“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

“Ikusi behar dugu arazoa ez dela soilik emakumeena”

Aizpea Amas

Irungo Lakaxita gaztetxean, matxismoa deseraikitzeko lanean hasi da gizon talde bat. Datozen asteetan, hainbat tailer eta hitzaldi egingo dituzte. Lehenengoa joan den ostegunean izan zen, Ibon Arrizabalaga de Mingoren eskutik (Orio, 1973). Mikromatxismoen inguruan aritu zen. Arrizabalaga gizartearen eraldaketan lanean ari den Arremanitz kooperatibako kidea da, eta berdintasuneko masterra egina du. Gizon taldeekin ere lan egiten du.

Zergatik bereizten dira mikromatxismoa eta matxismoa?

Ez naiz mikromatxismoak aipatu zale, baina badirudi beharrezkoa dela aipatzea jende bat erakartzeko. Matxismoa aipatuta interesik izango ez lukeen jende askori badirudi interesa pizten zaiola mikromatxismoa entzunda. Nire ustez, mikromatxismotzat jotzen badira oharkabean edo ikusi gabe gertatzen diren matxismoak, oso gauza handiak izango lirateke mikromatxismo, gaur egun daukagun itsutasuna kontuan hartuta. Ez nago batere konforme hitz horrekin.

Mikromatxismoa matxismoa baino sotilagoa da, edo hori horrela ulertzea uste okerra da?

Badaude gauza sotilak, baina badaude gauza itzelak ikusi nahi ez baditugu ikusiko ez ditugunak, edo ikusteko trebatzen ez bagara ikusiko ez ditugunak. Neskek egunero jasaten dituzte egoera batzuk euren gogoz kontrakoak, eta mutilek ez ditugu ikusten. Sotilak direnak badaude, baina mikromatxismoan edozer gauza sar daiteke. Batzuetan ez gara kontziente emakumeek duten lanegun bikoitzaz edo hirukoitzaz. Hori mikro da, edo makro da? Normalean, ez dugu ikusten emakumeek EAEn laurden bat gutxiago kobratzen dutela; jendea ez da ohartzen, eta berdintasunean bizi garela pentsatzen du. Hori sotila da, edo itzela da?

Orduan, matxismoari ematen zaion garrantzi bera eman behar zaio mikromatxismoari?

Ez, mesedez, matxismoari ez zaiolako batere garrantzirik ematen. Mikromatxismoak balio badu gauza horiei garrantzia emateko, eman diezaiogun garrantzia. Matxismoa ez da existitzen: inor ez da matxista. Matxismoa gaur egun ulertzen da oso eskuin muturreko eta adin zaharreko gizon dinosauro batzuek daukaten aspaldiko aztarna bat balitz bezala; gutako inor ez denez horrekin identifikatzen, libre sentitzen gara. Matxismoa ezabatu egin dugu; ez dago. Matxismoaren garrantzi bera ematen badiogu mikromatxismoari, ez du ezertarako balio. Mikromatxismoak interes bat pizten badu, agian balio du jarrera matxistez konturatzeko. Hala ere, nik ez nuke hitz hori erabiliko; June Fernandezek Aizu aldizkarian zioen eguneroko jarrera matxistak dela termino zuzena.

Nola antzeman daitezke jarrera mikromatxistak egunerokoan?

Mikro kenduta, feministek aspaldi asmatu zuten modua konturatzeko ea zerbait matxista edo sexista den: betaurreko moreak jantzi eta gauzak ikusten hastea genero ikuspegitik. Subjektuari generoa aldatzen badiogu esanahia aldatzen da? Orduan, sexismoa edo matxismoa dago. Hizkuntzan ere gertatzen da. Euskaraz, adibidez, joaten naizen ikastetxean karteltxo bat jarrita dago: “Andereñoak“. Ez dago jarrita “Gizontxoak. Sexismoaren aztarna bat dago hizkuntzan; ezin da itzuli gizonezkoen termino batera.

Nola jokatu behar da egunerokoan aurkitzen diren jarrera matxistekin? Ez dira gauza bera txiste matxista bat edo irain matxista bat, esaterako.

