“Behartu gabe, umeek uretan beldur gabe ibiltzen ikasten dute”

“Behartu gabe, umeek uretan beldur gabe ibiltzen ikasten dute”

Eider Goenaga Lizaso

Tintin igeriketa eskolan ikasle izan zen Asier Bakaikoa (Tolosa, 1971) umetan. Oroitzapen politak ditu. “Ez zegoen gaur egungo erraztasunik Donostiara joateko, ez genuen autorik. Tren zaharrean joaten ginen Donostiara, kabitzen ez ginela. Egun osoko kontua izaten zen; trena hartu, Ondarretaraino joan, han igerian eta jolasean ibili eta, iluntzean, buelta etxera. Abentura baten moduan gogoratzen dut”.

8 urte zituela izan zuen Tintinekin lehen kontaktua, eta ia etenik gabea izan da ordutik harremana. 1988an irakasle gisa sartu zen, eta gerora udako igerilekuaren ardura daraman taldean aritu zen buru-belarri. “Egun, lagundu egiten diet eskolekin. Kirol teknikari gisa lan egiten dut Tolosan, eta ezin naiz bi tokietan aritu; baina laguntza behar dutenean joaten naiz, bai prestakuntza lanetara eta baita eskolak ematera ere”.

Bakaikoak aspaldiko harremana duen arren, Tintinen historia lehenago hasi zen. 1962an jarri zuen martxan Andre Beguek, eta Frantziako metodologia aplikatzen zuten igerian erakusteko. Donostiara uda pasatzera joaten ziren madrildarren seme-alabak izaten ziren ikasleetako asko. “Hasiera hartan eskola elitista zen. Franco uda pasatzera Donostiara etortzen zen garaia zen, eta goi mailako udatiarren umeak ziren ikasleetako asko. Baina hori erabat aldatu da. Gizartea bera ere aldatu da, maila sozialean ez dago halako mailaketa eta ezberdintasunik, eta edozein ume etortzen da orain Tintinera”.

Bakaikoaren arabera, uztailean batez ere bertakoak eta ingurukoak dira ikasleak, baina abuztuan pixka bat aldatzen da hori. “Abuztua pasatzera jende asko etortzen da, etxea dutelako edo alokatzen dutelako, eta orain ere etortzen dira ume madrildarrak. Garai batean uda Donostian pasatzen zuten haien bilobak dira batzuk, eta beraiekin hitz eginez konturatzen zara etxean entzunda badakitela nolakoa zen Tintin. Bestalde, Nafarroatik ere etortzen da jendea, uda hemen igarotzen dutenak gehienak; eta Gipuzkoa barnealdetik ere bai. Gehienak, halere, donostiarrak dira, eta gero inguruko herrietakoak: Lasarte, Usurbil…”.

1990eko hamarkada amaieran aldatu zen Tintinen kudeaketa, eta irakasle euskaldun talde batek hartu zuen eskolaren ardura. Horien artean zegoen Bakaikoa. Egun, lauko talde bat arduratzen da eskolaren martxaz: matrikulazioak, ordutegien kudeaketa, igerilekuak muntatzea… Eta, uztailean eta abuztuan, 18-20 irakasle aritzen dira umeekin.

Muntaketan buru-belarri dabiltza orain. Matrikulazio epea joan den asteburuan hasi zen, eta asteburu honetan amaituko da —tokiak badaude, gerora ere apunta daiteke—. Iazko udan, 500 bat ikasle izan zituzten. Kopuru handia dirudien arren askoz ume gehiago ere ibili izan direla dio Bakaikoak: “Garai batean, 700-800 izaten ziren, eta 1.000 umera ere heldu zirela esaten da. Baina umeei begirako eskaintza izugarri handitu da; lehen, hau besterik ez egoen, eta, orain, ludotekak-eta herri guztietan daude. Halere, eusten diogu ume kopuruari, eta hori gauzak ondo egitearen ondorioa da”.

Bi urtetik aurrera

Bi igerilekutan banatzen dituzte umeak, baina banaketa ez da adinaren araberakoa. “Igerileku txikian 2 urtetik aurrerako umeekin ibiltzen gara. Irakasle bat aritzen da bi umerekin, egunean hogei minutuz. Burua sartzen, eta uretan gozatzen erakusten diegu. Goxo hartuta eta behartu gabe, uretan beldurrik gabe ibiltzen ikasten dute”. Umeak ez dituzte igerileku handira pasatzen, bular estiloan hankak eta besoak ondo samar eramateko gai diren arte. Igerileku handian talde handiagoak dira, baina ez 8-10 lagun baino gehiagokoak. “Kiroldegietan baino ratio txikiagoekin lan egiten dugu, eta igeriketa mailaren arabera sailkatzen ditugu. Garestixeagoak dira eskolak, baina tratua eta jarraipena pertsonalizatuagoak dira; umeen erritmoa errespetatzen dugu”.

Igerileku handian, hasierako mailan, bular eta bizkar estiloak lantzen dituzte lehendabizi, eta crawl estiloan koordinazioarekin eta arnasketarekin hasten dira; eta hortik maila bat gora eginda, lau estiloak ikasi eta perfekzionatzen dituzte. Umeak dira Tintineko ikasle gehienak, baina helduak ere badaude. “Kluba bukatzen denean, bakarkako eskolak ematen dizkiegu helduei”.

Izan ere, Tintin igeriketa eskola bat da, baina kluba ere bai. “Gure helburu nagusia igerian erakustea da, baina ludoteka moduko bat ere bada. Umeentzat jolas eta jarduerak prestatzen dituen begirale bat daukagu, eta uretatik irtetean egun osoa pasa dezakete bertan jolasean. Gainera, goizean zein arratsaldean, igerilekuan ordubete bat libre uzten diegu, begiraleen begiradapean, nahi duten bezala jolas daitezen”. Egun osoko plana da askorentzat Tintinek eskaintzen duena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.