Pedal kolpeak “txikizioari”

Pedal kolpeak “txikizioari”

Maite Alustiza

Lau zutabe, lau lekuko, lau paper, baina mezu nagusi bat: proiektu “txikitzaileen” aurka daudela. Lurra zaindu, eredu soziala eraldatu izenarekin, bizikleta martxa antolatu dute AHT Gelditu Elkarlana koordinakundeak eta beste hainbat eragilek. Gaurtik igandera bitarte, X formako ibilbidea osatuko dute: Gipuzkoako zutabea Hendaiatik (Lapurdi) aterako da, gaur; gainerako hirurak, berriz, Muskiztik (Bizkaia), Gasteiztik eta Iruñetik irtengo dira, bihar. Bergaran batuko dira guztiak, igandean. Lau lekukoek daramatzaten mezuak Angiozarren egingo duten ekitaldian irakurriko dituzte.

AHT Gelditu Elkarlaneko kide Amagoia E. Larrañagak azaldu duenez, ahalik eta mugimendu sozial, kultural eta sindikal gehien bildu nahi izan dituzte Txirrinkan: “Saiatu gara ahalik eta jende gehien batzen; denek ekarpen berdinak egin ez arren, batuta gaudela adieraziko dugu”. Gipuzkoatik pasatuko den zutabean 31-32 talderen artean pasatuko dute erreleboa. Martxarekin bat egin duten taldeen artean daude Askekintza, CNT, mugimendu feminista, Eleak mugimendua, Eguzki, Fracking Ez, Aire Garbia plataforma, hainbat herritako gazte asanbladak… Dena den, parte hartu nahi duten guztiek aukera izango dute nahi duten toki eta orduan ibilbidera sartzeko.

Martxaren bitartez “inposatutako eta alferrikako azpiegitura handiak” salatu nahi dituzte. Abiadura handiko trena jarri dute adibide nagusi bezala, baina oro har “hormigoi politika” kritikatu dute: “Lehenengo proiektu txikitzaile bezala AHTa jarri dugu, baina dakigun bezala Euskal Herrian bata bestearen atzetik ditugu”. Erraustegia, goi tentsioko linea, fracking egitasmoak, zentral termikoak… aipatu ditu. “Gure helburua da adieraztea benetan ez dela proiektu zehatz bat gauza baterako; ez direla interes orokorrerako proiektuak, politikariek defendatzen duten bezala. Argi utzi nahi dugu denak lotura duela, eta momentu honetako krisira garamatzatela; izan daiteke krisi ekonomikoa, soziala, eta beste hainbat krisi ere bai”.

Bultzatzaileek diotenez, lurra “hipotekatzen” ari dira, eta azpiegitura handi horiek “kapitalismoaren ezinbesteko oinarri” dira. Hortaz, beharrezkotzat dute lurra zaintzea eta gizarte eredua “goitik behera” aldatzea. Larrañagaren arabera, azpiegitura horietarako erabilitako baliabideak herritarren zerbitzura jarri beharko lirateke.

Martxa bukatzeko Angiozar ingurua aukeratu izana ez da kasualitatea. Bi arrazoirengatik egingo dute han amaierako ekitaldia. “Batetik, AHTaren lanengatik, bai eta inguru horretan zabortegi bat ireki nahian dabiltzalako ere”. Bestetik, AHT Gelditu Elkarlanarentzat esanguratsua da tokia, koordinakundeak egin zuen lehenengo mobilizazioa Bergaratik Angiozarrera izan zelako.

Txirrinkak indarrak batzeko balioko duela espero du Larrañagak: “Beharrezkoa da batera egotea muturren aurrean ditugun egoerei aurre egiteko. Ezin gara lasai egon inguruan gertatzen ari denari begira”. Haren ustez, batuta bakarrik ikusiko dute zer-nolako gaitasuna izan dezaketen aurrera begira pausoak emateko: “Askotan ez dugu sinesten; nor bere kasa gabiltza, eta nahiko genuke hori adierazi. Ez gara lau katu; goazen batzera eta gure esku dagoena egitera”.

Txirrinka egitasmoak Euskal Herriko lurralde eta eragileak batuko ditu, baina, Larrañagak dioenez, azpiegitura handiena lurraldetik haratago doa. Hala, Euskal Herrikoak Europako hainbat mugimendutako kideekin batuko dira Baionan, uztailaren 15etik 17ra, “azpiegitura inposatu eta alferrikakoen foroan”. Europa mailan egiten den seigarren foroa izango da, eta parte hartzeko deia egin du AHT Gelditu Elkarlanak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.