“Aralar parke natural eta kultural bezala ulertu izan dut betidanik”

A. Apalategi

Mendizale gisa da ezaguna Joxe Ramon Agirre Marron (Ataun, 1959). Hainbat espedizio egin ditu munduan barrena, eta dokumentalgintzan ere sakondu du, bidaia horietan egindako ikus-entzunezko lanei esker. 2013az geroztik Lizarrustiko Parketxeko kudeatzailea ere bada.

Ataundarra eta mendizalea izanda, zer da zuretzat Aralar?

Aralar da agertoki natural bat, megalitikotik hasi eta milaka urtean gizakiaren bizileku izan dena eta gizakiari jaten eman diona. Gune bizi bat, oraindik ere bizirik mantentzen dena. Gaur egun, beste era batera bada ere, mantentzen du balio natural hori, baina gehiago denbora pasa edo aisialdi moduan.

Lizarrustiko Parketxea Aralarko atea dela diozue.

Aralarrek sarbide natural ugari ditu, bai Gipuzkoatik —hor dago Larraitz ere—, eta baita Nafarroa aldetik ere. Aralar bi aldeetako artzainen bilgune izan da urte askoan. Lizarrustin informazio gune bat jarrita, bisitariei harrera egiteko toki bat dela esan daiteke.

Zer eskaintzen diozue bisitariari informazio gune horretan?

Plataforma ezberdinen bidez, Aralarko parke naturalaren inguruko informazioa eskaintzen dugu. Euskal Herritik ez ezik, estatutik eta nazioartetik jende asko etortzen da, eta, horri esker, naturgune hau gero eta ezagunagoa egiten ari da. Jendea harrituta gelditzen da ikusita basoak, monumentu megalitikoak eta artzaintzak zer garrantzi duten, eta, batez ere, parketxea nola zainduta dagoen. Baina informazioa emateaz gain, jatetxe eta ostatu zerbitzua ere eskaintzen diegu bisitariei.

Ohiko ibilaldiez gain, gauza bereziak ere antolatzen dituzue. Ibilbide mitologikoak harrera ona izaten ari dira, ezta?

Aralar parke natural eta kultural bezala ulertu izan dut beti. Izan ere, naturaz gain, gizakiak ere presentzia handia izan du Aralarren, eta, mendez mende, eguneroko bizimoduan, sinesmenetan edo ospakizunetan oinarritutako kultur adierazpenak egin izan dira bertan. Horregatik saiatzen gara gu ere Aralarko gure eremu hau kultur erakustaldiekin lotzen.

Ataunen, mitologia aldetik oso lan interesgarria egiten ari da Jentilbaratza taldea, mitologia gaurkotu eta modu ludiko batean eskaintzen saiatzen direlako, batez ere umeentzat. Ibilbide mitologiko horietan, pertsonaia mitologikoak eta natur elementuak, biak uztartzen dira, ikuskizun ederra osatuz.

Urte osoan saiatzen gara ekintzak egiten. Iaz, Nepalgo ohiturak ezagutzeko aukera izan genuen, eta aurten gauza bera egiten saiatu nahi dugu Mongoliarekin. Aralarrek artzaintzarekin lotura estua izan duen moduan, mongoliarrek ere ganaduarekin eta bizimodu nomadarekin lotura handia dute, eta bi mundu horiek gerturatzen saiatuko gara.

Leave a Reply

Your email address will not be published.