Hiru asteko atzerako kontua

Eider Goenaga Lizaso

Urtea betetzera doa Gure Esku Dago dinamikak, Anoetako estadioan (Donostia) eta Euskal Herriko beste lau hiriburutan, herritarrei galdetzeko urratsa egingo zuela iragarri zuenetik. Hautetsontzi erraldoien bidez irudikatu zuten egin beharreko urratsa. Espainiako hauteskunde orokorrak gorabehera, galdeketen data dantzan ibili da orain arte, baina joan den larunbatean zehaztu zuten eguna, Donostian. Ekainaren 5ean izango da. Hiru aste barru, Euskal Herriko 34 herritan galdera egingo zaie herritarrei, denetan batera, eta helburu berarekin: erabakitzeko eskubidea gauzatzeari begirako pausoak ematea, erabakitzeko ariketak egitea.

Gipuzkoan, Goierriko 23 herritan, Debagoieneko zortzi herritan eta Azpeitian egingo dute kontsulta ekaineko lehen igandean. Guztira, 145.000 herritar biltzen dituzte galdeketa egingo duten herriek, lurralde osoko biztanleriaren %20 inguru. Aramaio (Araba) eta Ispaster (Bizkaia) izango dira egun berean kontsulta egingo dute herriak.

Herri horietan, sentsibilitate ezberdineko jendea elkartu, galdeketaren aldeko plataformak eta batzordeak eratu, galdeketak egin ahal izateko legezko elkarteak sortu, sinadurak bildu, atxikimenduak lortu, galderak zehaztu, sentsibilizaziorako ekitaldi eta jarduerak gauzatu… urte osoa eman dute lanean, herritarrei nolako estatus politikoa nahiko luketen galdetu ahal izateko. 16 urtetik gorako herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea.

Aurrera begira

Ekainaren 5ekoa, ordea, bidearen hasiera baino ez dela dio Gure Esku Dago-k. Aurrera begira ari dira lanean. Azaroan Diman (Bizkaia) eta Bakaikun (Nafarroa) egingo dituzte galdeketak, eta 2017ari begira ari dira lanean jada Oiartzualdean, Usurbilen eta Hernanin; baita Bizkaian, Aulesti, Barrika, Bermeo, Busturia, Elorrio, Sopela eta Uribe Kostan ere. Eta atzetik gehiago helduko dira. Dozenaka herritan martxan dira jada galdeketak egiteko prozesuak. 2018an dute jarria jomuga. “Akordio zabal bat erdietsi nahi dugu 2018ra bitartean, hiru milioi biztanleko herri honek libreki bere etorkizuna erabaki dezan”, esan zuen Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ko kideak, larunbatean Zurriolako hondartzan egindako agerraldian.

“Euskal Herri osoan ari da urratsak egiten Gure Esku Dago, hurrengo bi urteetan aurreikusi dugun plangintza gauzatzeko”. Plangintza horretan lehen olatua izango da ekainaren 5ekoa. Herritarren parte hartze ahalik eta handiena sustatzeko buru-belarri ari dira lanean egunotan, hiru aste barru herritarrek hautetsontziak boto-paperez bete ditzaten. “Erabakia elkarrekin eta herritarren parte hartzearekin hartuz gero, zilegizkoa eta herritarrok onartua izango da, emaitza edozein dela ere. Eta horrek gizarte kohesionatuagoa, sendoagoa, kritikoagoa eta jantziagoa ekarriko du”.

Erabakitzen hasi

Ekainaren 5eko galdeketak badu jada irudia. E5 handi batekin ilustratu dute egun horretako afixa, botoa irudikatzen duen gutun-azal batekin eta hiru eskurekin osatzen dena. Azpian, esaldi bat: “Erabakitzen hasi gara”. Erabakitzeko eskubidea erdiesteko bidean, ariketa praktikoak eta eskubide hori gauzatzeak duten garrantzia islatu nahi du Gure Esku Dago-k.

Joan den igandean, halaber, Azpeitiko eta Debagoieneko galdeketak sustatu dituzten Erain Debagoiena eta Hitzartu elkarteek ekitaldia egin zuten, Elosuan (Bergara), ekainaren 5ari begira. Orain arte egindako lanarekin pozik eta bozketa egunari begira baikor, Erain Debagoieneko kide Jon Ugarteburuk jasotako babesa nabarmendu zuen. Debagoienean, izan ere, 9.000 sinadura batu dituzte dagoeneko —Oñatin eta Antzuolan sinadurak biltzen jarraitzen dute—. “Oso datu positiboa da guretzat: herri askotan biztanleen %15ek sinatu dute”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.