Euskal literatur zaleen bilgune

Euskal literatur zaleen bilgune

Maialen Igartua

Futbolak, auto lasterketek, txirrindularitzak, musika taldeek… zale ugari mugitzen dituzte. Ez da literaturaren kasua. Gutxi dira literatur zaleak, eta eremua are gehiago murrizten da euskarazko literaturari buruz aritzean. Hain zuzen ere, literatur zaleen bilgune izateko helburuarekin jaio zen Zumarragako Ilunabar Literarioa, 2007. urtean. Aurten, hamargarren aldia egingo dute, ekainaren 30ean, Antioko baselizaren aurrean.

Gorka Azkarate herritarrak bultzatu zuen Ilunabar Literarioaren sorrera. Garai hartan, Bergarako Idazle Eskolan ikasten ari zen. Bergarako Idazle Eskolako ikasleek Luma berrien eleak aldizkaria argitaratzen dute urtero, haien lanekin. “Urte hartako aldizkaria aurkezteko aitzakiarekin, bururatu zitzaidan ideia ona izan zitekeela inguruko idazleak eta literatur zaleak elkartzea”. Egun, Urretxu-Zumarragako literatur zaleek eta Bergarako Idazle Eskolak antolatzen dute ekitaldia, elkarlanean.

Urretxu-Zumarragako, eskualdeko zein Euskal Herriko beste hainbat txokotako idazleak eta literatur zaleak biltzen dira Ilunabar Literarioan, eta testuen irakurketa egiten dute. Bergarako eskolako kideek ere parte hartzen dute. Guztira, hamar bat lagunek. Batzuek haien lanen zatiak irakurtzen dituzte. Beste batzuek, berriz, libururen batetik gustatu zaien pasarteren bat. Dena den, norberaren sorkuntza aurkezteari lehentasuna ematen zaiola azaldu du Azkaratek. Norberaren sorkuntza indartzeko ahalegin horretan, urtero inguruko idazleren bat gonbidatzen saiatzen dira, argitaratu berri duen lanen bat aurkez dezan.

Azkarateren esanetan, lau helburu argi ditu Ilunabar Literarioak: Urretxu-Zumarragan literatur zaletasuna sustatzea, zaleen bilgune izatea, Bergarako Idazle Eskolako ikasleei lanak jendaurrean aurkezteko aukera bat eskaintzea, eta Zumarragako jaietan literaturak lekutxo bat, behintzat, izatea. Izan ere, Zumarragako Santa Isabel jaietan antolatzen dute.

“Oso ekitaldi xumea”

Ilunabar literarioa ez da ekitaldi masibo bat izaten. “Literaturarekin lotutako ekitaldiak inoiz ez dira masiboak izaten”, adierazi du Azkaratek. “Punta-puntako idazleek ere ez dute jende askorik erakartzen; beraz, pentsa”. Dena den, Zumarragako saioaren helburua ez da jendetza biltzea. “Oso ekitaldi xumea da, baina parte hartzen dugunok beteta uzten gaitu”.

Ekitaldiari ikusgarritasun apur bat gehiago emateko, iaz lekua aldatu zuten. Lehen, kultur etxean egiten zituzten irakurraldiak, areto itxi batean. Iaz, berriz, Antioko baselizaren kanpoaldean egiten hasi ziren. Herriko txokorik berezienetakoa aprobetxatzen dute, hala, literatura kanpora atera eta jendearen begi bistan jartzeko. Eguraldia lagun badute, Antion egingo dute aurten ere.

Iluntzeko zazpietan hasiko dira. Irakurketez gain, Karmele Igartua bekaren aurkezpena egingo dute. Aurten, Bergarako Idazle Eskolak Aretxabaletako Udalarekin batera emango du beka, eta irekia izango da: ez da ikasleentzat soilik izango. Horrez gain, film labur baten aurkezpena egingo dute, eta musika ere izango da, hamargarren urteurrena ospatzeko.

Azkarateren ustez, literatura ez dago modan, eta jendeak nahiago du kultura azkarra kontsumitu. “Gizarte honetan ez daukagu patxada handirik, eta irakurtzeko beharrezkoa da patxada”. Dena den, irakurzaleak badaude oraindik, eta Zumarragan aukera ederra izango dute literaturaz jantzitako ilunabarrean murgiltzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.