[Herriz herri] Azkoitia. Euskara, helburu eta bitarteko

[Herriz herri] Azkoitia. Euskara, helburu eta bitarteko

Aitziber Arzallus

Azkoitia entzun eta burura pilota kontuak etortzea ez da harritzekoa. Urola eskualdeko herri horrek ondo errotutako tradizioa du kirol horretan. Zerbaitegatik esaten diote “pilotari handien sehaska”, besteak beste, Jokin Errasti eta atanotarrak hangoak direlako. Azkoitia da Jorge Oteiza eskultorearen zazpi pilotalekuen kokalekua ere.

Baina pilotarako zaletasunaz gain, beste berezitasun batzuk ere baditu Azkoitiak. Industria sektore indartsua, esaterako. Horregatik, aspalditxotik da kanpotarrentzat jomuga interesgarria Azkoitia. Eta horren lekuko dira biztanleriaren bilakaera datuak: azken hamarkadan %10etik gora hazi da herritarren kopurua: 2005ean 10.500 lagun bizi ziren, eta 2015ean 11.500 baino gehiago. Kanpotarren etorrerak eragin du hazkunde hori hein handi batean: duela hamar urte baino %55 etorkin gehiago bizi dira gaur. Hala, biztanleen %8,3 kanpotarrak dira, Gipuzkoako eta EAEko batez bestekoen gainetik.

Hori horrela, Azkoitiko Udala, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiaren laguntzarekin, lau urterako Bizikidetza Plana lantzen ari da, Maddalen Epelde ikerlariaren ardurapean. “Herrian bizi diren kanpotarren inguruko azterketa kuantitatiboa eta kualitatiboa egingo dugu, errealitateaz jabetzeko eta haien gizarteratzea errazteko unean uneko ekimenak proposatzeko”.

Ez da Azkoitiko Udalak gisa horretako lanketa bat egiten duen lehen aldia, 2011tik 2016ra Azkoitiko Immigrazioaren Tokiko Plana deiturikoa gauzatu baitu. Baina denborarekin egoera aldatu egin da, eta beharrak ere bai. Epelderen arabera, “lehen etorkin asko iristen ziren, eta gutxi zeuden herrian. Orain, asko daude, eta gutxiago iristen dira. Herrian geroz eta gehiago dira etorkinen seme-alabak izan arren etorkinak ez direnak, Azkoitian jaioak direnak”. Aldaketa horiei egoki erantzuteko jarduera plan berri bat martxan jartzea beharrezkoa dela deritzo. “Orain dela urte batzuk udalen ardura zen nola egin harrera, nola lagundu herrira iristen zirenean. Orain, beste puntu batean gaude, gizarteratze fasean, eta horrek aniztasunaren kudeaketa lantzea eskatzen du”. Herriko errealitatearen “argazkia” egiteaz gain, elkarbizitza hobea izan dadin zer aldatu aztertuko dute, eta jarduera zehatzak planteatuko dituzte, “martxan jartzeko modukoak, errealistak”.

Pertzepzio okerra

Badira atentzioa ematen duten datuak, Epelderen ustetan. “Egia da kanpotik jende asko etorri dela Azkoitira, batez bestekoa Gipuzkoakoa eta EAEkoa baino handiagoa dela, baina aldea ez da horren handia. Jendeak bestelako pertzepzioa du, benetan dauden baino gehiago dauden irudipena”. Zergatik? Etorkin horien ezaugarriengatik. Izan ere, Gipuzkoan eta EAEn latinoamerikarrak dira kanpotarren %45, eta Azkoitian magrebtarrak eta pakistandarrak dira etorkinen %65. “Bisualki atentzio handiagoa ematen duten kolektiboak dira, janzkeragatik-eta, eta ematen du gehiago direla”.

