“Kick boxingean kirol lege handia dago, elkar jo arren”

“Kick boxingean kirol lege handia dago, elkar jo arren”

Julene Frantzesena

Joan zen larunbatean Sevillan (Andaluzia, Espainia) izan zen Ainara Torvisco (Azpeitia, 1992), Espainiako Kick Boxing Txapelketan lehiatzen. Ilusioz joan, eta sentipen gazi-gozoarekin itzuli da herrira, nahiz eta urrezko domina kolkoratu zuen.

Ringera igo, eta aurkaria falta. Borrokatu gabe, txapeldun.

Sentipen txarrarekin nago. Urrezko domina daukat, baina ez naiz irabazle sentitzen. Dena den, igandean baino baikorrago nago, iaztik inork ez dit-eta irabazi. Eskerrak iaz borrokatuta irabazi nuen Espainiako Txapelketa… Hilabeteak aritu naiz entrenatzen, elikadura zaintzen… Sevillara bidaia egin, izugarrizko urduritasuna pasatu, eta nerbio horiek askatu gabe itzuli naiz etxera.

Zuen mailan hiru zineten finalean lehiatzekoak, ezta?

Larunbatean esan zidaten 48 eta 52 kilo arteko mailan hiru ginela, eta, zozketaz, zuzenean finalera pasatu nintzela. Beste biek elkarren kontra jokatu behar zuten zapatuan, eta hango garailea ariko zen nire kontra igandeko finalean. Urduri nengoen, eta ez nintzen ikustera joan, baina esan zidaten valentziar baten aurka ariko nintzela hurrengo egunean. Joan nintzen finalaren tokira, berotzen hasi nintzen, esan zituzten nire izena eta bestearena, ringera igo zeharo urduri, zain egon, eta bestea azaldu ez! Epailea etorri zitzaidan, erdian jarri, eskua igo, eta negar batean hasi nintzen, ezintasunarekin.

Orain zein helburu dituzu?

Iaz, adibidez, Munduko Txapelketarako txartela lortu nuen, baina urrian izan zen, eta ez ginen ez abuztuan eta ez irailean entrenatu. Ez nuen nahi adina entrenatzerik izan, eta ez nuen Munduko Txapelketara joan nahi soilik kolpeak jasotzera. Orain, Europako Txapelketa daukagu, baina ez dakit zer gertatuko den. Hautatzaileak deitu behar ditu kirolariak, eta ikusi egin beharko da. Deitzen banaute, joan egingo naiz. Dena den, orain hilabete bat lasai pasatuko dut, entrenatuz baina lasaiago, eta gero gerokoak. Hala ere, hobetzen jarraitu nahi dut. Amateurretan aritzen naiz orain, baina pauso bat eman, eta profesional berrietan aritu nahiko nuke. Hamaika borrokaldi egin ditut urteotan, eta pausoa emateko moduan nago.

Noiz hasi zinen kick boxingean?

Betidanik gustatu zaizkit borroka arteak, eta baita kick boxinga ere. Baina duela lau bat urte hasi nintzen praktikatzen, Azkoitian. Han bost bat hilabete egin nituen, eta Zarauzko taldera joatea erabaki nuen. Duela hiru urte, Euskadiko Txapelketara aurkeztu, eta irabazi egin nuen. Espainiakoa, berriz, galdu. Iaz biak irabazi nituen, eta aurten ere bai, baina… Ea zer gertatzen den datorren urtean!

Nola aldatu zaizu errutina urteotan?

Orain gauzak egiteko borondate gehiago daukat, eta mentalki asko gogortu naiz. Sufritzen ikasten da; ez soilik fisikoki. Burugogorragoa naiz orain. Diziplina bat da kick boxinga, bizitzeko modu bat, eta nik behar dut hori zentratzeko. Egun batzuetan ez dut gogorik izaten entrenatzeko, baina bueltan ikaragarri ondo sentitzen naiz. Kirol honek sentiarazten didana izugarria da.

Sakrifizio handia eskatzen duen kirola da, beraz.

Bai. Pisuaren arabera banatzen dira mailak. Nik 53 kilo pisatzen dut, neurez, baina 52 kilora jaisten naiz lehiatzeko. Horretarako, noski, asko zaindu behar da. Ia jan gabe egon behar izaten dut, kilo hori botatzea ia ezinezkoa zaidalako, eta sakrifizio handia da. Entrenamenduak astearte eta ostegunetan egiten ditut, 20:30etik 21:30era. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, berriz, lasterka egitera joaten naiz. Ikasten eta lanean ari naiz, eta denera iristeko moldatu egin behar izaten dut, baina ohitzea da. Bestalde, entrenatzaile ona edukitzea oso-oso garrantzitsua da, eta gurea halako da; beti dago laguntzeko prest.

Kirol honetan, zein da nesken egoera?

Neska oso gutxi aritzen gara, mutilekin alderatuta. Pentsa, askotan, kostatu egiten zait aurkaria aurkitzea. Euskadiko Txapelketan, adibidez, hiru ginen gure mailan. Zarauzko taldean, berriz, 15 bat lagun gara, eta lau neska. Kirolari dagokionez, ordea, berdintasuna dagoela esango nuke; izan ere, berdin-berdin baloratzen da batzuek eta besteek egiten dutena. Hori oso garrantzitsua da. Hori bai, jarraitutasuna eskatzen duen kirola da, eta emakumeek errazago uzten dute.

Kick boxingaren xedea borroka egitea bada ere, kirol legerik ba al da?

Kirol lege handia dago kick boxingean. Ukipen kirola da; elkarri kolpeak ematen dizkiogu, elkar jotzen dugu, eta oso oldarkorra dirudi, baina aurkariekin oso ondo konpondu izan naiz beti. Borroka eginagatik, ringetik jaistean, lagunak gara. Kirola da, eta badakigu zertan ari garen. Futbolarekin alderatuta, kirol lege handiko jarduera dela uste dut. Alde horretatik, jendeak kick boxingaren irudi okerra dauka.

Kick boxingerako joerarik ba al dago Euskal Herrian?

Zaletasuna handitzen ari delakoan nago, baina Euskal Herrian, oraindik, ez dago joera handirik. Bizkaian jende dezente aritzen da kick boxingean, eta zaleak badira. Gipuzkoan, berriz, askoz ere gutxiago, eta daudenak, Donostian. Valentzian, Katalunian eta Madrilen, esaterako, indar handia du kick boxingak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.