[Herriz herri] Anoeta: Herri giroak kutsatuta

[Herriz herri] Anoeta: Herri giroak kutsatuta

Jon Miranda

Igaro berri du Anoetak 2.000 biztanleko muga, eta han bizi diren herritarrak eroso bizi daitezen eta zerbitzu duinak jaso ditzaten ahalegina egiten du udalak. Pello Estanga alkateak nabarmendu duenez, onartu berri dute irisgarritasun plana, eta, orain, herritarrekin batera, lehentasunak markatuko dituzte. “Burdin aroko Basagaingo herrixkako ondareari balioa emateko laguntza bat eskuratu dugu, eta hor ere egingo dugu esku hartze bat”. Dena den, Estangak dio udalaren lehentasuna pertsonak direla eta herritarren ahalduntzean ahalegina egiten dutela: “Apustua egina dugu. Herrikoak diren espazioak egokitu eta gune horiek edukiz betetzeko herritarrak elkarrekin antolatzera bultzatzen ditugu”.

Duela gutxi, 0 eta 5 urte bitarteko umeen gurasoak euren haurrekin biltzeko haur txokoa zabaldu zuten: “Gurasoek elkarte bat sortu eta haiek kudeatzen dute lokala. Guk, egoitza atondu, eta hartara eragile bat irabazten dugu herriarentzat. Gero, herriko festetan umeen eguna antolatzeko ardura hartzen dute gurasoek, eta urtean zehar beste hainbat ekimen antolatzen dituzte. Ekarpena egiten diote herriari”. Kirol taldearekin ere berdin jokatu du udalak. Tokia utzi eta taldeko kideak ari dira, euren kabuz, boulder bat prestatzen herritarrek eskalada praktikatu dezaten.

Udalaren eta eragileen arteko elkarlana da. Jon Otegi Kuku elkarteko kidea da, eta beste hainbat taldetan ere aritzen da: “Udalak eta herriko eragileok bata bestearen beharra dugu, bestela gauzak egitea oso zaila izango litzateke. Elkarlanari esker antolatzen dira hainbat gauza herrian”. Josune Eizmendi zinegotziak aipatu duenez, udaleko kultur dinamizatzaileak koordinatzen ditu eragileak, eta pertsona erreferenteak identifikatuta dauzka. “Saretze lan garrantzitsua egiten du udalak”.

Koordinazio lan hori naturala ere badela uste du Xabat Ugartemendia Gazte Asanbladako kideak. “Eragile baten eta besteen arteko muga oso lausoa da, herritar bat talde batean baino gehiagotan egon daitekeelako antolatuta. Gurutzatu egiten gara, maiz. Horrek zenbait garaitan moteldu dezake koordinazioa, baina badu gauza positibo bat: pertsona erreferente horien bitartez uneoro komunikazioa izaten dela eragileen artean”. Orain arte, ez dute koordinazio mahai baten beharrik sentitu, Kontxi Luluaga ikastolako irakasle eta dantza taldeko kideak esan duenez: “Inoiz planteatu izan da horrelako talde bat sortzea, baina ez da aukera hori aurrera atera. Elkarri laguntza emateko moduak ere asmatuta dauzkagu”. Horren adibide da herrian sortuta dagoen talogile taldea. Hamabost lagun baino gehiago biltzen dira, eta herriko okasio berezietan jartzen dute postua. Izaskun Jauregi taldeko kidea da: “Material bat erosia daukagu, eta lortzen dugun dirua herriko eragileen beharrak estaltzeko baliatzen dugu”.

Ekitaldiak, elkarlanean

Urteko mugarriak dira: euskal festa, Eguberriak, dantza-soka eguna, herriko festak, San Joan bezpera… “Egun horietan, udalak logistika jartzen du, eta eragileak dira aktibatzen direnak gauzak antolatzeko. Haiek gabe, ez legoke festarik”, dio Jauregik. Aurten, adibidez, dantza-soka eguna atzeratzea erabaki eta apirilaren 16an egingo dute. Otegik jakinarazi duenez, orain arte kalderero egunarekin egiten zen, eta data hori egokiena ez ote zen komentatu zuten balorazio bileran. Beraz, egunez aldatzea erabaki dute. “Ea zein emaitza ematen duen”.

Hala ere, Luluagak dioenez, ez dira egitasmoak bere horretan mantentzearekin tematzen: “Garai batean, festen aurretik herri antzerkia egiten genuen, eta urteen poderioz formatua aldatzen eta egokitzen joan da. Iraun dezan berritzea beharrezkoa baita”. Bat dator Ugartemendia: “Gazte Asanbladan ekitaldiak inertziaz antolatzeari baino garrantzi handiagoa eman diogu, azkenaldian, helburuak pentsatu eta harremanak estutzeari”.

Iratxe Olano Gazte Asanbladan sartu den kide berrietako bat da, eta eraldatzeko gogoa sumatzen zaio: “Gaztetxean biltzen garen neska batzuek talde feminista bat sortzeko asmoa dugu. Formazio saio bat jaso genuen Tolosan, eta orain gauzak ondo egin eta dinamika bat sortu nahi dugu herrian”. Gazteak dira, baina proposamena adin ezberdinetako herriko emakumeei zabaldu nahi diete.

Gerturatzen denak sumatzen du herrian dagoen mugimendua eta taldeek duten kohesioa. Ugartemendiak dioenez, beti dago espazio bat belaunaldi ezberdinetako jendeak parteka dezakeena. “Ez da, akaso, harreman estua izango, baina beste herri handiagoetan faltan nabaritzen dut elkar ezagutza hori”.

Tamaina egokia baitu Anoetak. 2.000 pertsona bizitzeak aukera asko ematen ditu. Belaunaldiz belaunaldi herri giroa sustatu duten pertsona klabeak egon direla bai, baina denek jarri dute arreta transmisioan: “Jendea kutsatzean norberaren baitan ar hori piztean dago gakoa”, dio Ugartemendiak. Gaztetxeak egin duen lana nabarmendu dute gainerako eragileek; alkatearen ustez, belaunaldiak lotzeko langintzan zeresan handia du Gazte Asanbladak. “Herrian inplikatzeko joera bat dakarte gaztetatik. Jendea ez da betikotzen gaztetxean, eta urte batzuk han eman eta herrigintzan trebatu ondoren, beste talde batzuetara egiten dute salto. Dibertsifikazio horretan egon daiteke arrakasta”.

Ikastolan hasi, Loatzo musika eskolan jarraitu, gaztetxera salto egin, gazte mugimenduan militatu, herriko elkartean kuadrilla egin, kirola praktikatu, bertsotan jardun, tragoak zerbitzatu, dantza egin eta bizi egiten dute Anoeta. Umetatik, kutsatuta, herri giroan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.