Dei nazazu Danelfur Agirsson

Danel Agirre

Islandiarrak laudatuz txioak idaztea da Che Guevararen kamiseta berria. Eta, egia esanda, merezita daukate han goian zu eta ni bezalako progresista zintzoen miresmena. Justizia soziala berrezartzeko metodo ulerterraza eta sinpatikoa darabiltelako, ororen gainetik. Oskarbi badago eta blaitzen ari badira, ez dute etsi-etsian aterkirik zabaltzen, guk bezala. Gora begiratzen dute, badakitelako zeru urdinarekin bustitzen direnean norbait terrazatik burura pixa egiten ari zaielako dela. Herrialde osoa etxeko atarian biltzen dute orduan, erromeria baketsuan, eta pixatiari —ministroek eta bankariek izan ohi dute han ere prostata arazo gehien, antza denez— arren brageta ixteko eskatzen diote.

Gobernantzan bakarrik ez, sormen kontuetan ere badira norbait. Donostia aldea baino biztanle gutxiagorekin —eta Denis Itxasorik gabe—, benetako kultur hiriburua da hura. Begiratu berri dut: Islandiako zortzi bakarlari edo talderen diskoak ditut etxean —eta bilduma osoa bi apaletan kabitzen zait, hain-hain pijoa ere ez naiz—. Donostia aldekoenak, berriz, bi ale bakarrik topatu ditut. Joan den urtean ikusi nituen bi pelikula hunkigarrienak ere (Fúsi eta Rams) uharte ttipikoak ziren. Eta arteaz musikaz edo zinemaz bezainbeste dakit, hutsaren hurrena. Baina Olafur Eliassonen instalazio batzuekin topo egin nuen duela gutxi, eta normalean baino are txikiago sentitu nintzen.

Ezin da horrenbesterako izan Islandiarena, esango didazu. Finnbogasonek ere urrutitik pitxitxia zirudiela, eta behin gerturatutakoan Ilintxan ere aulkia berotuko lukeen fardel galanta zela. Arrazoia eman behar dizut: artikuluaren hasieran apropos esajeratu dut, nire helburua horrenbeste gustatzen zaizkidan dilema horietako bat planteatzea zelako. Oraintxe azalduko dizut guztia.

Egunkari honetan kontrakoa sinetsarazi nahi bada ere, aitortu beharra dago behingoz: zuk eta nik ez dugu hil arte Euskal Herriko pasaporte legalik ezagutuko. Horregatik, zilegi da alternatiba irudimentsuak bilatzea. Imajina dezagun, Iñaki Petxarromanek nobela batera eraman duen 1615eko Islandian jazo zen arrantzaleen sarraskiagatik barkamena eskatzeko, 32 gizon haien oinordeko gipuzkoarroi hango herritartasuna eskaintzen digutela. Edo, aurreko hau aldrebesegia bada, egunen batean Sigrun edo Gunnarrekin ezkontzen zarela. Baliatuko al zenuke parada hori espainiartasunari behingoz uko egiteko? Hau da, tokatu zaiguna baino herrialde txukunxeago bateko paperak zerutik eroriz gero, ausartuko al zinateke nortasun administratibo berri bat hutsetik eraikitzera? Madril pikutara bidaltzera, atzera begiratu gabe?

Niri galdetzen badidazu, oso argi daukat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.