langileen Eguna izan ostean, Emakumeen Eguna da gaur egun martxoaren 8a.

“Nik ez dut inoiz lanik egin eta…” izan da Apezetxeak eta Ozaitak elkarrizketatutako emakumeen ahotan behin eta berriro entzundako erantzuna. Eta esaldi hori nabarmendu dute liburuaren hasieran. “Inoiz ez dutela lan egin esaten zuten, ez genuela pertsona egokiarengana jo; baina gero hasten ziren hitz egiten, eta zenbat lan egin zuten… Izugarria”, azaldu du Apezetxeak.

Lana eta enplegua

Hain zuzen ere, liburuaren sarreran lana kontzeptuaren inguruko gogoeta egiten da. “Lana ikuspegi zabal eta feminista batetik ulertzen da; hau da, esfortzu fisiko eta psikologikoa eskatzen duen jarduera jarraitu gisa. Izan ere, lana lan ordaindu gisa hartzen bada, hots, enpleguari soilik erreferentzia eginez, emakumeei atxiki izan zaizkien —eta oraindik atxikitzen zaizkien— lan gutxietsi eta ikusezinak ez dira kontuan hartzen; zaintza, kasurako”.

Hala, emakumeen lanak bost arlotan banatzen ditu liburuak: industria, ostalaritza, merkataritza, baserria eta etxea. “Lana aberastasuna produzitzera bideratutako giza esfortzua bada, aberastasun kontzeptu hau bere esanahi zabalenean ulertu beharko litzateke: giza aberastasuna, aberastasun materiala, kulturala, artistikoa, emozioen aberastasuna…”.

Baina ordaindu gabeko lanari balioa ematen ez diotenak, askotan, garai hartako emakumeak beraiek direla nabarmendu du Apezetxeak. “Liburuan beti presente dago, nahiz eta ez dugun gehiegi sakontzen, frankismoak ildo horretan egindako lana. Izan ere, erregimenak lan handia egin zuen emakumeek rol hori barnera zezaten, Seccion Femenina eta halakoekin, eta barruraino sartua zuten”. Emakumeak etxean gelditu behar zuen; gizona eta seme-alabak zaintzea eta haiek gustura edukitzea zen zegokiona, kexarik egin gabe, eta etxetik kanpoko lana, egitekotan, ezkondu artekoa izaten zen, “salbuespen batzuk kenduta”.

Apezetxeak dioenez, lanak eta betebeharrak neskentzat izaten ziren garai hartan, bai etxekoak eta, askotan, bai etxetik kanpokoak. Eta pribilegioak, berriz, mutilentzat. “Bitaminak mutilentzat ziren; ikasketak egiteko aukera baldin bazen, hori ere mutilentzat. Emakumeei esaten zitzaien ‘zu, etxerako’, eta ez zuten zalantzan jartzen”.

Lekukotza bat aipatu du Apezetxeak, emakumeei aitortzen zitzaien “balio eskasa” nabarmentzeko. Juani: “Emakumeei ez zitzaien baliorik ematen; gizonei ematen zitzaien balioa. Kontatuko dizut kontu bat. Behin, aitarekin kalera atera eta batekin hitz egiten jarri zen. Ni koskortua nintzen ordurako. ‘Zenbat ume dituzu?’ galdetu zion hark. ‘Bost seme’, erantzun zion aitak. ‘Baina alaba ere baduzu zuk?’. ‘Bai, hemen dago, beltxa txar bat, jejeje’. Hori grabatuta gelditu zitzaidan”.

Hernanin etxetik kanpo lan egiten zuten emakumeak asko zirela jasotzen du Ilunpetik argitara liburuak. “Ematen du orain hasi garela emakumeak etxetik kanpora lan egiten, baina emakumeek orduan ere egiten zuten lana fabrikan, ostalaritzan, merkataritzan, baserrian… Hernanin, gainera, ehungintza fabrikak zeuden; gaileta fabrika ere bazen, eta horietan emakume asko aritzen ziren”. Horietako asko umetan hasten ziren lanean, eta, ezkontzen zirenean, utzi egin behar izaten zuten kanpoko lan hori. Loli:”Eskola, 13 urte arte, eta kitto. Lanera! Banku txiki bat jarri zidaten, ez nintzelako plantxara iristen”. Maite: “Emakume ezkonduak lan egiten ez zuenez, edo ezin zuenez, edo egin beharko ez lukeenez, modu kamuflatuan egiten zen lana. Ezagutu ditut emakume alargunak, edo alargundu gabeak ere bai, etxean jendea hartzen zutenak lau txakur txiki ateratzeko”.

Lan ordaindua egiten zutenetako askok, ordea, merkatu beltzean egiten zuten lan; ez zen errolda ofizialetan agertzen. Eta, horren adibide, zelofanezko poltsak egiten zituztenak aipatzen ditu Apezetxeak. “Zelofanezko poltsak egiten zituzten fabrika baterako, baina etxean eta ezkutuan egiten zuten lan hori, inork ikusi gabe. Poltsa bakoitzeko diru bat jasotzen zuten”.

