“Amezketa soineko luze bat da, setazkoa, eta bere kolorea berdea da”

I. Garcia Landa

Amagoia Etxeberria sortzailea eta moda diseinatzailea da. Egun Amezketan bizi ez bada ere, bere sorlekuarekin lotura estua mantentzen du, astero joaten baita herrira.

Nola deskribatuko zenuke Amezketa?

Ederra, laua eta nire bihotzaren tokia.

Gauza asko aldatu dira txikia zinenetik?

Bai, eta nire ustez horrela izan behar du. Uste dut asko ireki dela kanpora, mundura, baina bere sustraiak galdu gabe. Hau oso zaila iruditzen zait, lan asko egin behar baita nortasuna galdu gabe garatzeko.

Eta giro aldetik ere aldatu dela uste duzu?

Bai, giroa irekiagoa sentitzen dut, eta bizi askorekin.

Beste hainbat herritan bizi izan zara, eta gaur egun Urnietan duzu bizilekua. Zer du ezberdina Amezketak leku horiekiko?

Gehienak handiagoak izan dira, horien artean Donostia dago. Donostia eta Amezketa bi mundu dira, eta ezin dira konparatu. Dena den, desberdintasunik handiena Amezketa Gipuzkoaren erdian dagoela da, mendien sustraietan. Horrek desberdintasun gehiago ekartzen dizkie beste arlo guztiei ere, bizitzeko moduari, adibidez.

Zer gustatzen zaizu gehiago, hiri handi batean bizitzea edo herri txiki batean?

Kontraesan handi bat etortzen zait burura. Hiri handi batean bizi izan naizenean, bat gehiago bezala sentitu naiz. Jende gehiago bizi da eta nolabait nabarmendu gabe pasatzeko aukera duzu. Pribatutasun handiagoa dago, une batzuetan behar-beharrezkoa dena eta beste une batzuetan hotza dena gizakiarentzako. Eta herri txikietan dena familia handi bat bezala da; batzuetan oso xarmagarria eta ona da, baina beste une batzuetan uste dut ez dela inoren gustukoa, gertutasun horrek marra indibidualak ahazten dituelako. Ondorioz, biak nahi ditut nire bizitzan.

Moda mundua beti lotu izan da hiri handiekin.

Hiri handietan egiten dira modarekin zerikusia duten ekitaldiak, desfileak, festak… Komunikabideen egoitzak ere bertan daude. Eta denda gehiago dago hiri handietan. Gauza askoren batuketa bat da. Baina ez ahaztu Balentziaga Getariakoa zela, eta museoa hantxe dagoela.

Zer da Amezketan gehien gustatzen zaizuna?

Lasaitasuna, bakea eta duen natura.

Eta txokoren bat?

Amezketako plaza, bertako izugarri oroitzapen pila ditut. Udaletxe atzeko Mota mendixkan ere asko jolastu ginen. San Martin ere asko maite dut, eta baita Zazpi Iturriko inguruak ere. Eta nola ez, frontoi zaharra, betikoa, nire etxe ondoan dagoena.

Zein da garairik onena Amezketara joateko?

Egia esan, hilabete guztiek dute bere xarma. Bertako kultura, historia, jaiak, jatetxeak, eta ez ahaztu Amezketa Aralar parke naturalean dagoela kokatuta, eta horrek beti mendi buelta eder bat egiteko aukera ematen duela. Jendeari bertara joateko gonbita egiten diot, herria eta ingurua deskubritu eta bizitzeko. Ni astero joaten naiz hara.

Amezketari buruz pentsatuz gero, zer soineko edo jantzi mota etortzen zaizu burura?

Amezketa soineko luze bat da, setazkoa, noski. Bere kolorea berdea da eta zuhaitzen estanpatu bat du, urrez eta burdinez perfilatua. Bakarra da, hau da, haute couture-ko pieza bat, eta atenporala da, denborak ez diolako ezer kenduko. Agian egunen batean sortuko dut soineko, estanpatu edo sorkuntzaren bat Amezketarekin lotuta…

Leave a Reply

Your email address will not be published.