Ipini siriar bat zure bizitzan

Danel Agirre

Zuri bezala, errefuxiatuak izurritea bailira tratatzen dituen Europa hau erdeinatzen duten ezagun hunkiberaz bete zait Facebook azkenaldian. Hango eta hemengo politikariekin ernegatuta daude, Siriako gerratik ihes egindakoak gurean har ditzagun hatzik mugitu ez dutelako. Xarmanta da elkartasun hori guztia, baina txikikeria bat ez du kontuan hartzen: oraingoz, errefuxiatuak berak dira etortzeko inongo asmorik azaldu ez dutenak.

Google Mapsen arabera, distantzia berbera dago Alepotik Stockholmera edo Bilbora, autobidez bidaiatuz gero: 4.470 kilometro. Bakar batzuk gehiago egin behar izaten dituzte iheslariek, lehen mundura iristeko gurdibideak ere itxita topatzen dituztelako. Baina behin Balkanak pasatuta, inork ez du Mendebalderantz hartzen. Espainiako krisi ekonomikoaren estigma izango da. Asilo politiken letra txikiaren kontua. Edo Pirinioen atzealdeko bazter batean ateak parez pare zabalik dituztela abisatuko dien Facebookeko lagun euskal herritarrik ez dute izango siriarrek, batek daki.

Errefuxiatuen faltan, kosmopolitismo bat-bateko hau gimnasia multikultural apur bat egiteko baliatzea proposatzen dut. Hasi gintezke, nik zer dakit ba, gure alabek mutil-lagun marokoarra dutela esaten digutenean ikara aurpegiak apur bat disimulatzen. Euskaraz jostalari hurbiltzen zaizkigun senegaldarrekin tonu paternalista saihesten. Lagun min atzerritar bakar bat ere zergatik ez ote daukagun galdetu diezaiokegu geure buruari. Are hobeto, merkatu librean etxe bat alokatzea ezinezkoa duten ijitoen arazoez interes apur bat ager genezake. Klubetan prostituta atzerritar mordoa bai, baina gure enpresen administrazio kontseiluetan etorkinik zergatik ez ote dagoen aztertzea ere ariketa interesgarria litzateke. Hau gehiegi eskatzea izango da akaso: duela ehun urte eskas handiki bilbotarrek Espainiatik etorri langileak Zugaztietako minetan esklabo moduan tratatzen zituztela irakasten has gintezke eskoletan, behingoz.

Aspaldi ez dela, Euskal Herrian ultraeskuineko alderdirik zergatik ez den agertu galdetu zidan alemaniar batek trenean. Zoritxarrez hori ez zela zehazki horrela erantzun behar izan nion, kolono, kolaborazionista eta halako hitzak ahotan dituztenak baditugula guk ere, lauzpabost mendigoizale bakarrik direla uste nuela, baina ez nintzela hain ziur ere. Atzerritarrekin hitz egin ahal izatea asko eskertzen zuela esanez agurtu ninduen solaskideak bere geltokia iritsitakoan, alemaniarrez asper-asper eginda omen zegoelako. Hari entzunda, eta aspaldi ikusi nuen grafiti bateko leloa moldatuta, Zarauzko alkate banintz sarrerako biribilgunean ipiniko nukeen mezu hau okurritu zitzaidan, eta artikulu batean sartzeko asmoz apuntatu nuen: “Etorkin maiteok, ez gaitzazue euskal herritarrekin bakarrik utzi, faborez”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.