Laborategi bat, musikaz hazteko

Laborategi bat, musikaz hazteko

Itzea Urkizu Arsuaga

Esperimentatuz ikastea hezkuntza sistemarik aurrerakoienek marraztutako bidea da. Europa iparraldeko arkatzek egin izan dituzte bide horren lehen lerroak, baina Euskal Herrira iritsi da hango oihartzunik: MusikaLab udalekuena adibide bat da.

Gainerako udaleku guztietan bezalaxe, MusikaLaben ere haur eta gaztetxoek ondo pasatzeko espazio bat eraikitzea dute jomuga, baina musika da gozamen horren guztiaren aitzakia, abiapuntu eta motor. Leire Olano asteasuarra antolatzaileetako bat da, eta iazko esperientzia “aberasgarriak” bide eman dio egitasmoaren jarraipenari. Mondragon Unibertsitateko LEINN graduko ikasleak daude MusikaLab udalekuen atzean, eta, zehazki, Kimmu taldekoak: “Kimmu, oraingoz, enpresa proiektu bat da, ikasle elkarte gisa erregistratuta dagoen arren. Proiektu horretan hainbat adar jorratzen ditugu, eta musikarena da bat, Gure Bazterrak izenburupean. Musikak taldekide guztion grina pizten zuen, eta aukera asko ikusten genituen; beraz, Gure Bazterrak festibala antolatzen hasi, eta musika eta hezkuntza uztartzea bururatu zitzaigun gero”.

Ideia hori garatu eta MusikaLab udalekua iaz gorpuztu zuten, estreinakoz, hamar neska-mutilekin. “Ez da ohiko udaleku bat, eta jolasak egin eta denbora pasatzeaz harago iritsi nahi dugu guk”, dio Olanok. Finean, Kimmuko kideen nahia haur eta gaztetxoek esperimentatzea da, beren garapen pertsonala musikaren bidetik ere egitea eta, halaber, musika metodo tradizionaletik kanpo sentitu eta gozatzea.

Melodia eta erritmoen unibertsoan murgiltzeko Sunbilla (Nafarroa) izango dute topagune, ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitarte, eta 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilek izango dute esperientzia hori ezagutzeko aukera. Kimmuko kideak eurak izango dira arduradunak, tartean bai baitira musika adituak nahiz begirale titulua dutenak. “Horrez gain, iazko moduan, profesionalekin elkarlanean ariko gara, eta musika zuzendari bat izango du udalekuak”.

Udalekuaren dinamika eta funtzionamendua “ez da berez beste munduko ezer”, Olanoren arabera. Bat eta bakarra da berezitasuna: guztia musikaren bueltan garatzea, lana eta jolasa uztartuz. Goizetan entsegu txiki batzuk egiten dituzte musika zuzendariarekin, kantuak egiteko, adibidez: “Hara joan aurretik haur bakoitzari bere abesti gustukoenak zein diren galdetzen diogu, eta, besteak beste, horiek lantzen dituzte, partiturak osatuz eta bestelako lanak eginez”. Arratsaldetan, berriz, goizean eserita egindako lanei jolasen bitartez ematen diete jarraipena, afalondoko gaubelekin eguna biribiltzeko: “Kontzertuak irudikatzen ditugu, film musikalak ikusi, kantuak konposatu…”.

MusikaLab udalekuen balio erantsia, ordea, musikarien zuzeneko bizipenek eskaintzen dute: “Bertako hainbat musika taldetako kideen bisitak jasotzen dituzte gaztetxoek, eta beren bizipen eta testigantzak ezagutzea benetan interesgarri suertatzen zaie”.

Hezkuntza tradizionalaren moldeak irauli, eta haurrek beren burua zein ingurua musikaren bitartez ezagutzeko, grina eta gogoa baino ez dira ezinbesteko izango. Gaztetxoek musika tresnarik jotzen ez badute ere, beren tokia izango dute udalekuan, eta musikalaborategia@gmail.com helbidean eman ahal izango dute izena.

MusikaLab udalekuan haurrekin landuko dutenaren bide beretik, Finlandian sortutako hezkuntza metodologia bati jarraiki ari dira graduan Kimmuko kideak. Besteak beste, eurek proposaturiko proiektuen bitartez barneratzen dituzte helburu eta jakintzak, eta eredu tradizionalak zehazturiko klaserik ez dute jasotzen: “Ikasten dugun guztia guk bilatu behar izaten dugu, liburuetatik eta. Horregatik, zenbait gauzatan trebatzea kosta egiten zaigu; orain, adibidez, branding-arekin ari gara, pixkana”.

Erritmo propioa ezartzeko aukera eskaintzen duen sisteman, ordea, atzerriko nortasun, kultura eta ohiturez blaitzen dihardute lehen mailaz geroztik: “Finlandian izan ginen, eta gero AEBetan eta Asian. Leku horiek guztiak bisitatzetik itzultzen zarenean, gauzei beste modu batera begiratzen diezu, askoz ere pentsaera globalago batekin ikusten duzu guztia”. Horrela, aipatzekoa da Euskal Herrian MusikaLab udalekuak antolatzen ari diren bide beretik, Kimmuko hiru kide Shanghain (Txina) ari direla, jardun berean. Halaber, artisten kudeatzaile lanetan ere buru-belarri ari dira: “Benito Lertxundi eta Olatz Zugastirekin ari gara, eta musikari gazteei bidea ireki nahi diegu orain”.

Datorren ikasturtean laugarren maila egingo dute Kimmuko hamahiru kideek, eta gradu amaierako lana osatzearekin batera, lau ikasturtetan esperimentatutakoak egitasmo erreal bilakatuko dituzte. “Guk baiezkoa erabaki dugu: orain arte ikasle elkarte izandako Kimmu benetako enpresa bilakatzea, kooperatiba. Orain, une garrantzitsu batean gaude, eta bost adar definitu ditugu, hasteko: musika, diseinua edo artea, gastronomia, berrikuntza eta iraunkortasuna. Horrela, lerro horiek bateratu eta apustu horri heltzeko proiektuak zehaztu beharko ditugu, Kimmu gure ogibide bilakatuko baita; sekulako erronka da guretzat”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.