Egoera zein den edo nolako pertsona zaren, gauza bat edo beste bat egin beharko duzu. Egoera horiei aurrea hartu eta guztiok aktibatu: hori egin beharko litzateke benetan. Ikusi arazoa ez dela hori jasaten dutenena, emakumeena edo emakume batzuena edo emakume feministena… guztioi dagokigun egiteko bat dela eta denek sortu behar ditugula egoerak eraso horiek egiten dituztenak ez daitezen libre sentitu hori egiteko. Adibidez, parranda giroan. Mutil kuadrilla bateko mutil bat sobratzen ari da neska batekin, eta neskak ez du harekin ezer nahi, baina berak berean segitzen du, eta, bitartean, lagunak barrez. Egunerokoa da. Ez dakit mikro edo makro den. Lagunei dagokie gelditzeko esatea. Guri ere badagokigu. Berdintasunaren alde gauden edo egon gaitezkeen gizonen kolektiboa aktibatu behar da.

Emakume eta gizon feministak ezberdin jabetzen dira mikromatxismoarekin?

Nik uste dut oso gutxi jabetuta gaudela gure eguneroko jarreretan non dagoen ikuspegi matxista edo sexista bat. Esango nuke emakume feministek, pairatzen duten neurrian, sentsibilitate bat garatzen dutela, eta gizonentzat, berriz, oso erraza da esatea berdintasunaren alde nagoela, baina gero, “ez dut ezer ikusi nahi”. Badago sentsibilizazio mailan egiteko asko, egiteko handia.

Gizonak aktibatu behar direla aipatu duzu. Zein rol jokatu behar dute borroka feministan?

Kolektibo oso garrantzitsu bat aktibatu beharrean gaude, eta urteak, hamarkadak eta mendeak daramatzagu desaktibatuta. Modu guztiak erabili behar dira kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko, eta ahal den neurrian eta erritmoan ekintzara ekartzeko.

Zein da gizon taldeen muina? Zein lanketa egin behar dute?

Esango nuke gizonen arteko giro ez-lehiakor bat sortzea dela muina. Gizarte honek elkarren lehian jartzen gaitu, elkarrengandik urruntzen gaitu, eta horrek ez digu uzten tarterik ohartzeko zer ari garen bizitzen gu ere horrelako gizarte batean bizitzeagatik; zenbateraino insentsibilizatu behar dugun eta deshumanizatu behar dugun ohartzeko emakumeek pairatzen dutena, etorkinen aurkako bortizkeria, adinekoei eragiten zaizkienak, zenbat jende dagoen gizarte honek kaltetua… Gu, gizon izateagatik ditugun pribilegio horiengatik, itsu eta gor bihurtzen gara besteen egoeren aurrean. Uste dut lehiak elikatzen duela urruntze hori. Gizon taldeetan lehia hori desaktibatzea lortzen denean, ikusten dugu gure lekutik ere sentsibilitate bat garatzeko aukera dagoela, eta elkarrekin zerbait egitea lor dezakegula, ez bakarka.

Sortzen ari al dira gizon taldeak? Zein da haien egoera?

Euskal Herrian, duela 30 urtetik gora hasi ziren gizon taldeak. Hasieran, oso modu pribatu eta intimoan hasi ziren. 2001ean, Emakundek egin zuen nazioarteko batzar bat gai horren inguruan, eta ikusi zen ordura arte garatu ziren gizon taldeak ikusarazteko garaia iritsi zela. Orduz geroztik, egitasmo gehiago sortu ziren, gizon talde gehiago, Emakundetik ere Gizonduz sortu zen… Halako boom mediatiko bat egon zen, eta uste dut onura baino gehiago kalte egin ziola. Etorri dira gizonak, eta, ezer egin gabe, toki guztietan eta komunikabideetako titulu guztietan daude, eta horrek eragin zuen gizon talde batzuk murriztea eta beste batzuk desagertzea. Badaude, garai batean baino gizon talde gehiago daude; egoera kaskarra da oraindik, baina, behintzat, lortu dugu hamarkada batzuetan eustea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.