Barandiaran zenaren oroimenak bizirik dirau

Ataungo mitologia eta kondairak Euskal Herri osoan ezagunak badira, hein handi batean Joxemiel Barandiaran antropologo eta etnografo ataundarrak egindako lanari esker dira. Aurten beteko da ikerlaria hil zeneko 25. urtemuga. Hori dela eta, haren izena daraman fundazioa hainbat ekitaldi prestatzen ari da.

Joan den martxoan egin zuen urteko lehen batzarra Barandiaran Fundazioaren patronatuak, eta han urtemuga horren harira antolatu nahi dituzten ekitaldien berri eman zuten. Guztira, bost mahai inguru egingo dituzte, Euskal Herriko bost hiriburutan. Josemari Velez de Mendizabal Fundazioko lehendakariaren arabera, “orain arte sarritan eta oso ondo jorratu izan da Barandiaranen figura elizgizon zein arkeologo ikuspuntutik”, baina, orain, “prisma ezberdin batetik” landu nahi dute gaia. Hala, Barandiaranek Europan eta euskal gizartean izan duen eragina, haren fedea eta balioak aztertuko dituzte saio horietan.

Horrekin batera, 2011. urteaz geroztik utzita zegoen Barandiaran Beka berreskuratuko dute, eta deialdi berri bat egingo dute ekainean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.