“Goliat ahul sentitzen da Daviden aurrean, eta gu gara David”

“Goliat ahul sentitzen da Daviden aurrean, eta gu gara David”

Eider Goenaga Lizaso

Rosa Garcia (Madril, 1948) Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako kideak iaz egindako lanaren balantzea egin du Hitza-rentzat. 28 familiak etxea ez galtzea lortu zutela dio, eta hori lorpen handia dela, “herritarren presioari esker lortu delako”.

Lehengo astean, 2015eko balantzea egin eta jakinarazi zenuten 28 familia kaleratzea eragotzi zuela Gipuzkoako Kaleratzeak Stopek.

28 familia horien artean bi talde egingo nituzke nik, egoera ezberdinetan iritsi zirelako guregana. Lehenik eta behin, aipatu behar da familia baten ohiko etxebizitzaren desjabetzea egin aurretik bankuak hipotekaren exekuziorako salaketa bat jartzen duela jabearen kontra, eta, salaketa horretan, hamar eguneko epea ematen zaiola bere burua defenditzeko. Behin epe hori amaituta, judizialki ez dago ezer egiterik; eta 28 familia horietatik hamabik epea gaindituta jo zuten gugana.

Eta nola lortu zenuten kaleratzea gelditzea?

Behin hamar egun horiek pasatuta, bankuak, enkante bidez, etxea bereganatzen du, tasazioaren %60-70 ordainduta, eta familia zorrarekin utzita. Bada, hamar familiak enkanterako eguna jarria zuten, eta beste biak kaleratuak izatekotan zeuden. Gure helburu nagusia bankua etxearen jabe ez egitea denez, eta jada epaitegietan lortu ezin genuenez, banketxeetara jo eta herritarren presioa erabili genuen: banketxeen ate aurrean hamar elkarretaratze jendetsu, zoragarri eta zaratatsu egin genituen, enkantea gelditu eta negoziazio bat abiatzeko.

Eta bankuek negoziatu zuten?

Bankuak ez du zertan onartu enkantea etetea, legea alde baitauka. Horregatik egiten dugu presioa, beste biderik ez delako. Eta behin lotsaz gorriarazi dituzunean, herritarrekin zer egiten duten agerian uzten duzunean, bankuek bigarren aukera bat ematea onartzen dute. Hamabi kasuotan bi akordio mota ari gara negoziatzen. Batzuetan, bost urteko atzerapen bat lortu da, zeinean etxearen jabeak bere diru sarreren araberako kuota txiki bat ordaintzen duen eta etxeari eusten dion. Bost urte horiek koltxoi handia dira familientzat.

Beste batzuetan, zorraren ordainetan etxea hartzen dute bankuek. Etxea galtzen duzu, baina zor osoa kitatzen duzu. Kasu horietan, bankuei exijitzen diegu familia horiei alokairu soziala ipintzea, hiru urtez bertan gelditzeko aukera emanez.

Eta beste hamasei kasuetan?

Horiek aukera izan dute euren burua defenditzeko, hamar eguneko epearen barruan jarri zirelako harremanetan gurekin. Eta, kasu horietan, judizialki oraindik badago zerbait egiterik. Hor egiten duguna da epaitegian aurkeztu, eta argudiatu hipoteka abusuzko klausulaz beteta dagoela; Europako Justizia Auzitegiak onartutakoak, gainera. Horrek ez zaitu hipoteka ordaintzetik libratzen, ordea; eta gehienek arazoa edukitzen jarraitzen dute, ezin dutelako kuota ordaindu. Halakoetan, epaitegietan joaten den denbora tarte hori aprobetxatzen ari gara bankuekin bigarren aukera bat negoziatzeko.

Eta zergatik negoziatzen dute zuekin, aurretik bezeroarekin negoziatu ez badute?

