[Herriz herri] Azpeitia. Sortzaile berrien arrastoan

[Herriz herri] Azpeitia. Sortzaile berrien arrastoan

Aitziber Arzallus

Azpeitia. Herri euskalduna. Euskal Herrian 10.000tik gora biztanle dituzten herrien artean batez beste euskaldun gehien duena —14.822 biztanle zituen iaz—. Azpeitiarren %86k kalean euskaraz egiten dutela zioen EAEko Soziolingustika Klusterrak duela urte batzuk egindako azterketa batek.

Herri festazalea ere bada. Egutegian gorriz markatuak izaten dituzten data guztiak dira horren lekuko: sansebastianak, inauteriak, santiagoak, saninazioak, santomasak… Eta festak aipatuta, ezin zezenak aipatu gabe utzi, kontrakoen zein aldekoen iritziak iritzi, sokamuturra eta zezenketak Azpeitiko festen parte eta bereizgarri baitira. Eta baita bisitariak hartzeko aitzakia ere.

Dena dela, herrira turista gehien erakartzen duen lekua Loiolako santutegia da, San Ignazioren jaiotetxea izandakoa. Iaz, bigarren urtez jarraian, bisitari kopuruan marka hautsi zuen Loiolako Turismo Bulegoak 30.746 laguni zerbitzua emanda, 2014an baino %13 gehiagori. Bisitari gehienak —%70— taldean joaten dira hara, eta, normalean, santutegia eta haren inguruak ikusi eta beste norabait alde egiten dute. Badira, ordea, herria eta inguruak ikustera gelditzen direnak ere: Burdinbidearen Euskal Museoa dela, herriko parrokia dela… Eta hori antzeman egiten dute herriko denda, taberna eta ostatuek. Iazko abuztuan beteta egon ziren herriko alojamendu guztiak, eta uztailean %80an.

Herriaren historia eta ondarea ezagutzera Azpeitira joaten diren kanpotarrak asko dira, bai, baina baita beste interes batzuengatik doazenak ere. Kulturaren esparruan mugimendu handiko herria baita Urola eskualdekoa. Aski ezagunak dira, esate baterako, han egiten dituzten Euskal Antzerki Topaketak, Euskal Herri osoan euskaraz egiten diren antzerki topaketa bakarrak. Azaroan izaten dira, eta aurtengoa 34. aldia izango da.

Sanagustin kulturguneak arlo horretan egin duen lekua ere aipatzekoa da. Bost urte igaro dira Azpeitiko Kultur Mahaiak proiektua abian jarri zuenetik, eta emaitzak harrigarriak dira. Urteotan —aurtengo datuak kontuan hartu gabe— 641 ekitaldi antolatu ditu kooperatibak, eta 110.352 ikus-entzule izan dira guztira. 2015ean, 31.010 ikus-entzule izan zituzten antolatutako 149 ekitaldietan. Hamar ekitalditatik zortzi herriko beste eragile batzuekin egindako elkarlanaren ondorio izan ziren, eta hamar bat izan ezik, beste guztiak euskaraz. Horrek herriko kultur sormenean eragina du, ekitaldien erdiak baino gehiago herriko sortzaileenak izan daitezen saiatzen baitira —orain arte %54 izan dira—. Proiektuaren arduradunen hitzetan, Azpeitia “oso bizirik” dagoen herria da; “zorte handia dugu”.

Sorkuntza bekak

Kultur sorkuntzari lotuta, Azpeitiko Udalak baditu pare bat egitasmo esku artean. Batetik, Sorkuntza Bekak, Kultur Mahaiarekin elkarlanean sortu berri dituenak. Sorkuntza eta sortzaile berrien lana bultzatzeko jaiotako egitasmora hamar proiektu aurkeztu dituzte, eta horietako bost saritzea erabaki du epaimahaiak. Bi proiektuk 1.500na euroko laguntza jasoko dute, eta beste hirurek mila bana eurokoa. Bekak izandako erantzunarekin udala “oso pozik” dagoela adierazi du Ainara Larrañaga Kultura Batzordeko kideak. “Azken urteetan, Kultur Mahaiarekin elkarlanean lanketa handia egin dugu sorkuntzaren bueltan. Kultur sortzaile berriak bultzatzea da gure helburua, eta azken asteotan erakutsi dugu hartutako konpromisoa betetzen ari garela: bekez gain, Soreasun sorkuntzarako gune bat sortzeko proiektua lantzen ari gara, eta horretarako herriko talde eta norbanako askorekin elkartzen”.

