Eremu turistikoaren definizio berria salatu dute sindikatuek

E. Goenaga Lizaso

Donostiako Udalak aldatu egin du hiriburuko eremu turistikoaren definizioa: urtarriletik aurrera, eremua zabaldu eta 150 metro koadrotik gorako saltokiei urte osoan emango die jaiegunetan irekitzeko aukera —lehen, soilik uztail eta abuztuan zuten—. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek ez dute begi onez ikusten aldaketa, eta joan den astean agerraldi bateratua egin zuten, Donostiako udal gobernuaren erabakia gaitzetsi eta mozioa aurkeztuko dutela iragartzeko. Haien esanetan, “sindikatu, merkataritza elkarte eta gainontzeko alderdiei bizkar emanda onartu dute aldaketa EAJk eta PSEk. Ezkutuan eta eztabaidarik gabe”.

2014ko urrian, Espainiako Gobernuaren dekretu batek aginduta, Donostiako Udalak merkataritzari begirako eremu turistiko bat izendatu behar izan zuen, Donostia osoa definizio horren barruan sar ez zedin. 150 metro koadrotik gorako saltokiei irekitzeko aukera ematen die eremu horretan egoteak. Donostiako Udala horren eragina ahal bezain beste mugatzen saiatu zen, merkatarien elkarte, sindikatu eta alderdi politikoekin adostuta. 150 metro koadrotik gorako saltokirik apenas dagoen gune bat izendatu zuten eremu turistiko: kaia eta Parte Zaharreko zati bat —San Juan kaleraino, Bretxako merkataritza gunea kanpoan utziz—. Bestalde, dendak irekitzeko baimena uztail eta abuztura mugatu zuen.

Donostiako udal gobernu berriak, baina, gunea eta egutegia zabaltzea erabaki zuen iazko azaroan, eta urte hasierarekin jarri zen indarrean. Egun, Donostiako eremu turistikoak Parte Zaharra osorik hartzen du, eta baita Zurriolako pasealekua ere. Saltokiak jaiegunetan irekitzeko aukera, berriz, urte osoan dute 150 metro koadrotik gorakoek.

Ondorioak

Aldaketaren ondorioak udan gehiago sumatuko direlakoan, eta 2017rako eremuaren definizioa lehengoratzeko deia eginez, lau sindikatuek hainbat arrazoi eman dituzte aldaketaren kontra agertzeko. Haizea Solagurenbeaskoa LABeko ordezkariaren hitzetan, “neurriak merkataritza ordutegien liberalizazioa dakar, eta horrek, marka handien interesei erantzuteaz gain, denda txiki eta ertainei kalte larria egiteko arriskua dakar; baita merkataritzako langileen lan baldintzak okertzeko aukera ere”. Sindikatuen arabera, gainera, aldaketa egiteko garaian udalak ez du inolako arrazoirik aurkeztu, ezta bere garaian alderdi, merkatari eta sindikatuekin lortutako akordioa haustekoak ere.

Sindikatuen aburuz, ordutegia zabaltzeak ez du jarduera ekonomikoa handitzen, ez eta enplegu gehiago sortzen ere. “Jaiegunetan egiten den erosketa beste egun batean egiten ez dena baita. Erosteko ahalmen handiagoa izateak ekarriko luke kontsumoa gehitzea, ez ordutegien liberalizazioak. Gainera, sortzen den enplegua partziala eta, gune handietan, prekarioagoa”. Merkataritza gune txikietan enplegua suntsitzen duela ere azpimarratu du Solagurenbeaskoak, eta lanean ari direnei “familia eta lana uztartzeko zailtasuna” areagotu egiten zaiela. “Azpimarratzekoa da, halaber, bereziki sektore feminizatua dela kaltetuen irteten dena”.

“Egoeraren larritasuna ikusita”, sindikatuek mozioa aurkezteko asmoa dute, EH Bildu eta Irabaziren babesarekin. “Eztabaida sustatu nahi dugu, eremu turistikoaren aurreko definizioa mahai gainean jartzeko, langile zein merkatari txikientzat onena dela ikusten dugulako”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.