“Genero ikuspegiaren iragazkitik pasatu behar du udal erabaki orok”

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendari Miren Elgarrestarentzat (Zumarraga, 1965) Berdinbidean programa estrategiko bat da. Genero ikuspegia lurralde osoan txertatzeko, eta pauso hori modu koherentean emateko, ezinbesteko urratsa da herri txikietan ere berdintasun politikak garatzea, eta horretarako sortu zen Berdinbidean, duela bost urte.

Aurten udal berri asko sartu dira Berdinbidean programan.

Bai, pila bat sartu dira; bikoiztu ez, baina kopurua asko handitu da. 29 dira une honetan; baina behin-behineko kopuru gisa esaten dizut, gerta litekeelako udal batek izena ematea, eta programa ezagututakoan eta nolako dedikazioa eskatzen duen ikustean, atzera egitea. Ez da ohikoena, baina gerta liteke. Bestalde, berriak ere etor daitezke. Hala ere, gustura gaude; aurreko legealdian hemezortzi udal zeuden, eta orain 29. Gipuzkoako herri txikien erdiak-edo izango dira.

Eta zergatik jauzi hori?

Nik uste dut inportantea izan dela udalen arteko komunikazioa, eta ahoz ahokoa. Udal batzuek bost urte daramatzate jada, eta haien esperientzia ezagututa, pausoa ematea erabaki dute. Tamaina bereko herrietan, izan ere, arazo antzekoak dituzte, eta aldameneko herriak egin dezakeela ikusteak besteak ere animatzen ditu.

Bestetik, nik uste dut, zorionez, gai honekiko sentsibilitatea asko handitu dela, iritsi dela gizartera eta erakundeetara. Eta nahiz eta baliabide gutxi izan, saiatzen gara dauden aukerak aprobetxatzen.

Noiz eta zertarako sortu zen Berdinbidean programa?

Foru aldundiak sustatzen duen programa bat da; genero ikuspegia txertatu eta garatzeko, ez bakarrik foru aldundian, baizik eta tokiko administrazioetan, eta lurralde ikuspegi orokor batekin. Genero ikuspegitik garatzen diren politikei koherentzia ematea du helburu, eta herri txikiei [10.000 biztanletik beherakoei] aukera eman nahi zaie arlo honetan urratsak egiteko.

Orain dela bost urte sortu zen, eta ordutik bidea egiten aritu da. Aurten sortutako taldearekin eta batu diren udalekin, esan dezakegu programa gorpuzten ari dela.

Nola funtzionatzen du Berdinbidean programak?

Hiru esparrutan egituratzen da lana. Batetik, lan gune kolektiboak ditugu: udal guztiek parte hartzen dute; teknikari zein politikariak etortzen dira; aurten jada bi mintegi egin ditugu, eta jende asko etorri da. Mintegietan gure lan ildo nagusiak lantzen ditugu —indarkeria matxista, barne funtzionamendua, eta balio etikoak eta emakumeen parte hartzea—, baina aurten indar berezia eman nahi izan diogu planifikazioari.

Bigarren pausoa banakako lanak dira, udal bakoitzean. Hor ere planifikazio bat egin behar da, baina jada bakoitzaren ezaugarri eta beharrei egokituta egiten da. Udalak teknikari bat izendatu behar du; baina udal txikiak direnez, ez dute berdintasun teknikaririk, eta beste teknikariren bat izaten da, dela gazteriakoa, dela gizarte gaietakoa… Teknikari horrek lan honen ardura hartuko du, arduradun politiko batekin batera. Baina, horiez gain, lan mahaia osatuko duten beste eragileak ere izendatu behar ditu udalak: emakume taldeetako ordezkariren bat, ikastetxeetakoak, gaztelekuak… udalak erabakitzen dituenak. Hori herriaren tamainaren araberakoa izaten da; herri handiagoetan eragile gehiago daudelako, eta herri txiki batzuetan, oso gutxi.

Lan mahai honek gauzatuko ditu, beraz, berdintasun politikak.

Bai, lan bilerak egiten dira, martxan jarri nahi diren ekinbideak antolatzeko, ikuspegi zabal bat garatzeko, nolako estrategiak erabiliko diren erabakitzeko… Ez dira lan bilera oso zabalak, eraginkortasuna delako helburua; eta, bestetik, inplikazio handia eskatzen zaielako bertan parte hartuko dutenez. Gero, adibidez, indarkeria matxistaz hitz egin behar bada, agian udaltzainak parte hartu behar du, edo puntu ilunez ari bagara, hirigintzakoak edo arkitektoak egon behar du bileran…

Lan mahai horretatik nola egiten da herritarrenganako pausoa?

Hori hirugarren lan esparruan sartzen da. Lehenengo bi esparruetan gauzak garatzen diren heinean, helburua herritarrengana iristea da. Eta nola egiten da hori? Jardueren bitartez. Eta jarduera horiek asmatu, antolatu eta gauzatzeko ere laguntza eskaintzen die Berdinbidean programak. Izan litezke hitzaldiak, erakusketak, ipuin kontalariak… Edozer.

Kanpora begirako lanaz gain, udalaren barne funtzionamenduari ere erreparatzen zaio.

Bai, udalaren kudeaketan eta barne funtzionamenduan genero ikuspegia txertatzea ezinbestekoa da. Bai idatzietan, bai zerbitzu bat martxan jartzean, bai programa bat abiatzean… Genero ikuspegiaren iragazkitik pasatu behar du udal erabaki eta ekintza orok. Zeharkako lerroa da generoarena, eta arlo guztietan aplikatu behar da.

Udalek zein kezka eta beharrekin jotzen dute zuengana?

Ezagutza falta izaten da haien kezka nagusia. Nahia bai, eta gogoa ere badute, baina gero baliabide eta ezagutza faltagatik, ez dakite nola lan egin. Nola txertatu genero ikuspegi hori? Eta hori da Berdinbidean-ek eskaintzen dien laguntza, ezagutza eta esperientzia jartzen ditugu haien zerbitzura. Denetariko aholkularitza eskaintzen zaie udalei, eta, bestetik, hemengo bi teknikariak herriz herri joaten dira, eta lan pedagogiko izugarria egiten dute arlo horretan.

Udalek betebehar batzuk dituzte programan parte hartu eta jarraitzeko?

Bai, konpromiso bat sinatzen da hasieran. Nahia eta gogoa ez dira nahikoa, pausoak eman behar dira, eta egiten den planifikazio hori gauzatu egin behar du udalak. Hau ez da paretean zintzilik jartzen den paper bat, apaingarri bat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.