Erabakiaren alde, ados

Erabakiaren alde, ados

Erik Gartzia Egaña

Ikusmiran dute 2017ko martxoaren 19a. Egun horretan, Oiartzualdeko lau udalerrietan —Errenterian, Pasaian, Oiartzunen eta Lezon— erabakitze eskubidearen gaineko herri kontsulta egingo dute. Demoarso izena jarri diote prozesu horri guztiari.

Herri galdeketa izan baino urtebete lehenago aurkeztu zuten iniziatiba, joan den martxoaren 19an. 70.000 bat lagun bizi diren eskualde batean herri kontsulta bat egitea ez da nolanahiko erronka. Horregatik, herri kontsultaren balioak eskualdeko biztanleen artean hedatzeko eta prozesua bera bururaino eramango dela bermatzeko, Adosgunea lantaldea aurkeztu zuten joan den larunbatean.

Euskal Herrian badira antzeko beste hainbat prozesu. Herri galdeketak egitea dute zerumugan. Hala ere, Gure Esku Dago dinamikako Jexux Olaziregik jakinarazi duen bezala, Oiartzualdekoa izango da Adosgunearen ezaugarriak beteko dituen lantaldea. Udalerri bakoitzak bere galdeketa egingo badu ere, lantaldeak eskualdeko izaera izango du. Jatorri ezberdinetako berrogei bat lagunek osatzen dute Adosgunea.

Demoarso egitasmoaren koordinatzailea da Imanol Esnaola. Prozesuari “arkitektura eta formalitatea” emateko asmoz sortu dute Adosgunea, “herri galdeketa herritarrek antolatu dutelako”. Horrela, lantaldea osatuko duten pertsonak ibilbide luzekoak eta prestigiodunak dira. “Gure kasuan, formalitate puntu bat ematen dio erreferentziazko eta irizpidea duten pertsonek gainbegiratzeak eta prozesuari bermea emateak, bai parte hartzeari dagokionez, bai aniztasunari dagokionez, bai gardentasunari dagokionez”.

Lantaldearen funtzioak zeintzuk diren xehatu ditu. Prozesua jarraitzeaz gain, gardentasuna eta izaera irekia ere eman nahi diote. “Horregatik, lan egiten dugu ahalik eta jende gehien hurbildu dadin, kriterioduna, plurala eta eskualdean ezaguna dena”. Urte osoko lana dute Adosguneko kideek. Prozesuaren fase bakoitzari dagozkion dokumentuak jasoko dituzte, eta ongi doan ala ez ebatziko dute. Gauzak bide okerretik joanez gero neurri zuzentzaileak aplikatuko lituzketela iragarri du Esnaolak.

Hamaika iritzi, aldarri bera

Kolore politiko ezberdinetako pertsonen bilgune da Adosgunea, baina guztiak bat datoz Demoarsoren funtsarekin: erabakitzeko eskubidearen alde egiten dute. Ion Collar Errenteriako Ahal Dugu-ko kidea da, eta udalean Irabaziz hautesle elkargoaren eleduna. Adosgunean egotearen arrazoiak azaldu ditu: “Erabakitze eskubidea beti defendatu behar dugu, pertsona bakoitzak bere etorkizuna zein den hautatzeko. Partaidetza oinarrizkoa da. Oinarrizko unitatea pertsona da, eta bere nondik norako guztiak erabakitzeko ahalmena izan behar du”. Horrela, Collarren ustez, Gure Esku Dago-k eta Adosguneak herritarren parte hartze hori bultzatzen dute: “Partaidetza ez da bakarrik lau urtean behin botoa hautetsontzi batean sartzea”.

Horren atzean bakoitzaren jarrera aktiboa ikusten du Irabaziz-eko zinegotziak: “Norberak aktibo izan behar du politikagintzan, iniziatiba sozialetan eta beste hainbat gauzatan”. Gure Esku Dago-k hori bermatzeaz gain, egitasmo “oso irekia” dela uste du. “Familia politiko guztietako herritarrak gaude. Bereziki Errenterian kolore askotakoak gaude, eta hori babestu egin behar dugu, bertan parte hartuz”.

Agustina Pontesta Lezoko bake epaile izan zen. Hitz gutxitan azaldu du bere engaiamendua: “Erabakitzeko eskubidearen alde gaudelako nago hemen, eta lan egiteko eta jendea animatzeko gogoz. Nahi eta nahi ezkoa da gure etorkizuna erabakitzea, eta horretarako herri galdeketak beharrezkoak dira”.

Paco Alvarez Barral PSE-EEko Ezker Sozialista korronteko eleduna da. “Guk erabakitzeko eskubidearen alde egiten dugu, duela urte askotik. Uste dugu Espainiako Estatuan dauden lurraldetasun aferak konpontzeko bide egokiena dela”. Gainera, uste du galdeketak legezkoak izan daitezen artikulatu behar dela. “Ez dira lotesleak, baina gizarte zibilaren iritzia jakiteko balio dute, eta horren arabera egin beharko lirateke legeak gero”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.