[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

[Herriz herri] Beizama. Biztanleria kezka, haztea xede

Julene Frantzesena

Gipuzkoako herririk garaiena da Beizama; 485 metrora dago kaskoa. Udalerriari Erdi Arotik datorkio Unibertsitate titulua, garai hartan herriak Saiaz Handiko udalerrien interesak defendatzeko ardura zuelako. Beasainekin, Albizturrekin, Bidaniarekin, Errezilekin eta Azpeitiarekin egiten du muga, eta Urola Kostako herri txikiena da biztanleei dagokienez; izan ere, 164 lagun bizi dira gaur egun Beizaman.

Datu horrek kezkatzen du, besteak beste, Nekane Otaño alkatea (Beizama, 1966). “Aurreko agintaldian etxe batzuk egin zituzten, eta 25 bat lagun-edo etorri ziren bizitzera. Baina beheraka doa biztanle kopurua. Adinekoak hil ahala, baserriak ere husten ari dira. Gazteak hemen geldi daitezen etxeak egin behar dira. Baserrietatik ere alde egin dute gazteek, eta zaila da horiek berriz itzultzea. Erronka ederra daukagu, eta ez dakit jendea erakartzea lortuko dugun. Dena den, bada mendi ingurua-eta gustatzen zaion jendea, eta gure helburua hori da, jende hori erakartzea, herriari bizia emateko”.

Horri lotuta, etxe berriak egin nahi dituztela dio: “Diru gutxi dugu, eta ateak jotzen ari gara dirua lortzeko. Izan ere, gazteak erakartzeko bidea izan daiteke etxeak eraikitzea”.

Aizarnazabal (%12,2) eta Azkoitiaren (%11,5) ostean, Urola Kostan langabezia tasa altuena duen herria da Beizama: aurtengo maiatzean hamar herritar zeuden lanik gabe (%11,4); 2015eko maiatzean, berriz, bost. Otañok dioenez, langabezia tasa igo egin da, baina, Beizama hain herri txikia izanik, “herritar bat langabezian gelditzean asko igotzen da ehunekoa”. Gainera, “industriarik ez dagoenez, beizamar gehienek herritik kanpo lan egiten dute”.

Beizamako Udalak joan den martxoan onartu zuen behin-behinean Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, hau da, herria nola antolatuko den jasotzen duen txostena. Alegazioak sartu dizkiote txostenari, eta, orain, arkitektoa ari da hura osatzen. Bukatzean onartuko dute plana, udalbatzarrean. Otañok adierazi duenez, “garrantzitsua” da plan orokorra, han jasotzen delako “herriaren diseinua nolakoa izango den, etxeak eta lantegiak non eta nola eraiki ahalko dituzten edo aisialdiko ekintzak non egin ahal izango diren”.

Alkateak dioenez, aurreko plana “zaharkituta” gelditu da, eta orain arte “egin ezin ziren hainbat lan” gauzatzea ahalbidetuko du berriak: “Plana esku artean ditugun egitasmoetara egokituko dugu, eta behar berriei erantzuteko aukera emango digu. Adibidez, etxebizitzak egiteko aukera gehiago izango dugu, edo lehendik eta zahartuta dauden baserrietan aldaketak egin ahal izango ditugu”.

“Asmatu” dute parkearekin

Aisialdiari lotuta eman ditu pausoak udalak. Joan den agintaldian hasitako proiektua, umeentzako parke estalia, urtarrilean inauguratu zuten. Herriko plazako Ostatu Zaharraren beheko solairuan dago jolastokia, eta, alkatearen ustez, “asmatu” dute parkearekin: “Bertako nahiz kanpoko bisitarientzat toki egokia da. Jendea ibiltzen da bertan, batez ere, asteburuetan. Ondo funtzionatzen du”.

Bestalde, familientzako eta, oro har, bisitarientzako ibilbide bat ere sortu dute. Beizamako ahotsa jarri diote izena; izan ere, antzinako Beizamako historia jaso dute ibilbidearekin. “Ordu eta erdi inguruko ibilbidean, Beizama inguruak ezagut daitezke. Panel interpretatiboak jarri ditugu, eta, horien bidez, beizamarren bizimoduaren eta bertako ondarearen eta paisaiaren berri izan dezakete bisitariek. Gainera, baserritarren lanak duen balioaz jabetuko dira ibilbidea egiten dutenak”.

Beizamako alkateak dioenez, “aterpetxera zetozen bisitariek inguruak ezagutu gabe alde egin ez zezaten” jarri zuten martxan ibilbidea: “Beizama inguruko jendearentzat ere ibilbide interesgarria da. Dena den, neguan jarri genuen martxan proiektua, eta udan ikusiko dugu jendea animatzen den ibilbidea egitera”.

Araztegia, azken txanpan

Ur-saneamendu arazoei irtenbidea emateko asmoz, joan den otsailean hasi zituzten Beizamako ur zikinak tratatzeko araztegia eraikitzeko lanak. Gipuzkoako Foru Aldundia ari da proiektua egiten, eta aldundia bera nahiz Gipuzkoako Ur Kontsortzioa arduratu dira lanen finantzaketaz. Lanak hastean araztegia maiatzean martxan izatea aurreikusten bazuten ere, orain geldirik dira obrak. Mikel Zubizarreta Gipuzkoako Urak-eko ordezkariak dioenez, araztegiaren “elementu garrantzitsuenaren zain” daude lanekin jarraitzeko: “Arazte sistema erostean, hobetze aldera, aldaketa batzuk egin ziren, eta tresneria iritsi zain gaude. Merkatuan ez dira halako tresna asko egoten, eta normala da iritsi zain egotea”. Dena den, piezak aurki jasoko dituztela eta jaso ahala muntatzen hasiko direla esan du Zubizarretak.

Pixkanaka proiektuak gauzatzen ari da udala, baina, Otañok dioenez, “diru laguntzen arabera” ibiltzen dira beti. “Gure herrian ezin ditugu proiektu asko eta egundokoak egin, oso diru gutxi baitugu. Proiektuak abiatzen ditugu diru laguntzak lortutakoan, eta, hala ere, udalak askotan diruaren zati bat jarri behar izaten du. Herri handiek ere diru arazoak izaten dituzte, ba pentsa txikiek… Dena den, nahi adina ez izan arren, laguntza handiak ematen dizkigute, eta gaitz erdi”.

Sanpedroak, ate-joka

Udan sartu berritan, San Pedro jaiak iristear dira Beizamara. San Pedro egunez hasiko dira jaiak, ekainaren 29an, eta asteburuan jarraituko dute. Beraz, izango da zer gozatu Beizaman, uztailaren 3a bitartean. Egun horietan lehiaketak eta txapelketak, otorduak, musika emanaldiak, jolasak eta abar izango dira herrian.

Festen azken egunerako, iganderako, “bertakoentzat eta kanpokoentzat” azoka berezia prestatu dute. “Iaz antolatu genuen azoka aurrenekoz, eta uste genuen baino jende gehiago bertaratu zen. Hori dela eta, aurten ere saiakera berezia egin dugu azoka prestatzeko. Pintxoak eta txotxa ere izango dira, eta trikitilariek alaituko dute giroa”, dio alkateak. Azokan, besteak beste, jakiak, bitxiak nahiz eskulanak jarriko dituzte salgai. Igande gauean bukatuko dira sanpedroak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.