Errepideen mantentze zerbitzuko “iruzurra” salatu dute langileek

120 egun bete dituzte greban Gipuzkoako errepideak mantentzeaz arduratzen diren langileek. Zerbitzua “erabat prekarioa” dela diote, eta “duina izan arte” lanuzteekin jarraituko dutela. Lan baldintzak arautzeko hitzarmen duin bat eskatzen dabiltza. Azaldu dutenez, zuzenean Gipuzkoako Aldundiak edo Bidegik kontratatzen dituzten langileen soldatak %36 handiagoak dira, beraien lan bera egin arren.

Greban dauden langileek elkarretaratzea egin zuten asteazkenean, Donostian, diputazioaren aurrean. “Gurea zerbitzu publiko bat da, enpresa pribatuekin azpikontratatzen dena. Aldundiak du zerbitzuaren eta hura esleitzearen ardura. Azken urteetan aldundiaren erabakiz gero eta gutxiago ari da ordaintzen lan bera egitearen truke”. Era berean, auzian aldundia izaten ari den “gardentasunik eza” kritikatu zuten.

ELA sindikatuko ordezkariek esan dutenez, “iruzurra orokorra da zerbitzuan”. Bereziki bi arlo aipatu dituzte. Batetik, salatu dute lan baldintzei buruz agirietan azaltzen diren hainbat puntu ez direla betetzen —neguko planari dagozkionak, adibidez—. Aldundiari eta Lan Ikuskaritzari jakinarazia diote, baina ikusita bi erakundeek ez dutela “horri eusteko borondaterik”, auzibide penalera jo dute, “aldundiaren balizko prebarikazioa dela eta”. Bestetik, faktura faltsuak egin izana salatu dute. “Ikusi dugu zerbitzuan sortzen diren faktura batzuk puztuta daudela, iruzur eginez, eta horiek gidariek edo horien aseguru etxeek ordaintzen dituztela azkenean”.

Elkarrizketarako eta negoziatzeko prest daudela berretsi dute langileek, eta diputazioari berriro egin diote deia: “Borondate politikoa besterik ez da behar”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.