Ihesbideei atea itxi nahian

Ihesbideei atea itxi nahian

Eider Goenaga Lizaso

Panamako Paperen eskandaluak agenda mediatikoan ipini du zerga iruzurra. Panaman off-shore konpainiak sortu, dirutza handiak konpainia horien izenean jarri eta ogasunari ordaindu beharrekoa paradisu fiskaletan ezkutatu dutenen zerrenda apurka-apurka ari da kaleratzen. Gobernuburu eta estatuburuak, politikariak, ministroak, futbol jokalariak… Gipuzkoako Ogasuna, munduko gainerakoak bezala, gertutik ari da jarraitzen auzia.

“Prozedurak martxan jarri ditugu, eta hurrengo asteetan joango gara ikusten”, esan dio HITZA-ri Jokin Perona Ogasun zuzendariak. Konfidentzialtasunaren babeserako legedien ondorioz, Ogasunak ezin du halako kasurik badagoen edo ez aurreratu, eta are gutxiago izenen aipamenik egin. Delitu litzateke. “Zerga araudia hautsi den zantzuak daudela dioen edozein informazio jasotzen dugun bakoitzean bezala, ikertzea da gure betebeharra. Arau-hausterik topatzen badugu, araudiak ahalbidetzen dituen tresnekin erantzungo dugu”, esan du Peronak.

Alemaniako Suddeutsche Zeitung egunkariak lortu eta, ICIJ ikerketa kazetarien partzuergoaren bidez, hainbat komunikabidetan zabaldutako agirietan Gipuzkoako izen bakarra agertu da, orain arte. Horien arabera, Realak offshore konpainiak baliatu zituen, 2000 eta 2007 artean, zazpi jokalariri ordainketak egiteko: Darko Kovacevic, Nihat Kahveci, Tayfun Korkut, Sander Westerweld, Valeri Karpin, Gabriel Schurrer eta Mattias Asper.

Realak adierazpena kaleratu zuen apirilaren 6an gaiari buruz. Klubak ez du ukatzen offshore konpainien kontua, eta esaten du auzia ez dela berria Realarentzat; halaber, 2008-2009an Gipuzkoako Ogasunak ikuskaritza fiskala egin ziola, bere egoera erregularizatu zuela eta kontuak garbi dituela azaldu du klubak. Ogasunak gaia ikertuko duela beste azalpenik ez du eman auziari dagokionez.

Iaz, 357 milioi euro

Peronaren hitzetan, iruzurraren kontrako borroka “etengabeko hobekuntza prozesu bat da, helmugarik gabeko lasterketa bat”. Iazko jardunari dagokionez, martxoan eman zituzten iruzurraren datuak. Horien arabera, 2015eko kanpainan 357,7 milioi euroko irizurra azaleratu zen, eta Sozietate Zergari zegokion zati handiena (180 milioi euro). Ogasunari ezkutatutako kopuru horren ondorioz, gipuzkoar bakoitzeko 510 euro gutxiago jaso ziren iaz. Hala ere, Gipuzkoako Ogasunak diru horren %70 inguru berreskuratzeko itxaropena azaldu du (250 milioi euro inguru).

Azken urteotan, Sozietate Zergaren alorrean azaleratutako iruzurrak izan du bilakaera handiena —2011n 93 milioi izan ziren, eta 2015ean 179—; Peronak, ordea, ez du uste kopuru hori gehiago igoko denik. “Ez dirudi hurrengo urteetan Sozietate Zergaren inguruan ikusi dugun garapena mantenduko denik”. Izan ere, iruzurraren zatirik handiena Enpresak Sustatzeko Sozietateen bidez egiten zen, eta erregimen berezi horren azterketatik etorri da azken hiru urteetan iruzurraren gorakada. “Egun, erregimen hori indargabetuta dago, eta ez da erregimen horretan zegoen enpresarik gelditzen aztertzeko”.

Iruzurgileei ateak ixtea Gipuzkoako Foru Aldundiaren “lehentasuna” dela azaldu du Peronak. “Iruzurgileek gero eta metodo sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, teknologiak ahalbidetzen dituen bideak, eta gurea etengabeko jarduketa da erritmoari eutsi eta esparru berrietara iristeko. Lanketa horri esker, iruzurgileek gero eta alor murritzagoak dituzte iruzurra gauzatzeko”.

