“Azpeitiarrak oso azpeitiarrak gara, gure herria denen aurretik jartzen dugu”

A. Arzallus

Bertsolari izateak Euskal Herriko herri gehientsuenak ezagutzeko aukera eman dio Sebastian Lizasori (Azpeitia, 1958).

Nola aldatu da herria txiki zinenetik?

Ikaragarri. Gu Landetan bizi ginen eta lehen urruti zegoen Azpeititik. Tartean tailer bat eta futbol zelaia besterik ez zeuden. Orain, berriz, dena bat eginda dago. Loiola aldea ere urruti gelditzen zen, Sanjuandegi ez zen existitu ere egiten…

Zertan egin du onera, eta zertan txarrera?

Nik uste herria orduan baino txukunago dagoela, baina geroz eta leku berde gutxiago dagoela. Landeta aldean baserriak ziren lehen, euren soro eta zelaiekin.

Baduzu herrian oso gustuko lekurik?

Nik maitasun berezia Landetari, Landeta inguruari eta Oñatz aldeari izan diot beti, hantxe hazia naizelako eta hantxe ibili izan naizelako beti.

Zerk du Azpeitiak beste herrietatik aparteko egiten dutena? Eta zer azpeitiarrek?

Bat, azpeitiarrak oso-oso azpeitiarrak garela, edozein tokitara joanda ere beste guztiaren aurretik gure herria jartzen dugula. Beste bat, Azpeitian jendeak ondo bizitzen jakin izan duela.

Azpeitiarra ez bazina, nongoa?

Hemen inguruko herriren batekoa: Errezil, Bidania…

Eta Azkoitikoa?

Ez.

Nolako uda espero duzu?

Lanik gehieneko sasoia izaten da guretzat. Saiatzen naiz neuretzako denbora pixka bat hartzen, baina ez da erraza izaten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.