Geldiarazi eta galde dezaten

Geldiarazi eta galde dezaten

Maite Alustiza

Bi helmuga argi jarrita martxan dabil Satorralaia bizilagunen mugimendua Donostian: metroaren proiektua gelditzea eta herritarrei galdetzea. Informazioa ematen ez ezik, atxikimenduak bilatzen ere ari da. Aste honetan, hain justu, metroaren proiektua geldiarazteko eskatzen duen manifestu bat aurkeztu du. Biharko, berriz, manifestazioa antolatu du; 12:00etan aterako da, Easo plazatik.

Kulturako, kazetaritzako, unibertsitateko eta beste hainbat alorretako 70 lagunek izenpetu dute Satorralaiaren mugimendua. Eusko Jaurlaritzari egin diote eskaera: geldi dezala proiektua, eta ireki dadila prozesu bat herritarrek parte hartzeko aukera izan dezaten. “Ez dugu jasan nahi erremediorik ez duen egoerarik, beranduegi delako”. Sinatzaile guztien izenean, Fito Rodriguez EHUko irakasle eta idazleak egin du testuaren irakurketa. Idatzi horren bidez, askotariko lagunek bat egin dute herritarren kezkekin, metroa eraikitzeak hirian eragingo lituzketen “ondorio kaltegarriak” direla kontuan hartuta. Bestetik, proiektuak “milioi askoko kostua” izango duela ohartarazi dute, eta, gainera, zalantzan jarri dute baliagarria ote den.

Metroa eraikitzeko proiektua “modu ilunean eta arrapaladakoan” gauzatzen ari dela diote. “Ez dugu ulertzen zergatik ari diren presaka eta zergatik uko egiten dioten irtenbide merkeagoak eta osasunerako hobeak bilatzeari”. Ildo horretatik, 2013an Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak esandakoak gogoratu dituzte, metroaren egitasmoa “obra faraonikotzat” jo zuenean. “Hala esan zuen: ‘Gobernuak ezin du indarrez nahi duena inposatu. Udalarekin, diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseri beharko dugu, denon artean Donostiarako garraiobiderik egokiena zein den pentsatzeko'”.

Esandakoak, ordea, ez dira bete, eta salatu dute agintariek informazioa emateari uko egin diotela. Hori hala, manifestuaren sinatzaileek “prozesu publiko, garden eta oso bat” eskatu diote Jaurlaritzari. Zehazki, gobernuak Demokraziaren eta Partaidetzaren Liburu Zurian hitzez hitz jasota daukana ekarri dute gogora: “Herritarren partaidetza osagai nagusietako bat da gobernamendu berri honetarako”.

“Norabide katastrofikoa”

Detritus margolariak ere bat egin du manifestuarekin, eta, testutik aparte, bere aldarria egin du. “Munduak norabide katastrofiko bat darama, bai soziala, eta baita ingurumenari lotutakoa ere. Moduren batean zuzendu behar da”. Ez daki nola, baina aukera ikusten du “guztiz inutila dirudien zerbait” gelditzeko. “Norabidea aldatzea lortu behar da, edo behintzat frenatzea, masakre hau mantsotzea”.

Rosa Garcia Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformako kideak ere babestu du manifestua. Metroaren proiektuak ingurumenean izan dezakeen eraginaz gain, kezkatuta agertu da alor ekonomikoarekin. “Edozein obra faraonikok diru publikoa desbideratzea dakar. Kontu handia eduki behar da herritar guztion dirua dudako erabilgarritasuna daukaten obretara bideratzerakoan. Diru publikoa kaleratzeak saihesteko erabili behar da, pobrezia saihesteko eta herritar guztiei aukerak emateko”. Garciak gaineratu du “desberdintasunak eta pobrezia areagotzen” ari direla Donostiako herritarren artean.

Sinadurak galdeketarako

Satorralaiako kideek hiri osoan hedatu nahi dute informazioa, uste dutelako metroa ez dela beharrezkoa. Besteak beste, Metroari stop leloa daramaten banderolak prestatu berri dituzte balkoietan jartzeko, eta bukatzear dira herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketa. Horretarako, mahaiak jarri dituzte Donostiako auzoetan, eta mugimenduaren webgunean ere aukera dago sinatzeko. Bi dira horretarako baldintzak: 18 urte edo gehiago izatea eta Donostian erroldatuta egotea.

Nekane Maritxalar mugimenduko kideak azaldu duenez, oraindik ez dituzte denak zenbatu, baina “oraingoz 6.000 sinadura inguru” bildu dituzte. “Pasatu dugu herri kontsulta eskatzeko behar den gutxieneko kopurua, herritarrek eztabaidan parte hartzeko aukera izan dezaten”. Beharrezko kopurua ez da 4.000 sinadurara iristen; 3.400 bat behar dira. Ekainaren 30ean atxikimenduak aldundiaren egoitzara eramateko asmoa daukate; 01/2010 foru arauan oinarriturik egingo dute kontsultarako galdea.

Erakundeekin harremana

Abendutik buru-belarri ari da lanean Satorralaia, eta hasieratik “gardentasun falta” salatu dute. Oregi Ingurumen sailburuari biltzeko eskaera egina diote, baina uste dute “ezikusiarena” egiten dabilela: “Ez du erantzuteko asmorik azaldu”. Oregik ez bezala, eskaera egin eta hamabost egunera hartu zituen Eneko Goia Donostiako alkateak, joan den otsailean. Bilera horretan, alkateak konpromisoa hartu zuen euren eskaerak Jaurlaritzari bideratzeko. Dena den, Satorralaiako ordezkariek azaldu zuten alkateak argi utzi ziela udal gobernua metroaren alde dagoela.

Era berean, mugimenduak salatu du obrak adjudikatzeko prozesua aurrera doala, baina “irregulartasunez beteta”. Irregulartasun horien artean honako hauek aipatu dituzte: trenbideen arloko Lurralde Plan Sektorialean metroaren egitasmoa onartuta ez egotea, “zaharkituta” dagoen ingurumen eraginaren deklarazio bat baliatzea, eta alegazioei erantzun aurretik azterketa lanak adjudikatzea. Satorralaiak 400 alegazio baino gehiago aurkeztu zizkion metroaren proiektuari.

Leave a Reply

Your email address will not be published.