Gipuzkoako 21 eztirik onenak Zegaman lehiatuko dira igandean

Gipuzkoako 21 eztirik onenak Zegaman lehiatuko dira igandean

Loinaz Agirre

Apirileko lehenengo igandean Erlezain Eguna antolatzen dute Zegaman. Izenak dioen bezala, Gipuzkoako erlezainak eta eztia izaten dira eguneko protagonista Aizkorriren magalean. Igandean, beraz, zer ikusi, zer ikasi eta zer dastatu ugari izango da Zegaman: Gipuzkoako XVIII. ezti lehiaketa, erlezaintza materialaren erakusketa, ezti lehiaketa herrikoia…

Gipuzkoako ezti lehiaketak leku berezia izaten du Gipuzkoako erlezainen egunean. 2015eko uztari dagokion lehiaketa izango da. 21 erlezainen 21 ezti lehiatuko dira; aurretik, Gipuzkoako zazpi eskualdeetako txapelketetako lehenengo hiru sailkatuak. Gipuzkoako Erlezain Elkartea 490 erlezainek osatzen dute, eta Gipuzkoa osoan banaturik 7.500 erlauntza inguru daude.

Iazko aldian, hiru saritik bi Legazpira joan ziren. Milalore eztiaren atalean, Telleriarte auzoko Telleria baserriko Maitere Madinabeitiak jaso zuen txapela. Gipuzkoan ekoizten diren eztirik gehienak milaloreak izaten dira, baina akaziarenak ere ekoizten dituzte. Akazia eztiarekin lortu zituzten bigarren eta hirugarren sariak: Legazpiko Anastasio Mujikak bigarrena eta Irungo Jesus Isidro Mikelatzek hirugarrena. Iazko hiru irabazleen eztiak ez dira igandean Zegaman egongo, bakoitzari dagokion eskualdeko lehiaketan ez baitira hiru onenen artean sailkatu. Maitere eta Markos Madinabeitia anai-arrebek diotenez, garrantzitsua izaten da Zegamako lehiaketa irabaztea: “Saria irabazteak jendea erakartzen du. Idiazabalgo gaztarekin gertatzen den bezala, saria irabazten duenak ezti gehiago saltzen du nabarmen”.

50 urte eztiarekin

Madinabeitia anai-arrebek 50 urte baino gehiago daramate etxean eztia ekoizten. Zaletasuna beti izan zuen Markosek: “Udanako ezagun bat hil zenean bere semeak ez zuen zaletasunik, eta saldu egin zituen erlauntzak. Orduan erosi genituen guk”, azaldu du.

Bi lekutan dauzkate erlauntzak jarrita, eta milalore eztia ekoizten dute. “Gure eztiak ez du berezitasun berezirik, nahasia da. Izan ere, sagarrondoak daude inguruan, akazia ere bai, gaztaina asko dago, txilarra… denetik biltzen dute, eta dena batera jasotzen dugu, nahasian”, zehaztu du Maiterek. Urri aldean jasotzen dute eztia. “Parajearen arabera, lehenago edo geroago jasotzen da. Erleek neguan ez dute lan askorik egiten, eta egindakotik jaten dute”. Etxean egiten dute eztiaren prozesu osoa. Kiloko eta kilo erdiko poteetan saltzen ditu Maiterek Legazpiko azokan, ostiraletan. “Ondo saltzen da eztia. Etxera ere etortzen dira erostera”.

Liztor asiarraren arazoa ere badute Legazpin. “Asko dabiltza. Erlauntzaren ahoan zain egoten dira, erlauntzetik ateratzen diren erleei kosk egin eta hiltzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.