[Herriz herri] Beasain. Luzera begira, motzean lotzen

[Herriz herri] Beasain. Luzera begira, motzean lotzen

Loinaz Agirre

I ndustriari estuki lotutako herria da Beasain. Industriaren lehen agerpenak Igartzako burdinolakoak dira: XV. mendean, burdina lantzen hasi ziren. Gaur egun ere, industria sare indartsua dauka, mundu osorako trenak egiten dituen CAF enpresa buru dela.

Herrigunean zeuden enpresak industrialdeetara eraman, eta kale estu ilunak oinezko kale zabal argi bilakatu dira. Bilbok azkeneko hamarkadetan izan duen bilakaerarekin parekatzen dute askok eta askok Beasainen bilakaera. Biztanleriari dagokionez, azken zortzi urteetan mila biztanleko igoera izan du Beasainek; Goierriko herririk handiena eta nagusia da, 13.948 biztanlerekin.

Eskualde mailako zerbitzu asko herrian kokatzen joan dira pixkanaka. Lanbide eta Gizarte Segurantzaren bulegoak dira horren adibide. Osasun zentroak ere gero eta eskaintza zabalagoa eta osoagoa ematen dio Beasaini eta eskualdeari. Herri erdiguneko kale nagusiak oinezkoentzat egokitzeak bizitza eman dio Beasaini. Merkataritzak ere indarra hartu du azken urteetan.

Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak zehaztu duenez, azken urteetako Beasainen bilakaera horretan, “pertsonei begiratutako hirigintza” izan da oinarria. “Garapen urbanistikoa ia % 80an garatuta dago Beasainen, eta egiten ari den transformazioan, beti pertsonen ongizatea hartzen dugu oinarri”.

Beasain “garatzen jarraitzeko” aukera, N-1 errepide aldera, Renferen gunean ikusten du Aldasorok. “Zertarako? Batez ere, zerbitzuak hobetzeko: autobusen intermodal bat Beasaingo sarrera-irteerak egokitzeko, aparkalekuak egokitzeko…”. Aldasororen esanetan, Beasain “gauza askotan” hazi da, baina arlo horietan ez. “Jakina, horren guztiaren oreka bilatu beharko da. Oreka, garapen urbanistiko bati lotuta. Muskulu finantzarioa behar da hori dena egiteko”.

Adifekin gaia lantzen ari direla aurreratu du alkateak: “Luzerako proiektuak dira, baina luzerako proiektuek motzean eskatzen dute lanketa”.

Hainbat guneren berrerabiltzea eta berreskuratzea ere Beasainen erronketako bat da. Igartza Monumentu Multzoa berreskuratua dute jada. Erdi Aroaren lekuko diren jauregia, errota, burdinola, presa eta zubia eraberritzeko apustua egin zuen Beasainek.

Etorkizunari begira, Dolarea parkea eta Olaran enpresa dira berreskuratze lan horretarako bi proiektu nagusiak. Olaran fabrika 1939an eraikitakoa da, arkitektura industrialeko ezaugarriak ditu, arkitektura arrazionalista garaikoak. 2003. urteko urtarrilaren 22an, Eusko Jaurlaritzak kultura ondare izendatu zuen, monumentu sailkapenarekin.

Berrerabiltzearen filosofiari helduta, Olarani zein erabilera eman aztertzen ari dira orain. Ideiak hartzeko, adibidez, Bilboko Auzo Factory Irazabal-Matikon, hiriko ekonomia eta garapen soziala bultzatzeko gunea ezagutzen izan dira. “Olaranek, arlo ezberdinetan ekintzailetasunari begiratuta, gazteen potentzialitatea garatuko duen gunea izan behar du nire ustez. Aurrera begirako enpresak ez dira CAF bezalako enpresak izango. Enpresa digitalak izango dira batez ere, mahai baten bueltan lan egiten dutenak. Ea asmatzen dugun Olaranen aisiari, formakuntzari eta lan munduari begirako gune bat sortzen”.

Ongizatearen alorrean, “gero eta indar gehiago hartuko duen belaunaldi desberdinen arteko elkarbizitza” da Beasaingo Udalaren erronka. Beasain Lagunkoia programa garatzen ari dira horretarako: “Geroz eta jende helduagoa dago, eta gazteengandik jan beharko dute nahitaez. Behar horiei begiratuta eraiki beharko da herria”. Era berean, gizartean sortzen ari diren behar berriei erantzun nahi diete: “Gizartea heltzen ari da, eta gizarte heldu horren ongizatea zaindu edo egokitu beharra dago. Pentsa Beasaingo goiko guneetan zenbat pertsona heldu dagoen, etxetik atera ezin duena, igogailurik ez dagoelako… guri dagokigu hori dena erraztea”. Bestetik, Cita Alzheimer programa lantzen hastekotan dira, alzheimer gaixotasunaren prebentzioaren arloan lan egiteko.

Kultura eta euskara

Kultura aldetik herri bizia da Beasain. Gernika pasealekuko pilotalekua eta parkea estaltzeak, Loinazko San Martin plaza azpia egokitzeak eta Igartza Monumentu Multzoa eraberritzeak lagundu du horretan.

Idazle berrientzat erreferentzia da Beasain, Igartza literatur bekari esker. Orain, Musikeneko ikasleentzat ere erreferentzia bilakatu nahi dute, Igartza musika beka sortu berria baitute Musikenerekin elkarlanean. Igartza Musika programaren barruan sartzen da musika beka. “Herriari bizitza emateko helburuarekin” Igartza Musika zikloa sortu dute, eta Igartza musika bekarekin, nazioarte mailako musikari gazteei ere lekua egingo diete Igartzan. Horrekin guztiarekin, “alaitasun bat eta zentzu bat emango diogu Igartza inguru hori”, zehaztu du Aldasorok. Dantzak ere pisu handia du Beasainen, eta Dantzan.com elkartearekin sinatu berria dute hitzarmen bat, “Beasainen euskal dantza tradizionala egonkortzeko”.

Beasainen garapena ezin da ulertu euskararen garapenik gabe. Euskararen erabilera areagotzeko erronkari begira, batez ere haurretan eta aisian jarri nahi du indargunea udalak: “Eragite esparrua kalea edo aisia da. Diagnostikoa eta lanketak egiteko, proiektu bat garatzeko eskola kirola, futbol eskola, saskibaloi taldea eta igeriketa taldea hartu ditugu”. Era berean, ludotekak hizkuntza errefortzurako erabiliko dituzte aurrerantzean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.