Ogasuna, beraz, etengabe ari da iruzurrari aurre egiteko neurri berriak indarrean jartzen. Iaz azaleratutako iruzurraren datuak, “oro har, datu onak” direla uste du foru aldundiak, aurreko urtekoaren ildoan doazelako. “Gure aldetik, esku artean ditugun tresna teknologikoak eta giza baliabideak modu egokienean erabiltzen saiatzen gara, iruzurgileei ahalik eta zirrikitu txikiena uzteko”. Ogasunaren egunerokoan zeharkako lerro bat da iruzurraren kontrako borrokarena. “Eta emaitza lantalde koordinatuaren ondorioa da. Ahalegin kolektiboa dela esan daiteke, ez baita ikuskaritza ekintzetara soilik mugatzen; Ogasuneko edozein langilek, bere egunerokoan, zenbakietan inkoherentziaren bat aurkitu eta iruzurra azalera dezake”, azaldu du Peronak.

Iruzurraren aurkako borrokan, ordea, foru aldundiak ez duela bakarrik jarduten ere nabarmendu du. Beste administrazioekiko informazio trukea, lurraldeko eragile eta sektore ordezkariekin egiten den kontzientziazio lana eta Ogasuneko zuzendaritzaordeen arteko koordinazioa aipatu ditu Peronak “zutabe garrantzitsuenen” artean.

Foru aldundiak gero eta zailago jarri nahi dio iruzurgileari tranpa egitea, eta horretan kontzientziazioa ezinbesteko jotzen du. “Iruzurgileen kontrako kontzientzia gero eta handiagoa da”, dio Ogasuneko zuzendariak. “Guretzat, zerga betebeharrak borondatez betetzearen aldeko pedagogia da iruzurraren kontrako jardunaren parte garrantzitsuena”. Eta kontzientziazio horretan buru-belarri jarraituko dutela iragarri du. “Badirudi batzuetan ez garela jakitun zertara bideratzen den zerga bilketan jasotzen den dirua: hezkuntza, osasuna, zerbitzu sozialak…”.

Gipuzkoa, herritarrek ordaintzen dituzten zergei esker, eta zergekin ordaintzen diren gizarte zerbitzu horiei guztiei esker, Europan “ezberdintasun gutxieneko lurraldeen artean” dagoela azpimarratu du Peronak, eta gizarteari hori ikusaraztea ezinbestekoa dela. “Gizarteak barneratu beharreko zerbait da hori”.

Iruzurgileen izenak, argitara

Hala ere, Ogasunak iruzurraren kontra daraman borrokan eta herritarren kontzientziazioan, beste pauso bat emango du epe laburrean Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ogasunarekin zorrak dituzten enpresa eta norbanakoen zerrenda itxita dauka dagoeneko Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta urteko bigarren seihilabetekoan argitara emango dute zerrenda hori. “Zerrenda jada itxita dago, martxoaren 31n atera genuen argazkia”, azaldu du Peronak. Izan ere, martxoaren 31 izan zen Ogasunari dirua zor zioten herritar eta enpresek zorrak kitatzeko zuten azken eguna. Hainbat hedabidek zabaldutakoaren arabera, 60 bat izango dira zerrenda hori osatuko duten izenak. Halako daturik, ordea, ez du baieztatu Ogasuneko zuzendariak. “Argitalpena 2016ko bigarren seihilekorako dago iragarrita, eta beste lurraldeekin adostuta dago. Zerrenda horretan Ogasunarekin milioi bat euro baino gehiagoko zorra dutenak identifikatuko dira”.

EH Bilduk eta Podemos Ahal Dugu-k kopuru hori jaisteko ahalegina egin zuten iaz, eta 100.000 eta 50.000 eurotik gorako zorra zutenen zerrenda argitaratzeko eskatu zuten, hurrenez hurren; EAJk, PSE-EEk eta PPk zorraren gutxienekoa milioi bat eurotan uztea erabaki zuten. Peronak “pedagogia egiteko estrategian” kokatzen du zerrenda hori.

Ogasunaren aurrera begirako urratsen artean, bestalde, iruzur fiskalaren aurkako Egiaztapen Plana aipatu du Ogasuneko zuzendariak. “Plan horrek urtebeteko indarraldia izaten du, eta bertan biltzen dira urtean zehar foru aldundiak iruzur fiskalaren kontra egiteko aurreikusten dituen jarduerak. Aurtengoa datorren astean aurkeztuko dugu, batzar orokorrean”. Bertan, arlo teknologikoan zein giza baliabideei dagokienez nolako pausoak emango dituzten jasoko da, xehetasun guztiekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.