Errehabilitazioa behar du senideak ere, eta gehienak emakumeak dira

E. Goenaga Lizaso

Errehabilitazioa egiten ari direnen %51 emakumeak dira Aergin. “Erdi eta erdi dira, gutxi gorabehera”, dio Yolanda Anguera Aergiko idazkariak. Baina, Aergira iristeko moduan ezberdinak dira emakume eta gizonak. “Alkoholak ezberdin eragiten digu gizonei eta emakumeei, emakumeok ezberdin metabolizatzen dugu alkohola, gure organoei kalte handiagoa egiten die. Baina, emozionalki ere ezberdin eragiten du. Guregana datorren emakumea oso bakarrik sentitzen da, eta bakarrik etortzen da”.

Gizarteak emakume alkoholikoari gizonari baino okerrago begiratzen diola nabarmendu du Anguerak, eta askotan errehabilitazioa egiten ari den emakumeak familiaren presioa izaten duela terapia uzteko. “Terapia uzten duten emakumeen bi herenek euren bikotekideen eraginez uzten dute. ‘Jada ez duzu edaten, zertarako joan behar duzu?’ eta horrelakoak entzuten dituzte. Terapia uzten dute, eta, tamalez, asko edaten hasten dira berriz”.

Anguerak, bestalde, zaurgarritasun handiko taldea alkoholikoen senideena dela nabarmendu du. “Senideek ere behar dute errehabilitazioa, behar dute terapia, eta egoera horretan ere emakumeak dira nagusi”. Egun senideentzako terapia jasotzen dutenen artean gizon bakarra dagoela nabarmendu du Anguerak.

“Kodependentzia” aipatu du Aergiko idazkariak. Dioenez, profesionalek beraiek ere ahaztu egiten dituzte adiktuen senideek pairatzen dituzten arazoak. “Mediku askok ez dakite arazo hori existitzen denik ere. Baina, adiktu asko senideekin etortzen dira guregana, eta senidea adiktua baino okerrago egoten da”.

“Kodependentzia pairatzen duen emakumea menpekotasunaren mundu subjektiboan sartuta dago, eta oso zaila egiten zaio hori onartzea. Kosta egiten zaie eurek ere arazo bat dutela aitortzea. Ohitu dira arazo bat duen pertsona hori zaintzera, euren bizitzaren ardatza bihurtu da, eta ez dakite nola jokatu hura errehabilitatzen hasten denean”. Anguerak dioenez, gogorra da alkoholikoaren senideak bizi duena azaltzea. “Ondoan duten pertsona hori behar dute, baina pertsona horrek kontsumitzen jarrai dezan ere bai; maite duten hori gaizki behar dute, horrek ematen diolako zentzua euren bizitzari. Hori onartzea oso latza da”. Hiru bider ezkondu eta denetan alkoholiko batekin ezkondu den andre baten kasua izan dutela dio Anguerak.

Alkoholikoak edo adiktuak errehabilitazioa hasten duenean, bere ondokoak ere —dela bikotekidea, direla seme-alabak— errehabilitazioa hasi behar lukeela esan du Aergiko idazkariak. “Terapia modu bateratuan egiten ez bada, talka handia izaten da; alkoholikoak bere bizimodua aldatzen badu, baina bikotekideak ez badu urratsik egiten, oso litekeena da dibortzioan amaitzea”.

Ildo horretan, eurengana senideak adiktuarekin batera edo adiktuaren ostean heltzen direla esan du Anguerak. “Baina, agian, onena senidea hastea litzateke. Adiktuaren senideak bere bizitzaren lema hartzea erabakitzen duenean, menpekotasunaren mundu subjektibo hori atzean uzten hasten denean, eta gauzak ondo egiten hasten denean, adiktua bakarrik gelditzen hasten da, lurra jotzen du, eta laguntza eskatzen du”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.