“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

“Ezin dira alderatu itsasoko uraren onurak iturrikoarekin”

Eider Goenaga Lizaso

La Perla talasoterapiatik urtean milioi erdi lagun igarotzen dira: Donostiakoak eta Gipuzkoakoak dira, batik bat; baina baita hiriburura oporraldia igarotzera joandakoak ere. “Donostiara etortzen direnentzat, La Perla bisitatu beharreko hiru tokietako bat da, Igeldorekin eta Aquariumarekin batera”, dio Ana Oliva La Perlako Osasun eta Estetika departamentuko zuzendariak (Donostia, 1973). Batzuentzat egun osoko aisialdi aukera izaten da —zirkuitua, masajea eta bazkari edo afaria—, edo pare bat ordurako zirkuituan eguneroko estresa arintzeko modua; beste batzuek, berriz, osasun arazoentzako konponbidea topatzen dute bertan; badira, bestalde, estetikari begirako tratamenduak egiten dituztenak ere. “Ez nintzateke gure bezeroen profil zehatz bat ematera ausartuko, ez dago tipologia jakin bat; denetarik etortzen da hona”.

1912an ireki zuten La Perla bainuetxea lehendabizikoz, Espainiako errege-erreginek eta hango gorteak uda Donostian igarotzen zuten garaian. “1936ko gerraren bueltan eten zuen ibilbidea bainuetxe hark, gero diskoteka bat izan zen, eta baita igerilekua ere; donostiar askok han ikasi genuen igerian. 1995ean ireki zituen berriro ateak talasoterapia gisa, eta ordutik ari naiz ni bertan lanean”, dio Olivak. Kiroterapeuta eta estetizista gisa hasi zen garai hartan, eta egun departamentuko zuzendaria da. “Baina oraindik izugarri gustatzen zait masajeak eta tratamenduak ematea. Ahal dudanean kabina batean sartzen naiz, bezeroarekin kontaktu zuzenean; niretzat hori terapia bat da”.

Itsasoko ura, horixe da La Perlaren lanerako tresna nagusia. “Talasoterapia kontzeptua, izan ere, grekerazko thalassa eta therapeia hitzak batzetik dator, itsasoa eta sendatzea. Alegia, itsasoko ura eta itsasoko elementuak helburu terapeutikoekin erabiltzea; horixe da guk egiten duguna”.

Olivak talasoterapia bat eta spa bat ezberdindu egin behar direla nabarmendu du. “Spa hitzak salute per aqua esan nahi du, eta gurean ere ura erabiltzen da osasunerako, baina itsasoko ura erabiltzeak bestelako tasun batzuk gehitzen dizkio. Gerta liteke Madrilgo spa batean eta gurean bainuontzi bera edukitzea, baina urak markatzen du ezberdintasuna; ezin dira itsasoko uraren onurak iturriko urarekin alderatu, eta horixe da spa batean erabiltzen dutena. Osasunari begira, itsasoko urak ematen dio erabilera terapeutikoa”. Itsasoko uraren flotagarritasuna eta urak dituen mineralen eta oligoelementuen eragina aipatu ditu Olivak bereizgarri gisa. “Guk itsasotik hartzen dugu ura, eta hondarrak iragazle lana egiten du; gero ur horri beharrezko tratamendua ematen diogu, berotu behar bada berotu egiten dugu, eta bainuontzietara edo tratamenduetara bideratzen dugu. Noski, horrek ez dauka zerikusirik etxeko iturria ireki eta bainuontzia betetzearekin”.

La Perlako “izarra” zirkuitua dela dio Olivak. “Europan, hiri batean dagoen zirkuiturik handiena da, eta La Perla ezagutzen duen jende gehienak zirkuitua egin duelako ezagutzen du. Baina talasoterapiako eskaintza osatzen dutenak itsasoko urarekin eta itsasoko elementuekin egiten diren tratamenduak dira: itsasoko urarekin egiten diren masaje eta tratamenduak, Itsaso Hiletik ekarritako lohiekin eta algekin egindako tratamenduak, ur azpiko masajeak…”.

120 langile eta hiru mediku

Talasoterapiaren ikuspegi terapeutikoa asko zaintzen dutela nabarmendu du Olivak. “120 langile ditu La Perlak, eta horietako 30 osasungintzarekin lotutako profesionalak gara; eta hiru mediku ditugu, bezeroei azterketak eta jarraipena egiteko”. Ildo horretan, gero eta traumatologo gehiagok errehabilitazioa itsasoko urarekin egitea aholkatzen dutela dio. “Jende asko etortzen zaigu hemen inguruko medikuek bidalita. Itsasoko urarekin egiten den errehabilitazioak ez du zerikusirik lehorrean egiten denarekin. Grabitaterik ez dagoenez, ariketak arinagoak dira, giharrak errazago erlaxatu eta minik gabe indartzen dira, uraren eragin analgesikoa baliatzen da… Nik egin dut errehabilitazioa horrela, eta askoz ere azkarrago osatzen da”.

Olivak bi aholku eman nahi izan dizkie La Perlako erabiltzaileei. “Zirkuitua egiten duenari, aurretik ura edateko eta amaitzean hamar minutuko atsedena hartzeko; ikusiko du beste gorputzaldi batekin aterako dela, tentsioa jaistea saihestuko baitu horrela. Tratamendu estetiko edo terapeutikoak egin nahi dituenari, zalantzarik gabe, gure profesionalekin kontaktuan jarri eta aholkua eskatzeko; horretarako gaude eta”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.