“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

“Beste soinu bat lortu dute oraingo bandako kideek”

Julene Frantzesena

Aita-semeak dira Jose Luis Frantzesena (Azpeitia, 1942) eta Unai Frantzesena (Azpeitia, 1974). Odolak ez ezik, musikak ere lotzen ditu. Izan ere, Jose Luisek 1986an hartu zuen Azpeitiko Udal Musika Bandaren gidaritza; Unai semeak, berriz, 2007ko irailean eutsi zion aitaren lekukoari, eta bera da egungo zuzendaria. Azpeitiko Udal Musika Banda 150. urteurrena ospatzen ari da aurten, eta aita-semeek bandaren iragan laburreko ibilbideaz hitz egin dute.

150 urte. Erraz esaten da…

JOSE LUIS FRANTZESENA: Bai, urte asko dira. Bigarren Karlistadaren ostean, herri askotan sortu ziren bandak. Herrietako orkestrak dira.

UNAI FRANTZESENA: Beste hainbat bandak ere ospatu du 150. urteurrena. Azkoitikoak, esaterako, datorren urtean beteko du urtemuga. Imanol Elias zenak idatzitako efemerideen liburuan ikusi genuen duela 150 urte bandarako instrumentuak erosteko diru saila jarri zuela udalak. Hura hartu genuen datatzat, baina orain anaia hasi da bandaren inguruko liburua idazten, eta lehenagoko datak agertzen dira artxiboan eta.

Bandan hastean, zerekin egin zenuten topo?

J.L.F.: Zuzendari hasi nintzen, hala proposatu baitzidaten. Kopuruz, banda txikia zen orduan; 22 edo 23 lagunekoa. Bitan banatuta zegoen gainera, eta, poliki-poliki, lortu genuen bat egitea. Ordutik ez da hausturarik izan, eta ikaragarria da hori. Konpromisoa eskatzen du bandak, eta iraun dezan lana egin behar da. Orain martxa onean dago.

U.F.: 15 bat urterekin hasi nintzen ni. Aitak xilofonoa ekarri zuen etxera, eta hura jotzea erraza iruditu zitzaidala esan nion. Bandan hasteko esan zidan, eta halaxe egin nuen. Zuzendari moduan, bederatzigarren ikasturtea dut hau. Dena den, bandan jotzetik hura zuzentzera saltoa dago.

J.L.F.: Zuzendari nintzenean, lehengo jendeak osatzen zuen banda. Bandan bertan pixkanaka ikasitako jendea zen, eta zaila zen errepertorio berria egitea.

Zertan aldatu da musika banda urte guztiotan?

J.L.F.: Aldaketa ikaragarria izan da. Unai zuzendari hasi zenetik, izugarri hobetu da banda.

U.F.: Zuzendari postua hartu nuenean, ikasle guztiak bandako akademiatik musika eskolara bideratzen hasiak ziren. Erabaki hori hartu zen, eta ondo prestatutako gazteak daude orain bandan.

J.L.F.: Batetik, erritmoan hobetu da. Bestetik, afinazioan. Nik, adibidez, ez nuen lortu klarinetea afinatzea; gaizki ibiltzen nintzen beti. Oraingo bandako kideek beste soinu bat lortu dute. Horrez gain, errepertorioa ere aldatu da. Izan ere, orain errazagoa da partiturak lortzea. Gure garaian, partitura asko eskuz eginak ziren, eta fotokopiagailurik ere ez zegoen…

U.F.: Soinua aldatu da, eta perkusio alorrean beste aukera bat daukagu. Instrumentu berriak erosi ahal izan ditugu, eta zaharrak pixkanaka baztertu.

J.L.F.: Udalaren laguntza izan dugu beti. Instrumentuekin ere asko lagundu izan du, eta, eskerrak, ze ni bandan hasi nintzenean zituzten instrumentuak…

Osasuntsu al dago Azpeitiko banda?

U.F.: Bai, ia 60 lagun izatera iritsi gara. Gazteak musika eskolatik datoz, eta haiekin banda gaztea osatu dugu. Kontua da denei ez zaiela ematen bandara sartzeko aukera, ez dagoelako tokirik instrumentu batzuetan, eta ikasle batzuk gogoarekin daude. Unibertsitatean hasten direnean-eta, gazte askok uzten du banda, baina orain 45 bat lagun inguruk osatzen dugu. Dena den, boladak izaten dira. 150. urteurrena dela eta, batzordea dugu osatua, gauzak antolatzeko, eta giro ederra dugu. Bandan garrantzitsuena giro ona edukitzea da.

J.L.F.: Talde guztietan moduan, giro ona izatea da gakoa. 80 urte inguruko hiru kidek, Iñaki Alberdik, Javier Bergarak eta Felix Gurrutxagak, 50 urte egin dituzte, gutxienez. Gainerako gehienak nirekin hasitakoak dira.

150. urteurrenak balio al dizue bandaren historiaren berri izateko?

U.F.: Gutxi gorabeherako historia badakigu, baina gauza asko pasatu dira bandaren ibilbidean, eta horien berri zehatzago izateko balioko du aurten argitaratuko dugun liburuak.

J.L.F.: Bandak gorabehera asko izan ditu. Gaztetxoa nintzeneko San Sebastian eguneko diana baten oroitzapena dut. Gero, zortzi-bederatzi urte egon zen Azpeitia bandarik gabe. Historia jasotzea garrantzitsua da.

Udal musika banda izanik, zer hitzarmen duzue udalarekin?

U.F.: Hitzarmenean egutegia dugu jasoa. Ekitaldi horiez gain, beste pare bat eska ditzake udalak. Dena den, hitzarmena moldatu egiten dugu urtero.

J.L.F.: Hitzarmena 1926koa-edo da, eta, ordutik, Aste Santuko prozesioa-eta kenduta daude. Aldaketak izan dira urtez urte.

Herriko beste kultur taldeekin zer harreman duzue?

U.F.: Saiatzen gara elkarlanean aritzen. Koruarekin, argazki elkartearekin, dantzariekin eta abarrekin egin izan ditugu ekitaldiak, nahiz eta muga bat baino gehiago dugun; batez ere, errepertorio aldetik eta.

Eta beste herrietako bandekin?

J.L.F.: Duela urte asko, Gipuzkoako Banden Elkartea sortu genuen. Bide onetik hasi bazen ere, denborarekin indarra galdu zuen.

U.F.: Harremana dugu hainbat bandarekin. Gainera, jendea behar denean, elkarri deitzen diogu tronpeta-jotzailea edo klarinete-jotzailea behar dugula esanez.

Nola ikusten duzue etorkizuna?

U.F.: Badu etorkizuna, baina lana egin beharko dugu eusteko. Musika eskolan jende asko ari da haizezko instrumentuekin, eta horiek dira bandaren oinarria. Alde horretatik, jarraipena izango duela dirudi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.