“Behar dudan guztia ematen dit Altzok; nik dena dut hemen”

I. Garcia Landa

Altzon jaio zen 1971an, eta Altzon bizi da Maixa Lizarribar musikari eta musika irakaslea. Loatzo musika eskolan egiten du lan, eta, beraz, tarteka bere lantokia ere herrian bertan du.

Nola deskribatuko zenuke Altzo?

Bakoitzak bere herria politena dela esan ohi du. Niri Altzo polita iruditzen zait, eta lagunak herrira etortzen direnean ere, harrituta geratzen dira asko, batez ere Altzo Muinotik iparraldera dagoen ikuspegiarengatik. “Baina hau telebista bat da!”, esaten dute. Herri polita da, lasaia; era berean, bizia ere bai. Behar dudan guztia herri honek ematen dit; nik dena dut hemen.

Gauza asko aldatu dira haurra zinenetik?

Bai, asko. Handitu da, eta ez hori bakarrik. Nik ditudan oroitzapen askok udaletxearen azpiko lokalarekin zerikusia dute. Plazan bertan bizi izan naiz, eta txikitan inor ez zegoen. Baserrietan bizi zen jende asko: umeak baziren herrian, baina plaza inguruan ez ziren ibiltzen jolasten. Beraz, nire oroitzapena giro oso lasaiarena da. Gero handitzen joan da, herriko jende asko bertan geratu da, eta kanpotik jende asko etorri da. Horrek ekarri du eskola berria irekitzea. Eta orain herrian bizia dago.

Altzon biziko ez bazina, non gustatuko litzaizuke bizitzea?

Zazpi bat urtez egon nintzen Gasteizen bizitzen, lana zela eta. Asteburu gehienetan bisitan etortzen nintzen. Altzo gustatzen zait bizitzeko. Era berean, bertan baldin banago lau egun atera gabe, atera beharra daukat. Gutxienez Tolosara jaitsi beharra daukat. Tolosa asko gustatzen zait, ez dakit nire iheslekua delako edo, oso gustukoa dut. Hiri handi bat probatu dut, eta ez du zerikusirik, nahiago dut Altzo bizitzeko.

Maixa eta Ixiar taldearen garaietan, herri asko ezagutuko zenituzten. Altzoren antzekorik bai?

Herri txikiak asko ezagutu ditugu, eta auzoak ere bai. Elorrioko auzo bat geratu zait oroimenean, orain izenarekin ez banaiz gogoratzen ere. Auzo txiki eta polit bat zen. Gero, Amuriza bertsolariaren auzoa ere oroimenean dut. Bertara iritsi eta oso polita zela iruditu zitzaidan, Altzoren antza zuela.

Zer da gehien gustatzen zaizuna Altzotik?

Familia hemen dut, eskola, lana… Zerbitzu pila bat ematen dizkit. Eta zerbaiten falta sumatzen badut, bila joaten naiz. Gustura bizi naiz hemen, lagunak ere hemen ditut. Gero, betikoa da, herri txikietan, handietan bezala, arazoak ere izaten dira. Herri txikietan azaleago geratzen dira. Muturtuta ez gara ibiltzen, eta muturtzen bagara, egun batzuetan utzi pasatzen eta baretzen gara.

Lekuren bat baduzu bereziki gustatzen zaizuna?

Asko gustatzen zaizkit oroitzapenak ekartzen dizkidaten txokoak. Plazako balkoia asko gustatzen zait. Etxeko sukaldeko leihoa irekitzen dudanean, ikuspegi berdina dut, eta hori asko gustatzen zait. Eguraldi ona egiten duenean, eguzkitsua eta haize gutxikoa, leihoa ireki eta hori ikustea da… Oso polita iruditzen zait. Udaletxe azpiko lokala ere oso berezia da. Nire eskola izan zen eta han egoten ginen denak, txikienetatik hasi eta zortzigarren mailara arte egoten ginen, eta niretzat oso berezia da. Hirugarren leku berezia elizaren buelta izan da. Alde batean frontoia dago, bestean zimitorioa, eta hor asko aritu gara jolasten.

Abestiren bat lotuko zenuke Altzorekin?

Altzorekin lotura izango lukeen abestiren bat pentsatzerakoan, festak etortzen zaizkit burura. Eta, oso elizkoia izango da, baina nik Altzorekin San Inazioren abestia lotzen dut asko, herriko abesti moduan. Bestela, Altzon Eskola Txikien Festa egin zenean, abesti bat konposatu genuen, Txikiak handi izenekoa. Festa horren inguruan gauza oso politak bizi izan genituen, eta abesti hori entzuten dudanean oroitzapen guzti horiek etortzen zaizkit.

Leave a Reply

Your email address will not be published.