Erretiroa ere, prestaturik

Erretiroa ere, prestaturik

Myriam Aranburu

Hirurogei urteko muga pasatu, eta erretiratu berriak dira Rosario Urdangarin (Ataun, 1954), Joxe Angel Zinkunegi (Bidania, 1955) eta Joxepi Urdangarin (Idiazabal, 1955). Argi dute beren bizitzako beste fase batean murgiltzen ari direla, ezagutzen. Etapa berri hori prestatzen lagundu nahi du Goieki Goierriko Garapen Agentziak, eta erretiroa prestatzeko bost saio egin dituzte bi astean —hasieran lau izan behar zuten—. Enpresa munduan lan egin eta erretiroa hartu duten hamazazpi lagunek hartu dute parte. Goierri Eskolaren eta Orkli enpresaren laguntzarekin antolatu dituzte saio horiek.

“Zer egin dezaket hainbeste denbora librerekin? Ez ote naiz aspertuko?”, galdetzen diote oraindik ere askotan euren buruari. Bizitzako hainbat pauso emateko edo hainbat fase berriri aurre egiteko, prestatu egiten da gizakia. Are gehiago, laguntza eta prestakuntza ere jasotzen ditu. Erretiroa hartzeko orduan, ordea, ez dira asko formazioa jasotzen dutenak.

Biztanleriaren bizi itxaropena handitzen ari da, eta geroz eta adineko gehiago daude. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen 2015eko datuen arabera, %20,6 ziren 65 urtetik gorakoak Gipuzkoan. Horietatik ia %80k, gainera, ez dute dependentziarik, eta euren kabuz ondo moldatzen dira. “Urte asko ditugu aurretik, ostertz zabal bat”, agertu du Joxepi Urdangarinek. “Hogei bat urte biziko dira gure adineko asko eta asko”. Eta ez, ez daude ados erretiratuen topikoarekin. Paseatu eta kartetan jolasteaz gain beste gauza asko egiten dituztela agerian utzi nahi dute. Honela dio Urdangarinek: “Oraindik ere asko dugu eskaintzeko”.

Etapa berrira egokitzen

Erretiroari dagokionez “hasiberriak” direla azaldu du ataundarrak. Antolakuntza beharrezkoa ikusten du fase berri horri gogoz heltzeko, eta denbora libre hori betetzeko elementuak sartu behar direla uste du: “Antolatuz joan behar dugu, gure denbora planifikatuz”. Bat egin du Zinkunegik: “Bizitzako etapa guztiak antolatuak ditugu: gazte izateari utzi eta heldu bihurtu, etxebizitza, familia…”. Horregatik uste du erretiroa hartzea beste etapa bat dela, eta ez du duda egiten: “Erretiratu hitzak ez luke existitu behar; etapa bat da, besterik ez”.

Bost saio egin dituzte Goierriko Eskolan, eta hainbat gai landu dituzte, hala nola osasun fisikoa eta mentala, elikadura eta garapen pertsonala. Askok, hasieran, zalantza ugari zituzten saio horien inguruan, ea zertarako izango ziren, eta zerbaitetarako baliagarriak izango ote ziren. Saioak amaitu ostean, baina, gogoz gelditu dira. “Gehiagotan biltzeko gogoa jarri zaigu”, adierazi du idiazabaldarrak. “Herri txikietan bizi garenok murgildu egiten gara bertan, eta nik behintzat ez nekien horrelako saioak egiten zirenik”.

Badakite lehenengo urte hau egokitzapen urtea izango dutela. Baina zalantzati daude aurrera begira: “Ondoren etortzen omen dira kezka nagusiak”, azaldu du Urdangarin ataundarrak. Horregatik, erretiratuta urte batzuk daramatzaten pertsonekin bildu nahi dute, haien esperientzia zein den aditu eta haien errealitatearen berri izateko.

Hasierako zalantzak

Erretiroa hartuta oso pozik daude, baina fase horretara iristeko orduan ere izan dituzte batzuek arazoak. “Orduan ulertu nuen zer zen deprimituta egotea”, onartu du Zinkunegik. Lanean hainbeste urte igaro ostean, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaiola esan zioten, eta kolpe latza izan zela oroitarazi du. Eguneroko lana utzi beharrak ezinegona sortu zion, eta aitortu du behin baino gehiagotan buruan izan duela “orain ez al naiz, ba, gai lana egiteko?” galdera. “Beti urruti ikusten nuen erretiroa, eta bat-batean iritsi zen, espero gabe”. Hala ere, hasierako trantze hori pasatu ondoren, ilusioa berreskuratu du. “Bakoitzak ilusioa pizten dion hori egin behar du”.

Joxepi Urdangarinek duela ia bi urte utzi zion enpresan lan egiteari —eszedentzia bat zela medio—. Ezin du irribarrea gorde, eta kanpoko itxurak bat egiten du barnean sentitzen duenarekin. Erretiroa hartuta oso-oso pozik dagoela azaldu du: “Gerra asko emateko gaude oraindik”.

Urte askoan ibili izan dira lanean, eta, erretiratu ostean, beretzako denbora antolatu nahi dute. “Erretiroa hartzerakoan, lurreratu beharra dago”, dio Rosario Urdangarinek. Lasaitasuna bai, baina ez du gelditu nahi. “Ez dut nahi semeak gaur zerbait erakutsi eta bihar ere galdetu beharra izatea”. Horregatik gomendatu die beste parte hartzaileei aktibo egoteko, eta, poliki bada ere, gauzak egiten jarraitu behar dela uste du: “Gure kabuz gauzak egiteko gai izan behar dugu, eta gakoa asko saiatzea eta konstantea izatea besterik ez da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.