Etorkizuneko bidaiarien bila

Etorkizuneko bidaiarien bila

Iñigo Terradillos

Bidaiatzeko zaletasuna gazte-gaztetatik sustatu nahi du Tolosako Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak antolatutako Bidaia Bekak. Abenturazale eta bidaiariak daude bidaiarien txokoaren atzean, eta gisa honetako egitasmoen bitartez euren pasio hori gazteengan suspertzen ikusi nahi dute.

Izan ere, Josu Iztueta bidaiari tolosarrak argi du bera bezalako bidaiarien grina nondik datorren: “Gutako askok bidaiatzeko aukera izan dugu beste askok horretarako aukera eman zigulako, mendi elkarteek, skout taldeek, edo auzoko mendizaleak, esaterako, eta horrek gure bizitza baldintzatu du, jakin-mina sortu zutelako gugan”. Bada, haiek jaso zuten hori zabaltzeko beharraren ondorioz sortu zen ekinbidea joan den urtean. DBH4ko ikasleei eman zieten parte hartzeko aukera, eta aurkeztu zirenen artean, Laskorain ikastolako sei neska-mutilez osaturiko taldearen proposamena izan zen aukeratua. Euskal bitxikeriak izenburupean osatu zuten ibilbidea, Orio, Gernika, Urdaibai, Agurain, Eunate eta Gares zeharkatuz eta arrantza, gerra eta bakea, natura eta musika bezalako gaiak jorratuz. Hori guztia sei eguneko bidaia batean egin zuten, iazko ekainean, zortzi lagunentzako lekua duen furgoneta batean eta 500 euroko aurrekontuarekin.

Lehendabiziko esperientzia “oso baikorra” izan zela adierazi dute bai antolatzaileek, bai eta bidaiaz gozatu zuten gazteek ere: “Oso ondo pasatu genuen, oso aberasgarria izan zen; taldeko inork ez zuen lehenago furgonetaz bidaiatu, eta esperientzia asko gustatu zaigu”, kontatu du Maitane Iruin iazko irabazleetako batek.

Bidaiatzeko beste era bat

Hain justu, bidaiatzeko zaletasuna sustatzearekin batera, ekinbideak baditu beste helburu batzuk, eta horietako bat bidaiatzeko era asko egon daitezkeela ikusaraztea da. Iztuetak dioen moduan, “bidaia honetan ez dago ez luxuzko autokarabanarik, ez eta hoteleko egonaldirik ere”. Toki batetik besterako mugimenduak furgonetaz egiten dituzte, eta furgoneta bera erabiltzen dute lotarako ere. Era berean, aurrekontu mugatua dute erregai, kanpinetarako sarrera, museoren batera joateko txartel edota janaritarako. “Baliabide askorik gabe eta urrutira joan gabe gure herrian gauza politak egin daitezkeela erakutsi nahi diegu gazteei”, dio bidaiari tolosarrak.

Gazteengan balio gehiago erakustea ere aurreikusten du egitasmoak, elkarren arteko harremanak sendotzea, esaterako. “Izan ere, bospasei egunez eremu txiki batean egin behar dute elkarbizitza”. Horretaz gain, berdintasunari dagokion pisua emate aldera, neska-mutilez osaturiko taldeak dira parte hartzaileak.

Iparraldea ezagutzeko

Joan den urteko esperientzia “polita” ikusita, bigarrenez egitea merezi zuela ikusi zuten Bidaiarien Txokoan. Otsailean zabaldu zuten deialdia, eta aurkeztu ziren guztien artean epaimahaiak Ibarrako Uzturpe ikastolako gazteen proiektua aukeratu du aurtengo irabazle moduan.

Euren proposamenak aurreikusten duenaren arabera, lehendabiziko egunean Tolosatik Sara (Lapurdi) alderako bidea egingo dute. Egun horretan bertan Zugarramurdi ere bisitatuko lukete. Bigarren egunean, Amaiur eta Orreaga ezagutu nahi dituzte. Ituren eta Zubietara joango dira hirugarren egunean; laugarrenean, Anboto eta Mungiara jo nahi dute, eta azken horretan Olentzeroren Etxea bisitatu asmo dute gazteek. Bosgarrenean, berriz, Gaztelugatxera joango dira, eta handik buelta, etxera.

Ipar Euskal Herrian hainbat geldialdi ditu irabazleen bidaia proposamenak; izan ere, baldintzetako bat zen aurtengoan Iparraldea barne hartzea: “Euskal Herria ezagutaraztea ere bada Bidaia Bekaren xedeetako bat, eta maiz ezagunago zaizkigun Bizkaiko edo Gipuzkoako herrietara jotzeko joera izaten dugunez, baldintza hori jarriz, Ipar Euskal Herria ezagutaraztea ere lortu nahi genuen”.

Bidaia honen bitartez euren arteko harremana sustatzeko eta elkarren artean gehiago ezagutzeko asmoa dutela esan du Ibon Lopetegi Uzturpeko taldekideak. Bidaia egituratzeko orduan, bestalde, adierazi du ikastolan bertan jorratutako gaiak izan dituztela buruan. “Bertan ikasi edo entzundako gai batzuk aukeratu, Euskal Herriko mapan puntuak ezarri, eta batetik besterako bidea osatu dugu”. Iazkoek bezala, ez dute sekula furgonetaz bidaiatu, eta irrikaz daude esperientzia berri hori ezagutzeko. Ekainean egingo dute lehiaketarako idatzia duten eta norbere irudimenean egina duten bidaia.

Bigarrena egin duten moduan, hirugarrena ere izango dela espero dute antolatzaileek, eta, horrela, gazte gehiagorengan barruan daramaten bidaiari sena azaleratzen eta etorkizuneko abenturazaleak bultzatzen segituko dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.