Donostian helegitea jarriko dute araudia indargabetzearen kontra

M. Alustiza

Espainiako Gobernuari baimena eskatzekotan zen Eneko Goia Donostiako alkatea zezenketen inguruko kontsulta egin ahal izateko. Asteartean azaldu zuenez, Ministro Kontseiluari baimena eskatzea zen “bermerik handiena” ematen zuen aukera. Atzo, ordea, beste erabaki bat hartu zuen Udal Bozeramaileen Batzordeak: azkenean Auzitegi Gorenera joko du udalak, eta helegitea jarriko du galdeketa araudia indargabetzearen aurka. Joan den astean onartu zuen EAEko auzitegiak Espainiako Estatuaren abokatuak Donostiako udal arauaren kontra jarritako inpugnazioa.

Hiritar Kontsulten Araudia indargabetzeari aurre egiteko, helegitea jartzearen alde agertu da asteon Donostiako EH Bildu, eta, beraz, Goiak jarrera aldatu izanarekin pozik agertu da Axier Jaka koalizioko zinegotzia: “Aldaketa horretan giltzarria izan da herritarren aktibazioa. Alkateak, hala ere, herri kontsulten araudia defendatzeko konbentzimendu gutxi erakutsi du. Adi egongo gara, beraz”.

Donostiako Udalak aurreko agintaldian onartu zuen galdeketa araudia, duela urtebete, eta udaleko talde guztien babesa izan zuen (Bildu, PSE-EE, PP eta EAJ). Araudia prestatzen, gainera, hiriko herritar eta eragileek parte hartu zuten. Prozesu horretan aritu ziren hainbat ordezkarik ere araudia bera defendatzeko eskatu dute aste honetan, eta ez bakarrik zezenketen inguruko galdeketa.

Hainbat gizarte eragilek elkarretaratzea antolatu dute gaurko, Alderdi Ederren, 19:00etan. Deitzaileen artean daude araudia lantzen ibili zen Kontraste Taldea, Donostiako Gure Esku Dago, Donostia Antitaurina Orain plataforma eta hiriko hainbat auzo elkarte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.