Kanpoko itxura ez da alde bakarra. “Azkoitian bizi diren kanpotar gehienak musulmanak dira erlijioz, eta arabiera dute ama hizkuntza. Latinoamerikarrak, berriz, katolikoak izan ohi dira, eta gaztelaniaz hitz egiten dute. Errotzea eta gizarteratzea erraztu edo zaildu dezaketen ezaugarriak dira, nahiz eta azkenean pertsonaren arabera izaten den hori”.

Epeldek eta haren lantaldeak hiru hilabetez jardungo dute bizikidetza plana lantzen; maiatzaren hasieran hasi ziren, eta uztailaren amaiera arte, gutxi gorabehera. Abuztuko oporraldia igarota, irailean aurkezpena egiteko moduan izango direla uste du ikerlariak. “Handik aurrera, proposatuko ditugun hamabost edo hogei jarduera horiek martxan jartzea bakarrik faltako da”. Legealdia bukatzerako, 2020rako, plana gauzatzea da Azkoitiko Udalaren asmoa.

Ziur asko hizkuntzaren inguruko gogoetarik jasoko du plan horrek, gizarteratzen laguntzeko bitartekoetako bat delako. Hori horrela, urtearen hasieratik hona, lanean euskaraz komunikatzeko konfiantzarik ez dutenei begira hainbat ikastaro antolatu ditu udalak, euskara eta elkarbizitza txertatuz. Doan izan dira, eta 52 lagunek parte hartu dute.

Ikastaroak emateaz Banaiz Bagara elkartea arduratu da, Euskara Plus programaren barnean. Language for work metodologia erabili dute horretarako. “Hutsetik hasten da metodologia hori, eta guztiz praktikoa da”, Petra Elser elkarteko zuzendariaren hitzetan. Ikastaroak lan arloen arabera sailkatuta egin dituzte. Ostalaritza eta merkataritza arloko bi, eta pertsonen zaintzara zuzendutako beste bat, orain artean. “Lan lekuetan bertan egin ditugu: ostalaritzakoak erretiratuen tabernan eta zaintzakoa zaharren egoitzan. Benetako tresnak benetako lekuetan erabilita, laneko konpetentziak eta hizkuntza aldi berean lantzen ditugu, modu guztiz praktikoan”.

Hogei orduko ikastaro horietan, lan arlo bakoitzeko oinarrizko hiztegia bereganatu dute parte hartzaileek, lan egoera elebidun batean moldatzen ikasi dute, eta curriculumak hobetzeko eta lana bilatzeko aholkuak jaso dituzte.

Mundukoloreak egitasmoa 2005eko apirilean jarri zuten martxan udalaren, ikastetxeen eta AEKren ekimenez, euskaraz moldatzen ez ziren haurrei laguntzeko. Miren Alberdi AEK-ko hezitzailearen hitzetan, herriko ikastetxeak jabetu ziren beharraz, ikusi zutelako eskoletan egindako lanketa ez zela nahikoa. Hala, LHko hamazazpi ikasle, hiru taldetan banatuta, astelehenetik ostegunera eguerdiro elkartzen dira AEK-ko hezitzaileekin, euskaraz hitz egiteko. DBHko ikasleekin, berriz, astean bi saio egiten dituzte. Haur bakoitzak bi urtez parte hartzen du proiektuan, eta, Alberdiren arabera, ikastetxeak “oso pozik” daude emaitzarekin.

Saltokiei laguntzak

Kalean euskarak presentzia handiagoa izatea helburu duen ekinbiderik ere badu abian udalak. Esate baterako, herriko dendari eta tabernariek diru laguntzak eska ditzakete kanpoko errotulua eta erabiltzen duten materiala, hala nola poltsak, fakturak, bisita txartelak eta abar euskaratzeko. Diruz lagunduko ditu euskaraz egindako webguneak eta programa informatikoak ere. Estreinakoz, publizitatea euskaraz egiteagatik ere jaso ahalko dituzte laguntza horiek. Interesa dutenek urriaren 31 arteko epea dute eskaerak egiteko. Informazio gehiago nahi dutenek 943-85 71 75 telefonora deitu dezakete edo euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi.

Leave a Reply

Your email address will not be published.