[Herriz herri] Arama. Txikia bai, baina eskasa ez

[Herriz herri] Arama. Txikia bai, baina eskasa ez

Loinaz Agirre

Iker Irribarria pilotari gazteari esker inoiz baino ospetsuagoa egin da Arama. Pilotariaren aitzakian, gero eta jende gehiago joaten da Goierrin dagoen 215 biztanleko herri horretara. Gaur egun herriko kirolaririk ezagunena Irribarria bada ere, hain herri txikia izanda goi mailako kirolari ugari dago. Asier Mujika alkateak zerrendatu ditu: Oier eta Danel Calvillo anaiak Realeko beheko taldeetan dabiltza, Xabier Gorospe golfean, Asier Unanue txirrindularitzan, eta Olatz, Maider eta Manu Unanue, korrikan. Herri kirolaria dela esateko moduan dira aramarrak. Udaletxeko goiko solairuan ireki berri duten gimnasioak ere arrakasta du herritarren artean.

Azaleraz herri txikia da Arama; biztanlez ere bai. Txikia bai, baina eskasa ez. Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren esaldi horixe dute lelotzat aramarrek, esaldi horrek ondo baino hobeto islatzen duelako Aramaren izaera. “Lazkao Txikik bere buruagatik esaten zuena guretzat hartu genuen”, argitu du alkateak.

N-1 errepidearen ondo-ondoan dago. “Oso ondo komunikatutako herria da. Ordizia eta Itsasondo gertu daude, 10-15 minutuan oinez iristeko moduan. Itsasondoko tren geltokia ere 5-10 minutura dago”.

Errepide nagusitik hain gertu egotearen alde onak, dena den, berarekin dakar alde txarra ere, alkatearen esanetan: “Horren gertu egoteak badu gabezia bat: hotsa. Autobideen hotsa dezentekoa dugu, eta horrek eragozpen batzuk sortzen dizkigu”. Mujikak jakinarazi duenez, lursail bat badu udalak etxebizitzak egiteko: “Baina dirudienez ez dugu egiterik izango, hotsagatik”.

Aramar gazteentzat etxebizitzak egiteko asmoarekin dabil udala, baina oraintxe arau batzuk aurrera ateratzeko “nahikoa lanekin” dabiltza, hotsaren arazoagatik. “Leku horretan etxebizitza berriak egiteko 20 metroko altuerako pantaila bat egiteko eskatzen digute. Autobidea horrelako ezer ere kontuan hartu gabe egin dute. Egingo genituzkeen etxebizitzek arazo akustikoak edukiko lituzkete, baina orain eginda daudenek ere badute. Irtenbide zaila dago”. Gogoratu duenez, azkeneko etxebizitzak duela bederatzi urte egin ziren, 24 bat guztira. “Harrezkero ez da etxebizitzarik egin, eta gazteak herritik joaten ari dira”. Oraingoz, udaletxe zaharrean etxebizitza bat egokitu dute: “Esleipen prozesuan gaude. Alokairu merkean jarriko dugu”.

Errepide aldetik duen komunikazioa ona bada ere, herri txiki askotan bezala, Interneteko komunikaziorekin arazo handiak dituzte Araman. “Komunikazio aldetik oso ondo gauden bezala, Internet aldetik oso gaizki gaude. Ia ez daukagu Internetik, eta behar ikaragarria daukagu”.

Goierriko beste herri txiki batzuetara Internet iristen hasi dela eta, Aramara iritsiko den esperantza daukate: “Orain, Eusko Jaurlaritza Kazeta Gune eta mediku etxe guztietara Internet iristeko lanean ari da, eta badirudi horri esker gurea bezalako herri txikietara ere iritsiko dela”. Mujikak zehaztu duenez, Internet gabeziarekin batera, gas naturalaren zerbitzurik eza da herri txikien desabantaila bat: “Propanozko gasa daukagu herri guztiarentzat, baina oso garestia da”.

Herritarren parte hartzea

Aramarren parte hartzea sustatzen saiatzen da etengabe udala. Agenda 21 programa horretarako erabiltzen dute. Hainbat batzorde sortu dituzte, eta herri batzarrak egiten dituzte: “Ekintza plana eginda daukagu, eta urtean pare bat herri batzar egiten ditugu herritarren beharrak ikusi eta aztertzeko”. 30 bat lagun elkartu izan dira herri batzarretan, baina alkateari parte hartzea handitzea gustatuko litzaioke.

Herriko zerbitzuetan eta ekintzetan, dena den, herri bizia da Arama. Herriko plazan dagoen Toki Alai aramarren topagunea da, baina baita Haur Txokoa, liburutegia, gaztelekua, gimnasioa, pilotalekua eta parkea ere.

Udaletxe berria egin zenean haur eskola bat jartzeko lokala egokitu bazuten ere, momentuan ez dute haur eskolarik sortzeko baldintzarik ikusten. “Urtean haur bat edo bi jaiotzen baitira herrian”. Eskolarik ere ez dago herrian. Ordiziatik eta Itsasondotik hain gertu egonda, hango ikastetxeetara joaten dira Aramako haurrak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.