Normalki, gugana etorri baino lehen, familia hauek euren kabuz joan dira banketxera, euren egoera agertzera. Eta guztietan erantzun bera jasotzen dute: ordaintzen ez badute salaketa jarriko dietela, legea alde dutelako. Gero, gurekin joaten dira, eta egoera goitik behera aldatzen da. Jendea harrituta gelditzen da. Irribarrez hartzen gaituzte, eskua eman eta negoziatzeko prest agertzen dira berehala. Noski, bankuak badaki guk abokatuak ditugula eta, bestela, elkarretaratzea egingo diegula ate aurrean, lotsagorritu egingo ditugula, udalen eta erakundeen babesa dugula… Zorionez, gauzak aldatzen ari dira; egoera irauli egin da. Indarra hartzen ari gara; Goliat ahul sentitzen da Daviden aurrean, eta gu gara David. Oso ederra da egiten ari garena. Herritar soilak gara, baina badakigu nondik egin presioa; ikasi dugu nola jokatu behar dugun, eta emaitzak lortzen ari gara. Bankuek badakite hori, eta orain herritarrek ohartu behar dute horretaz.

Alegia, garrantzitsua da zuengana lehenbailehen jotzea?

Bai, noski. Guk, aukera dugun bakoitzean, esaten diogu jendeari bankuaren lehen gutuna jaso eta berehala etorri behar dutela guregana; edo lehenago, hipotekarekin edozein arazo dutelako, edo ikusten dutelako ezingo dutela ordaindu… Etor daitezela guregana, ez utzi denbora pasatzen. Baina askorentzat oso zaila da. Jendea lur jota gelditzen da hipotekaren exekuziorako salaketa jasotzen duenean; izan ere, azkeneko erabakia izaten da hipoteka ordaintzeari uztea, eta, hori egiten duzunerako, esan nahi du dena galdu duzula, eta orain etxea ere galtzera zoaz. Jendea blokeatuta gelditzen da. Eta hamar egun ez da ezer. Trafiko isunei helegitea jartzeko hilabeteko epea daukazu, eta etxea kenduko dizutela esaten dizun salaketa bati erantzuteko, berriz, hamar egun. Zentzugabea da. Zorionez, gero eta jende gehiago etortzen da kontsulta egitera; iaz, 150 kasutan eman genuen aholkularitza.

Udalen eta erakundeen babesa aipatu duzu. Nolakoa da babes hori?

Etxe kaleratzeak gelditu ditugunetan, oso garrantzitsua izan da alkateen eta udal hautetsien babesa. Gurekin izan dira Errenterian, Pasaian, Lasarten, Eibarren, Donostian… EH Bildu, PSE-EE eta EAJko alkateak izan dira gurekin, eta eskertzekoa da.

EH Bilduk eta PSE-EEk bat egin zuten iazko martxoan Kaleratzeak Stopek aurkeztako dekalogoarekin. EAJk, berriz, ez.

Bai. EH Bilduk, PSE-EEk eta Irabazik eta Ahal Dugu-k bat egin zuten gure dekalogoarekin; eta guk aurkeztutako mozioak tramitatzen dituzte eta babesten dituzte. EAJk, berriz, ez zuen babestu dekalogoa, eta, adibidez, guretzat hain garrantzitsua zen Etxebizitza Legearen kontrako botoa eman zuten jeltzaleek, PPrekin batera. Gero, udaletan eta batzar nagusietan babesten dituzte hainbat egitasmo, eta, adibidez, Gipuzkoa kaleratzerik gabeko lurralde izendatu zuten batzar nagusiek, EAJren aldeko botoarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere jarduten du kaleratzeen kontra. Baina gure dekalogoak etxebizitzaren arazoari, kaleratzeen kontuari eta, oro har, horien oinarrian dagoen pobreziari aurre egiteko neurriak proposatzen zituen, eta horietan EAJk ez du bat egiten.

Herenegun, adibidez, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k gastu soziala blindatzeko eta politika fiskalak norabide horretan jartzeko proposamena aurkeztu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan. PSE-EEk gure dekalogoa babestu zuen arren, foru aldundian EAJrekin akordioa duenez, osoko zuzenketa aurkeztu zuten, eta ez zen gure proposamena aurrera atera. Eta argi dago etxebizitzaren arazoa konpondu behar bada ezinbestekoa dela pobreziari aurre egiteko neurriak hartzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.