Baserria

Baserrian, berriz, “lan esparruaren eta etxeko lanaren arteko muga lausoa” aipatzen du liburuak; “ez zegoen argi noiz bukatzen zen bat, eta noiz hasten zen bestea”. Horren eraginez, emakumeak “denbora osoko prestasuna” zuten lanerako, eta eremu pribatuan jarduteak “besteekiko harreman sozialak mugatzea zekarren”.

Merkataritza eta ostalaritzari dagokionez, bezeroen generoak eta bertara joateko arrazoiak dira ezberdintasun nagusia: “Merkataritzan, merkataria eta bezeroak batik bat emakumeak baziren, ostalaritzan bezeroa gizonezkoa zen erabat. Era berean, merkataritza eguneroko beharrizanak asetzeko jarduera bat zen, non bezeroa lanean zegoen; ostalaritza, berriz, gizonezkoen aisialdi eremuaren baitan kokatzen zen”. Emakumeak tabernan ikustea ia ezinezkoa zen garai hartan, eta argazkietan ageri diren emakumeak edo sukaldean edo barratik barrura agertzen dira. Rosi: “Poteoan? Gizonak bai. Emakumezkoa, gizonarekin joaten bazen igandeetan ere, kanpoan; atearen ondoan geratuko zen emakumea, gizonak sartu eta baxoerdi bat hartuko zuen”. Joxepa: “Denak gizonak. Zer uste duzu, emakumeak orain bezala joaten zirela tabernara? Bazkaltzera eta afaltzera bai, baina, bestela, txikiteora… uiii”.

Jendea adinean aurrera doan neurrian, lekukotzak bilatzea gero eta zailagoa dela aitortzen du Apezetxeak, baina, liburua argazki bilduma gisa planteatu zutenez, lan zailena irudiak bilatzea izan dela dio. “Orain argazki pila bat ateratzen ditugu, baina garai hartan oso egun berezietan ateratzen ziren argazkiak, ospakizun berezietan edo norbait etortzen zenean. Lanean oso gutxi. Taberna eta komertzioetakoak errazago lortu ditugu, baina fabriketakoak oso gutxi daude, eta asko kostatu zaigu”. Askotan, hitz eginaraztea baino gehiago kostatu zaie elkarrizketatuek argazkiak erakustea. “Gauza intimoa dira; altxor txiki bat”. Hala, Apezetxea eta Ozaita eskaner txiki batekin joan ziren etxez etxe. “Eskaner bat erosi genuen, argazkiak etxeetatik atera behar ez izateko”.

Ilunpetik ateratzen

Ilunpetik argitara liburua Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak ematen duen ikerketa beka baten emaitza da. Hirugarrena da 2002an lehen beka deialdia egin zutenetik, eta laugarren ikerketa bekarako deialdia egin dute, hirugarren liburua argitaratzearekin batera. “Beka hauen helburua emakumeak ikusaraztea da”, azaldu du Irantzu Jauregi Artolak, udaleko berdintasun teknikari eta Berdintasun Kontseiluko koordinatzaileak. “Emakumeak beti izan gara Hernaniko herritarren %50, gutxienez. Baina joaten zara liburuetan begiratzera, artxiboetara, sinboloetara, eta emakumerik ez da agertzen ia”. Horrek bultzatu zuen Berdintasun Kontseilua ikerketa bekak martxan jartzera. “Liburu honek Ilunpetik argitara izena du, eta horixe bera da beken filosofia ere”, gehitu du Jauregik.

Emakumeen historia ikuspegi zabalagotik aztertu zuten aurreko bi ikerketa lanek. Hirugarren bekarako, berriz, argazki liburu bat izatea jarri zuten baldintza gisa. “Udal artxiboko langileak esan zigun hor hutsune handia zegoela, ez zegoela ia argazkirik”, dio Jauregik. Eta ideia hori Apezetxeak berretsi du. “Lan honekin hasi ginenean, gu ere joan ginen artxibora argazki bila, baina ez zegoen ezta bat ere. Azaltzen ziren alkatearen emaztea eta horrelakoak, laguntzaile gisa, baina emakumeak protagonista edo ekintzaile gisa, ez zegoen. Horren ondorioa da emakumeak lanean agertzen dituen argazki bakar bat ere ez dela artxibokoa”.

Historia liburuetan inon islatzen ez den eta ia inon ageri ez den emakumea eta emakumeen ekarpena azaleratzen doaz apurka-apurka Hernanin. “Eta guk Hernani aztertu dugu, hori delako gure lan eremua, baina egoera horiek Gipuzkoa osora eta Hego Euskal Herrira zabal daitezke”, nabarmendu du Jauregik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.