Pixkanaka ari da bustitzen

Pixkanaka ari da bustitzen

Eider Goenaga Lizaso

Donostia 2016. urtean Europako kultur hiriburu izango zela iragarri zenetik, 2011ko ekainetik, bide luzea egin da. Gorabeherak gorabehera, Donostia 2016 fundazioak ia bost urte pasatu zituen prestakuntzetan, eta tarteka herritarrei begirako mokadutxo txikiak ere aurkeztu zituen, aurtengoak ekarriko zuenaren aurrerapen gisa. Baina iritsi zen 2016a, eta dagoeneko pasatu da urte erdia. Eta sei hilabetek ematen dute balantzea egiteko modua. “Balantzea? Oso ona, oso ona”, dio Fernando Alvarez Donostia 2016ko komunikazio arduradunak, Hitza-ren galderei erantzunez.

“Baina, balorazio horrek behar du esplikazio bat”, gehitu du. “Honen jarraipen txiki bat egin duen edonork badaki hau oso konplexua izan dela, historia bat ere badaukala atzetik, eta ez dela erraza izan. Arazo batzuk ere izan genituen, baina gutxinaka-gutxinaka, hilabetez hilabete, astez aste eta ekitaldiz ekitaldi, jende askorengana eta komunitate askotara iritsi da gure edukia: artea dela, antzerkia dela, kirola dela, hizkuntza…”. Eskaintza zabala bezain aniztuna dela dio, eta jendeak hori ulertu duelakoan dago. “Hori da nik jasotzen dudana; bai lagunen aldetik, bai kaleko jendearen aldetik, bai autobusean entzuten dudanagatik. Pixkanaka-pixkanaka gure euri mehe honekin bustitzen ari da jendea, eta herritarrak gero eta ideia argiagoa dauka gure proiektuari buruz”.

Ahots kritikoak izatea normaltzat eta osasuntsutzat jotzen du Alvarezek. “Nik uste dut herritarrek proiektu honen euskarri eta partaide gisa ikusten dutela euren burua, eta guztiek sentitzen dute badutela zerbait esateko. Eta arrazoi dute, hori gure filosofian sartzen baita”. Hala, herritar, eragile zein sortzaileen iritzi, ideia, nahi eta helburuak entzun eta programan txertatzeko ahalegina hasieratik egin dutela nabarmendu du. “Egunero egiten dugu ahalegin hori, baina ez dugu beti lortzen. Beraz, kritikak ondo ikusten ditut, horrek erakusten baitu jendea arduratuta dagoela bere hiriarekin, egiten ari garenarekin eta hiriak ematen duen irudiarekin. Hala ere, nire sentsazioa da ari garela jendearengana iristen, herritarrak ari direla gure egitasmoa ulertzen”.

Hasiera gazia

Inaugurazioak utzitako aho zapore gazi-gozoaz, berriz, honela erantzun du Donostia 2016ko komunikazio arduradunak: “Gozoa baino gehiago gazia izan zela esango nuke. Egun horretarako uste dut 70 bat ekintza programatu zirela, eta denak bikain joan ziren, bikain. Baina justu ekitaldi nagusia ez zen nahi bezain ondo joan. Eta normala da ez zaizula gustatu esatea, baita akatsak izan zirela nabarmentzea ere; baina hain sutsua izan zen erreakzioa…”. Jendeak kultur hiriburutzaz zuen jakin-mina handia zela eta erantzuna ulergarria dela dio, halere. “Bazen halako ezinegon bat, eta histeria moduko bat eragin zuen”. Orduan jasotako kritikak eta jendearen erantzunak lanean jarraitu eta hobetzeko bultzada eman diela gehitu du Alvarezek. “Jendeak horrelako jarraipena egiten duela ikusteak erantzukizun handi bat jartzen dizu bizkar gainean, egiten duzun guztiaren gaineko ardura handia; baina ez ekitaldi handietan bakarrik, jarduera guzti-guztietan baizik”.

Izan ere, Donostia 2016k hainbat jarduera handi programatu baditu ere —Uda gau bateko ametsa eta Bake ituna erakusketa, kasurako—, programazioan jarduera txikiak gailentzen dira. “Hori betidanik egon da idatzita, eta agian jende batek esperoko zituen ekitaldi handiak, eta horiek aurkitzen ez dituenean kexatzen da, baina guk hasieratik esan genuen gure filosofia beste bat zela”.

Jendearen parte hartzearekin pozik agertu da Alvarez, gustu guztietarako programa atondu dutela uste baitu. “Baina gure programan badaude beste proiektu handi batzuk, ez dutenak helburu gisa jarraipen handia izatea. Handiak dira garrantzitsuak iruditzen zaizkigulako, ez jende asko erakarriko dutelako”. Hitzargiak, elkar argitzen duten hizkuntzak programa jarri du adibide. “Aste honetan ari dira egiten, Orona fundazioan. Europako beste hizkuntza gutxituak eutsi eta indartzeko jarraitu duten bidea eta praktika onak dira aztergai. Elkarrekin partekatuko ditugu esperientziak, besteenak eta gureak. Guretzat egitasmo hori pisu handikoa da, baina ez da guztiontzako moduko jarduera bat”. Beste adibide bat Adiorik gabe programa dela azpimarratu du Alvarezek. “Elkarbizitza da hiriburutza honen balio nagusia, eta ildo horretan indarkeriaren biktimak gogoan izango ditugu. Hiru ekitaldi izango dira, eta lehena uztailaren 2an egingo da, Antzoki Zaharrean”.

Hala ere, uda bi apustu garrantzitsurekin abiatu du Donostia 2016k: hilabeteko emanaldi guztietarako sarrerak agortu dituen Uda gau bateko ametsa antzezlana eta urria bitartean irekita egongo den Bake ituna erakusketa. “Horiek dira gure udako apustuak, baina jarduera txiki pila bat ere izango dira. Eta baita Donostiako ohiko eskaintzekin egingo ditugun Elkarrizketak ere; Jazzaldian, Musika Hamabostaldian zein Zinemaldian. Joango gara berri ematen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.