Hain zuzen, Soreasuko sorkuntza gune hori da udalak esku artean darabilen bigarren egitasmoa. Antzokia kulturaz betetzeko egitasmoarekin, “jauzi kualitatibo bat” eman nahi dute, Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuaren esanetan. “Eta hori egiteko modu bakarra elkarlana da”. Horretarako, bost eremutan banatu dute Soreasuren jarduna: hitza, soinua, irudia, transmisioa eta arte eszenikoak. Batzar irekien bidez definitu nahi dute Soreasuren izaera. Uztailaren bukaera alderako proiektuaren nondik norakoak zehaztuta edukiko dituztela uste du Xabier Gantzarainek, lan horren ardura duen teknikariak.

Ekonomia sustatzeko plana

Herri industriala izaki, krisiak gogor astindu ditu Azpeitiko enpresa asko. Oraintsu arte, bigarren sektorea izan da herriko ekonomiaren motor eta bultzatzaile nagusia. Zurgintza eta altzarigintzan punta-puntako kooperatibek eta altzairugintzan nazioarteko entzutea zutenek osatzen zuten hango enpresa sarea. Krisiaren erruz, ordea, azken urteotan asko ahuldu da sektore hori. Kontrara, zerbitzuetako enpresek indartzera jo dute, eta lehen baino leku handiagoa dute herriko ekonomian.

Egoeraz jabetuta, herriko ekonomia sustatzeko helburuarekin, udalak plan bat jarri du abian, 300.000 euroko aurrekontuarekin. Horrez gain, beste 200.000 euro jarri ditu formakuntza sustatzeko.

Lau lerrotan banatu ditu diru laguntza horiek: enpresa eta industria proiektu estrategiko edo berritzaileak bultzatzeko; ekintzailetza sustatzeko; berrikuntza sozialeko proiektuak bultzatzeko; eta merkataritzan eta lehen sektorean enplegua sustatzeko. Laguntzak urriaren 31 bitartean eskatu ahal izango dira. Sustapen Planaren inguruko informazio gehiago jasotzeko, Azpeitia Berritzen-ek Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan duen bulegora joan beharko da urriaren 31ra bitartean, edo 943-15 71 83 zenbakira deitu. Diru laguntzen eskaera udaletxean egin behar da. Eskaera orriak Azpeitiko Udalaren webgunean daude eskuragarri.

Plan hori baliatu du, esaterako, Jolastek-ek, eta udalak emandako diru laguntzarekin 3D inprimagailu bat erosi du, gaztetxoei ikastaroak emateko. Helburua da gaztetxoei teknologia berriak gerturatzea, horiekin trebatzen has daitezen. Enok Sudupe Jolastek proiektuaren sustatzaileetako baten esanetan, “etorkizuneko gizartean pentsatuta, teknologia berriak lantzen hasi beharra dago, eta horretarako metodologia kolaboratiboa proposatzen du Jolastek-ek. Talde lanean, erronka bidez lantzen dituzte teknologia berriak”.

Gizarte laguntzak

Ekonomia sustatzekoez gain, estualdian diren herritarrei laguntzeko diru laguntzak ere ematen ditu Azpeitiko Udalak. Laguntza horiek dira herritarren unean uneko beharrei erantzuteko, esate baterako, alokairuaren ordainketari, kredituei, obrei edo lehen mailako beharrei. Eusko Jaurlaritzak eskaintzen ditu berez laguntza horiek, baina hark jarritako kopuruak “ez du bermatzen azpeitiar guztien beharrak asetzea”, Ainhoa Beristain Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren arabera. Horregatik, aurten udalak 106.000 euro jarri ditu gizarte larrialdietarako.

Joan den urtean, udalak eta Jaurlaritzak herriko 211 familia lagundu zituzten gizarte larrialdietako laguntzekin. Horretarako, denera 265.000 euro erabili zituzten, haietatik 141.000 euro udalak jarritakoak. Eskatzaileen %39k alokairua ordaintzeko eskatu zuten laguntza; %21ek kredituren bat pagatzeko; %28k etxeko mantentze lanetarako eta %7k lehen mailako beharrak asetzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.