Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Herri txikiak “erakargarri eta lehiakor” egiteko, lau neurri

Maite Alustiza

Eskualde “sendoak” ditu Gipuzkoak, baina haien barruan desoreka “handiak” daude herri txikien eta handien artean. Herri txikiek eta landa eremukoek zailtasunak dituzte, besteak beste Internet sare egoki bat izateko. Desoreka horiei aurre egin nahi die Gipuzkoako Diputazioak, eta, horretarako, 25 milioi euroko diru saila jarri du Landagipuzkoa+ programarako. Markel Olano ahaldun nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoako herritar guztiek oinarrian “pareko bizi kalitatea” izatea da helburua. Asmoa bikoitza da: biztanleriari eustea batetik, eta landa eremuak “erakargarri eta lehiakor” egitea bestetik. Joan den ostiralean eman zieten planaren berri herrietako ordezkari eta eragileei, Albizturren.

Lau neurri biltzen ditu egitasmoak, bi ataletan banatuta. Planaren lehen atala 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten Gipuzkoako 48 udalerrientzat da. Horren barruan, bi ekintza egingo dituzte: zuntz optikoa jartzea eta sustapen ekonomikoko “proiektu estrategikoak” garatzea.

Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuak ziurtatu du legealdi honetan iritsiko dela zuntz optikoa 48 herriguneetara —baita herri horietako beste auzo batzuetara ere—. Neurri horrekin, informazio eta komunikazio teknologien garapena herriguneetara eraman nahi du aldundiak: “Udalerri horietako bizilagunei zerbitzu bat eskaintzeaz gain, jarduera ekonomikoarekin ere guztiz lotuta dago”.

Proiektu estrategikoei dagokienez, berriz, herri txikietan aktibitate ekonomikoa bultzatu nahi dutenei babesa ematea biltzen du foru aldundiaren programak. Hortaz, 48 udalerrietan dauden edo egon daitezkeen egitasmo “lehiakorrenak eta erakargarrienak” diruz lagunduko dituzte. Toki bakoitzean herriko ordezkariekin adostuko dute zein proiektutara bideratu laguntza hori.

Egitasmoaren bigarren atalarekin, landa eremuetan antzemandako “gabeziei” erantzun nahi die diputazioak. Bi izango dira lan lerroak: baserri bideak konpontzea, eta argindar sarea berritzeko plana.

Lurraldeko landa eremu guztiak sartzen dira planaren bigarren atal horretan, ez soilik 2.500 biztanle baino gutxiagoko 48 herriak. Aizpururentzat, baserri bideak berritzea “ezinbesteko inbertsioa” da baserritarren bizi kalitatea bermatzeko. Azaldu duenez, Gipuzkoan ia 3.400 kilometro baserri bide daude, eta gehienak “gaizki” daude. Une honetan egoeraren argazkia eta balorazio ekonomikoa egiten ari da diputazioa, baina, aurreikusi duenez, gutxienez 1.500 kilometrotan egingo dituzte hobekuntzak.

Baserri bideak txukuntzeaz gain, landa eremuetako sare elektrikoak dituen arazoei irtenbidea eman asmo die diputazioak. Aizpuruk esan duenez, Gipuzkoako sare elektrikoa 1990. urte inguruan jarri zen martxan: “Orain, kontagailu digitalekin-eta, zaharkituta geratu da. Potentzia igoerarekin edo ustiapen hazkundearekin izen emate gehiago egin diren neurrian, beharrei ez zaie egokiro erantzun”.

Hori hala, “modernoagoa” izango den eta “ahalmen handiagoa” edukiko duen sare bat osatu nahi dute; diputatuak ziurtatu du legealdi bukaerarako jarrita egongo direla 37 transformadore berri, eta “kilometro ugaritan” lineak berrituko dituztela.

Txikien garrantzia

Programaren berri ematean, Olanok nabarmendu du herri txikiek Gipuzkoan duten garrantzia. Haren arabera, “Gipuzkoako nortasunaren oinarrietako bat” dira, eta Gipuzkoa “lehiakorra, adimentsua, orekatua eta sortzailea izan dadin, ezinbestekoa da herri txiki eta eskualde indartsuak izatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.